MENU
HASIERA > HERRITARAK > ZER DA FISIOTERAPIA
Fisioterapia farmakologiaz kanpoko alternatiba terapeutikoa eskaintzen duen osasun-diziplina da, kasu askotan gaitz akutu eta kroniko askoren sintomak arintzen laguntzen duena.
Fisioterapia eta Fisioterapeutak masajearekin lotzen da sarri, baina Fisioterapiaren eskaintza terapeutikoa askoz ere zabalagoa da.
Fisioterapeuta unibertsitate mailako prestakuntza duen osasun arloko profesionala da. Bere gaitasunak Osasun Lanbideak Antolatzeko Legean zehaztuta daude. Dagokion titulazioa Fisioterapiako Diplomaduna deritzona da (3 urte). Europar esparrura egokitzeko araudi berriaren arabera, aurrerantzean, Fisioterapiako Gradu Titulua izango da (4 urte).
Unibertsitate mailako profesionala den aldetik, Fisioterapeutaren prestakuntza Titulu Ofizial batek bermatzen du, honi dagozkion edukien bermeak eta derrigorrezko praktika-orduak barne (gaur egun, 2.300 prestakuntza-ordu inguru, eta Fisioterapiako Gradu Titulu berriarekin, 4.000 prestakuntza-ordu baino gehiago).
Unibertsitateko ikasketen ondoren, fisioterapeutaren prestakuntza teknika eta metodo berritzaileenei buruzko etengabeko prestakuntzaz osatzen da, komunitate zientifikoko kide izateak dakarren bermearen babespean.
Fisioterapeutak era askotako soluzioak eskain ditzake zure osasun-arazoei aurre egiteko, une oro segurtasuna, fidagarritasuna eta eraginkortasuna bermatuz.
Osasun eragile gisa, Fisioterapiak edo, zehazkiago esanda, fisioterapeutek arazo muskuloeskeletikoen eta gorputz-jarrerarekin lotutako arazoak prebenitzen, sendatzen eta arintzen dihardute.
Fisioterapeutaren lana lau arlo handitan garatzen da:
Asistentziala: pazienteen osasuna sustatzea, prebenitzea, sendatzea eta arintzea dira fisioterapeutaren lanaren ardatzak, etengabeko prestakuntzan hartutako ezagutza guztiak aplikatuz.
Irakaskuntza: unibertsitate eskola publiko eta pribatuetan Fisioterapiaren ezagutza bultzatzea da fisioterapeutaren lana, fisioterapeuten etengabeko prestakuntzaren arloan deitutako prestakuntza-jarduerak barne hartuta.
Ikerkuntza: fisioterapeutaren lanaren helburua, fisioterapiaren jardunbideei buruzko ebidentzia zientifikoak aurkitzea da, pazienteari komunitate zientifikoak balioztatutako ikerketen bidez frogatuta geratu diren arrakasta-berme handieneko aukerak eskainiz.
Kudeaketa eta zuzendaritza: osasun-zentroetako, ikastetxeetako edota elkargo profesionaletako zuzendaritza-lana eginez.
Osasunari buruzko oraingo kontzeptutik abiatuta, fisioterapeutek hiru esparrutan dihardute: lehen mailako esparruan (prebentzioan, heziketan eta habilitazioan), bigarren mailako esparruan (prozesuen sendaketan) eta hirugarren mailako esparruan (suspertze funtzionalerako tratamenduan, abian diren edo kronikoak bihurtu diren patologia eta prozesuei dagokienez). Ondorioz, fisioterapeuten lana lan-esparru askotara zabalduta dago:
Integrazioko ikastetxeak (hainbat desgaitasun dituzten umeak gaituz, hezkuntzaz baliatzeko aukera izan dezaten. Kurrikulu akademikoa umearen benetako beharrizan eta gaitasunetara egokituz). Ikastetxe bereziak (maila jakin bateko haur eta gazteei zuzendutako erakunde espezifikoak).
Gimnasioak, kirol zentroak eta klubak (errendimendua hobetzen du, kirol-keinuaren zuzenketaz eta lesioen berehalako sendaketaz).
Osasun zentroak (Osasunaren aldeko heziketa-lanak, zainketa pertsonalaren sustapena, erditzerako prestaketa, garrantzi txikiagoko prozesuen eta prozesu kronikoen tratamendua eta jarraipena).
Ospitale orokorrak (Logopedia, Terapia Okupazionala, Ortopedia, Psikologia eta abar biltzen dituzten Errehabilitazio zerbitzuen barruko Fisioterapia unitateak).
Ospitale eta zerbitzu espezializatuak (paraplegiak, erredurak, sindrome neurologiko larriak, trasplanteak, arnas-aparatuko eta bihotzeko arazoak,...).
Ospitale psikiatrikoak.
Hirugarren Adineko Egoitzak (adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko lan prebentibo-terapeutikoak).
Kabinete pribatuak (ohiko ikuspuntua eta animalientzako Fisioterapia bezalako alderdi berritzaileak, berreziketa uroginekologikoa,...).
Lan-mutualitateak eta aseguru-etxe pribatuak.
Elkarteak eta autolaguntza-taldeak.
Eguneko Zentroak (ohiko ingurunetik atera gabe, adineko pertsonaren egoera bio-psiko-fisikoa hobetzea xede duten etxetik kanpoko gizarte-zerbitzuetako ekipamenduak...).
Irakaskuntza zentroak (Osasun arloko lanbide heziketa, Fisioterapiako Unibertsitate Eskolak,...).
Bainuetxeak eta SPAk.
Enpresak (fisioterapeutak ergonomiari buruzko aholkularitza eskaintzen du lan giroko lesioen arriskua ahalik eta gehien murrizteko asmoz).
Animalientzako fisioterapia zentroak (hipodromoak, zoologikoak, albaitaritza zentroak...).
Kudeaketako eta administrazioko postuak.