HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2016 // 03 // 21 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek ohartarazi dutenez, erorikoen %75 etxean gertatzen da

65 urtetik gorako pertsonen ospitaleratzeen % 90, erorikoetan izandako hausturek eragindakoak dira

Haurtzaroan hartutako ohitura okerrak dira helduaroan garatutako patologia askoren jatorria

Euskal fisioterapeutek ohartarazi dutenez, eroriko guztien % 75 ere etxean gertatu ohi da, bereziki komunean, sukaldean eta logelan. Era berean, 65 urtetik gorako pertsonen patologia-eragile nagusiak erorikoak direla jakinarazi dute, eta adin horretako ospitaleratzeen % 90, eroriko baten ondorioz gertatutako femur-lepoaren hausturak eragindakoak direla. Gainera, erorikoek ondoko kalteak eragin ohi dituzte adinekoen % 70engan.

Hori dela eta, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako elkargoekin batera, erorikoen prebentzioari eskaini diote “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainiaren martxoko bideo-gomendioa.

Honela, euskal fisioterapeutek neurri prebentiboak hartzea gomendatu dute erorikoak saihesteko; adibidez, jarrera berrezitzeko ariketa eta entrenamendu programa gidatuak egitea, martxa geldoan zein azkarrean, ariketa eszentrikoa landuz, oreka entrenatuz, etab. Horrekin batera, muturreko gorputz-jarrerak egitera behartzen duten ariketak baztertzea gomendatu dute.

Osteoporosiaren prebentzioaren garrantzia ere nabarmendu dute, hezurretako haustura asko hezun-ehunaren ahultasunak eragindakoak baitira. Halaber, funtsezkotzat jo dute etxean, kalean zein adinekoen zentroetan ingurumeneko segurtasun-naurriak hartzea, erorikoak izateko arriskua ahalik eta gehien murrizteko asmoz.

Bestalde, euskal fisioterapeutek aldaka-babesleak erabiltzea gomendatu diete kalte-arriskurik handiena duten adinekoei, baita gorputz-jarreraren nahasmendua edo desegonkotasuna eragin dezaketen sendagaien egokitasuna berraztertzea ere.

Gorputz-jarrera zaindu, baina ez bakarrik hirugarren adinean

Madrilgo Autonomia Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak egindako eskola-ikasleei buruzko ikerketa baten arabera, neska-mutilen % 50 baino gehiago erdi-etzanda eseri ohi dira etxean, gosaltzerakoan zein afaltzerakoan, eta % 50ek baino gehiagok bizkarra tolestu ohi du zorura eroritako objaktuak batzerakoan, belaunak tolestu beharrean.

Euskal fisioterapeuten esanetan, datu hauek ezin hobeto islatzen dute haurtzaroan hartutako ohitura txar horiek direla helduaroan garatutako patologia muskulo-eskeletiko askoren jatorria, urtetan behin eta berriz errepikatutako ohitura okerren ondorioz. Horren haritik, profesionalek argi utzi nahi izan dute, ohetik edo aulkitik jaikitzea eta zapatak janztea bezalako ohiko ekintzak osasun-arazo askoren eragileak izan daitezkeela kasu askotan, era desegokian eginez gero.

Adibidez, egun-egunero egiten dugun ekintza bat, ohetik jaikitzea alegia, era desegokian egin ohi dugu, euskal fisioterapeutek adierazi dutenez. Hauxe da jaikitzeko modurik egokiena: lehendabizi albo batera etzan behar da, oinak zorura eraman eta pixkanaka-pixkanaka altxatuz joateko.

Era berean, aulkietatik zein besaulkietatik jaikitzerakoan, ipurmasailak aulkiaren ertzean jarri behar dira, eta hankei eragin, palankak balira bezalaxe, gorputzak erraz-erraz jarrai diezaien. Azkenik, pisuak altxatzeko, bizkarraren ordez belaunak tolestu behar direla gogoratu dute.

June Ruíz Orcajo EFEOko presidenteordearen hitzetan, “azala eta ilea zaintzea bezain garrantzitsua da gorputz-jarrera egokiak mantentzea, izan ere, jarrera horiek behar bezala kontrolatuz gero, eragin onuragarria baitute artikulazioetan, erorikoak saihestuz eta lana arinduz belaunei, sorbaldari eta bizkarrari”.

Berrietara itzultzea