HASIERA > ELKARGOA > KODE DEONTOLOGIKOA

ELKARGOA

KODE DEONTOLOGIKOA

KODE DEONTOLOGIKOA ARTIKULATZEN

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoak zure esku jartzen du Elkargoari buruzko erakunde-informazio guztia.

Kode Deontologikoa

LEHEN TITULUA: OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

1. artikulua.- Honako hauek dira fisioterapeutak izan behar duen jokabidearen arau etikoen oinarrizko printzipioak:

1.1.- DUINTASUNA:

Fisioterapeutak ohore eta duintasunez jardun behar du bere lanbidean, eta ez du egin behar Legearen, arauen eta moralaren aurkakoa den inolako ekintzarik.

1.2.- ZINTZOTASUNA:

Fisioterapeutak arretaz eta zintzo jokatu behar du bere zerbitzuak behar dituztenekin, fakultatiboekin eta lanbideko lankideekin, bere eginkizunak gauzatzerakoan. Ez dira onartuko iruzurkerian oinarrituriko praktikak, oinarri zientifikorik ez daukatenak, pazienteei edo berauen familiartekoei ezinezko sendaketak agintzen dizkietenak, prozedura liluratzaileak edo behar bezainbat frogatu gabeak, simulatuen aplikazioa, ez eta Fisioterapian jardutea gutun, telefono, irrati edo prentsaren bidez bakarrik egindako kontsultan oinarritua ere.

Gaixorik dagoela dakien fisioterapeuta, jakitun badago gaixotasunen bat kutsa dezakeela, edo eragozpenak baditu bere lanbidean erabateko eraginkortasunez jarduteko, beste lankide bati edo batzuei kontsultatzera beharturik dago bere gaitasun profesionala balora dezaten eta ematen dizkioten jarraibideak bete ditzan.

1.3.- ZUZENTASUNA:

Fisioterapeutak egiazkotasunez eta leialtasunez jokatu behar du bere jardueran, bere jakintzaren arabera, eta ez du onartuko inolako egite edo egiteke uzterik bere azken helburuaren aurkakoa bada, alegia sanitatearen, osasuna areagotzearen, pertsonen bizi kalitatea hobetzearen aurkakoa bada. Fisioterapeutaren lehenbiziko leialtasuna bere pazienteari eta haren osasunari zor diena da eta hori jarri behar du gainerako egokiera guztien aurretik. Fisioterapeutak ez du egingo bere kabuz edota ez du parte hartuko pertsonen askatasunaren eta osotasun fisiko eta psikikoaren aurka jotzeko helburua duen ezein praktikatan.

Fisioterapeuta bat jakitun badago beste fisioterapeuta bat, bere osasun egoeragatik, ohiturengatik edo kutsatzeko arriskuagatik, erabiltzaileentzat kaltegarria izan daitekeela, lankideari horren berri jakinaraztera beharturik dago, nahitaezko zuhurtasunarekin, eta jardun egokiena aholka diezaiokeen profesionalari bere arazoa kontsultatzea gomendatuko dio, betiere Elkargoari egoeraren berri emanez. Erabiltzailearen onurak du betiere lehentasuna.

1.4.- SEKRETU PROFESIONALA:

Konfiantza eta isilekotasuna ezinbestekoak dira fisioterapeutaren eta beronek tratatzen dituen pertsonen artean, eta ardurarik handienaz gorde behar ditu bere eginkizunak direla medio jakiten dituen gauza guztiak. Aipatu betekizunak honako salbuespen hauek dauzka:

a) Pazientea ongi sendatzearren beharrezko gertatzen denean mediku espezialistekin edo beste lankide batzuekin hitz egitea edo kontsultatzea.

b) Beste paziente batzuen sendaketaren mesederako denean, sendaketa-prozesu berdin edo antzekoan daudelako.

c) Datu estatistikoak osatzeko; dena dela, kasu hauetan ez da argitaratuko pazienteen nortasuna.

d) Agintariek hala exijitzen dutenean Legeak agintzen duen kasuetan.

e) Irakaskuntza helburuetarako denean; dena dela, kasu hauetan ez da pazienteen nortasunaren berri emango.

1.5.- HAUTAKETA ASKATASUNA:

Pazienteak askatasunez aukeratzen du bere Fisioterapeuta, eta Fisioterapeuta guztiek eman behar dituzte eskubide hori gauzatzeko erraztasunak.

1.6.- INDEPENDENTZIA:

Fisioterapeutak, kode honek markatzen dituen eskubide eta betebeharren esparruan, bere lanbidea garatzeko eskubideari eta independentzia profesionalari ezar dakizkiokeen eragozpen edo traba guztiak baztertuko ditu.

2. artikulua.- Deontologia Fisioterapeutikoa da Fisioterapeutaren jokabide profesionala gidatu eta zaindu behar duten printzipio eta arau etikoen multzoa.

BIGARREN TITULUA: FISIOTERAPIAREN HELBURUAK

3. artikulua.- Osasunaren eremuaren barruan bere nortasun propioa daukan lanbide autonomoa da Fisioterapia, eta helburutzat dauka herritarren osasun maila zaintzea, berreskuratzea eta areagotzea, pertsonen eta erkidegoaren bizi-kalitatea hobetzeko eta, bereziki, funtzionaltasuna prebenitzea, sustatzea, mantentzea eta berreskuratzea, bere zerbitzura dauzkan baliabide fisiko zein kimikoen bitartez.

4. artikulua.- Fisioterapeuta gizartearen zerbitzura dago. Ondorioz, errespetatu egingo ditu pertsonaren bizitza, osotasun fisiko eta psikikoa, duintasuna, eta gizabanakoaren eta komunitatearen osasuna babestuko du.

5. artikulua.- Fisioterapeutak, bere zerbitzuak ematerakoan, ez ditu bereiziko pertsonak adin, arraza, ideologia edo erlijio, nazionalitate edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

6. artikulua.- Fisioterapeutak oharturik egon behar du komunitatearekiko dauzkan betebehar profesionalez; bere lanetan eraginkortasunik handiena lortzera beharturik dago eta orobat gizarteak bere eskura jartzen dituen baliabideen etekinari dagokionez.

7. artikulua.- Fisioterapiaren praktika ez da nahastu behar Fisioterapiarekin eta medikuntzarekin zerikusirik ez daukaten beste zenbait praktikarekin.

8. artikulua.- Fisioterapeutak ez du sekula bultzatu edo onartu behar tortura edo tratu txarreko ekintzarik, edozein direla ere horretarako argudiatzen diren arrazoiak. Alderantziz, beharturik dago bere jokaeraren bidez eragoztera, baldin eta horrekin bere eta hirugarren pertsonen bizia eta osotasun fisikoa arriskuan jartzen ez baditu behintzat; hau da, salatu egin behar ditu betiere ekintza horiek dagokion agintariaren aurrean.

9. artikulua.- Fisioterapeutaren lanbide-jarduera burutzen dituen lanetarako daukan trebakuntzan eta kualifikazioan oinarritzen da. Fisioterapeutak trebatua eta espezializatua egon behar du bere lana gauzatzeko hautatzen dituen metodo, instrumentu, teknika eta prozeduretan. Bere lanari dagokion eginkizuna da etengabeko ikasketa, betiere egunean egoteko teknika eta metodoetako berrikuntzetan edota bere lanbidean erabilgarriak diren tresna berrietan. Bere gaitasunaren eta bere tekniken mugak ezagutu behar ditu.

HIRUGARREN TITULUA: ERABILTZAILEAREKIKO HARREMANAK

10. artikulua.- Denek daukate eskubidea giza kalitate eta kalitate tekniko oneko arreta terapeutikoa hartzeko. Fisioterapeutak eskubide hori gauzatu dadin ahaleginak egin behar ditu.

11. artikulua.- Erabiltzaileek eta pazienteek eskubidea daukate beren gaixotasunaren fisioterapikari, pronostikoari eta aukera terapeutikoei buruzko informazioa jasotzeko, eta Fisioterapeutak informazio hori emateko ahaleginak egin behar ditu.

12. artikulua.- Fisioterapeutak, bere lanbidean diharduenean, pazientearen adierazpen askatasuna errespetatuko du, legezko marjinen barruan, eta beti jokatuko du pertsonari zor zaion begiruneaz.

13. artikulua.- Baldin eta erabiltzailea ez balego jarduera fisioterapikoari bere baimena emateko egoeran, adin txikikoa delako, ezgaitua dagoelako edo egoeraren larritasunagatik eta, ezinezkoa balitz baimen hori lortzea bere familiartekoengandik edo legezko ordezkariarengandik, Fisioterapeutak bere kontzientziak agintzen dionaren arabera jokatuko du egoera horretan.

14. artikulua.- Aurreko artikuluan adierazi denarekin ere, Fisioterapeutak beti errespetatu behar du erabiltzailearen esanbidezko borondatea eta, horrexegatik beti ahaleginduko da bere jarduera pazienteak askatasunez onartua eta baimendua izan dadin.

15. artikulua.- Pazienteak eskubidea dauka Fisioterapeutak emaniko ziurtagiri edo txosten bat lortzeko, bere balorazio funtzionalari eta eman den asistentziari buruzko txostena alegia. Irizpen horren edukiak egiazkoa izan behar du eta zuzenean erabiltzaileari edo hark baimenduriko pertsonari emango zaio. Adieraziriko bi kasuak salbu, Fisioterapeutak ez dio emango pazientearen fitxa medikoa, sekretupekoa delako, eskatzen duen ezein arrotz edo hirugarren pertsonari.

16. artikulua.- Fisioterapeutak eskura eduki behar ditu independentziaz eta kalitate-bermeaz jardutea ahalbidetuko dioten baliabide teknikoak eta askatasun profesionala. Baldintza hauek betetzen ez badira, egoeraren berri eman behar die asistentziaz arduratzen den Erakunde Gestoreari, bere Elkargo Profesionalari eta erabiltzaileari, azken hau erabat informaturik egon dadin.

17. artikulua.- Fisioterapeutaren eginkizuna da pazienteari dagokion fitxa medikoa idaztea.

18. artikulua.- Historian jasoak dauden datuen analisi zientifiko eta estatistikoa eta, kasu jakin batzuen aurkezpena informazio-iturri baliotsuak gerta daitezke; hori dela eta, berauen argitalpena erabili ahal izango da ikuspegi deontologikotik, baina betiere erabiltzaileen intimitate eskubidea errespetatuz.

LAUGARREN TITULUA: FISIOTERAPEUTAK BERE LANKIDEEKIN DUEN HARREMANA

19.artikulua.- Fisioterapeuten arteko harremanak bata bestearekiko errespetuan eta begirunean oinarrituko dira; laguntza, lankidetza edo aholkua behar duten lankideek eginiko eskabideek gogo ona eta prestutasuna eduki behar dute betiere oinarritzat.

20. artikulua.- Anaitasunezkoa izan behar du Fisioterapeuten arteko harremanak pazienteen sendaketaren onerako, eta euren jarduera profesionalean giro lasai eta alaia sortzen ahaleginduko dira, hori funtsezko elementua baita errehabilitazio tratamendurako.

21. artikulua.- Fisioterapeutek beharrezko begirune, errespetu eta leialtasunez tratatuko dute batak bestea, edozein dela ere euren artean dagoen harreman hierarkikoa. Eraso edo salaketa bidegabeak jasan dituen lankidea defendatzeko eskubidea eta obligazioa daukate, eta inolako erreserbarik gabe partekatu behar dituzte beren ezagutza zientifikoak.

22. artikulua.- Fisioterapeutek ez dituzte kritikatuko mesprezuz beren lankideen jarduera profesionalak eta ez dute elkar gaitzetsiko erabiltzaileen, hauen familiartekoen edo hirugarren pertsonen aurrean.

23. artikulua.- Gai fisioterapikoei buruzko iritzi desberdinek, direla zientifikoak, profesionalak edo beste arloren batekoak, ez dute izan behar liskar publikoen sorburu; aitzitik, pribatuan edo horretarako bileren zerbitzuan eztabaidatu behar dira. Akordiorik lortzen ez bada, Fisioterapeutek Elkargora joko dute, eta Elkargoaren zeregina izango da halako gatazketan arbitraje-lanak egitea.

24. artikulua.- Fisioterapeuta batek ez du hausten anaitasun erantzukizuna, baldin eta bere Elkargoari jakinarazten badizkio, era objektiboan eta behar den zuhurtasunaz, bere lankideen etikako arau-hausteak eta gaitasun profesionaleko akatsak.

25. artikulua.- Ahal duen neurrian, Fisioterapeutak lagundu egin behar du Fisioterapiako ikasleen lanbide-prestakuntzan, bere esperientzia eta ezagutzak erarik egokienean agertuz ikasleek ondo ikas ditzaten.

26. artikulua.- Pertsona orok daukan elkartzeko askatasunaren eskubide konstituzionalaren kaltetan izan gabe, ez da onartuko helburutzat Fisioterapeuten laneko esplotazioa daukan talde, elkarte edo batasunik eratzea, hirugarren pertsona batzuen etekinerako. Kasu horretan, praktika hauen berri dakien fisioterapeuta orok Elkargoari jakinarazi behar dio egoera hori.

BOSGARREN TITULUA: FISIOTERAPEUTEK BESTE PROFESIONALEKIN DITUZTEN HARREMANAK

27. artikulua.- Fisioterapiaren jarduera honako honetan oinarritzen da: Fisioterapeutak eta gainerako profesionalek elkar errespetatzeko duten eskubidean eta betebeharrean, eta bereziki, Fisioterapeutek garatzen duten eginkizuna dela eta hurbilen dauden profesionalekiko errespetuan.

28. artikulua.- Bere jardueran, Fisioterapeutak, harreman eta lankidetza estuan aritu behar du bere pazienteari diagnostikoa egin dion profesionalarekin eta bera partaide den taldea osatzen duten gainerako profesionalekin, erabiltzailearen osasun-maila hobetzeko, berreskuratzeko edo mantentzeko, kasuaren arabera.

29. artikulua.- Egoki deritzon kritika zientifikoaren kaltetan izan gabe, Fisioterapeutak, bere lanbide-jardunean diharduenean, ez ditu arbuiatuko Fisioterapeuten elkargoak edo eskoletan diharduten gainerako profesionalak, ez eta sinesgarritasun zientifiko eta profesionala agertzen duten jarduteko moduak ere.

30. artikulua.- Pazienteei dagozkien datu eta informazioaren trukea asistentziarako laguntza garrantzitsua izan ohi da. Horregatik Fisioterapeutak eskubidea dauka material horiek lortzeko eta, era berean, eman egin behar ditu erabiltzailearen arretarako beharrezko direnak.

31. artikulua.- Fisioterapeutak errespetatu egingo du berarekin diharduten lankideen eskumen-eremua, eta ez du onartuko bere erantzukizunen arloan beste inor baimenik gabe sartzea ere eta, are gutxiago, horrela erabiltzaileari kalte egiteko arriskua badago.

32. artikulua.- Fisioterapeutak lagundu ahal izango die Fisioterapiaren eremukoak ez diren beste profesional batzuei beren ezagutza arloa zabaltzen, baina ez ditu trebatuko edo gaituko Fisioterapiaren esklusiboak diren tekniken erabileran, teknikarik errazenak direla ere.

33. artikulua.- Fisioterapeutak ez ditu utziko berari dagozkion funtzioak beste profesional batzuen esku, funtzio horietarako behar bezala trebatuak ez badaude. Salbuetsi egiten dira, beren larritasunagatik, beste profesional batzuek, Fisioterapiakoak edo medikuntzakoak, esku hartzea beharrezko gertatzen deneko kasuak.

Esklusiboki Fisioterapiari dagokion material guztia, bai ebaluaziokoa eta bai interbentziokoa, Fisioterapeuten erabilerarako mugatua geratzen da, eta Fisioterapeuta horiek debekaturik daukate material hori ez dagokien pertsonei uztea beraiek erabil edo aplika dezaten. Fisioterapeutak batzorde Deontologikoari jakinarazi behar dio aipaturiko praktika desegokiren baten berri jakiten duen bezain laster.

34. artikulua.- Fisioterapeutak bere erabiltzaileei buruzko kontsulta egin ahal izango die lankideei edo osasuneko beste profesional batzuei, berauen irizpidea bere lanerako mesedegarri gerta daitekeenean.

SEIGARREN TITULUA: ERAKUNDE PUBLIKOEKIKO HARREMANA

35. artikulua.- Fisioterapeutaren betebeharra da Agintari Publikoei, administratiboei zein judizialei, laguntzea, horretarako pertsonalki dei egiten diotenean, baldin laguntza eskabidea horretarako eskumena daukanak eta Legeen arabera egina bada. Kasu hauetan, eskabidea egin dioten/dieten Fisioterapeutak/ek eskatzen zaion/zaien laguntza horri buruzko kontsulta egin ahal izango du/dute bere/beren Elkargoarekin eta, Elkargoak behar duen babes guztia emango dio Fisioterapeutari eskatzen zaion eginkizuna ahalik eta era egokienean betetzeko helburuaz.

Fisioterapeutak lantokia uzteko eskubidea edukiko du, eskatu dioten lankidetza hori dela eta, Erakunde Publiko zein Pribatu, Auzitegi, etab.etara joan beharra egokitzen zaionean.

Edozein Fisioterapeutak uko egin ahal izango dio Agintari Publikoekin lankidetzan jarduteari, baldin lankidetza horrek kalte larriren bat ekar badezake bere interes pertsonal edo familiarrentzat eta, uko egitera behartua dago, eskatzen zaion lankidetzan eragina izan lezakeen interes zuzenen bat daukanean. Edozein kasutan ere, informazio egokia emango die bai Agintari Publiko eskatzaileari eta bai bere Elkargoari.

ZAZPIGARREN TITULUA: FISIOTERAPEUTAK ELKARGOAREKIN DITUEN BETEBEHARRAK

36. artikulua.- Fisioterapeuta beharturik dago Fisioterapiako Estatutu Orokorra eta bere Elkargoarena betetzera, bai eta Batzar Nagusiaren akordio, erabaki, agindu eta xedapenak ere.

37. artikulua.- Fisioterapeutak errespetatu egin behar ditu Gobernu Organoak, eta berauek eratzen dituzten kideak ordezkaritza horretan dihardutenean. Ahalik eta azkarren entzun eta erantzun beharko die Gobernu Organoak edo berau osatzen duten kideek, beren eginkizunetan dihardutela, egiten dioten edozein jakinarazpen, deialdi edo galderari.

38. artikulua.- Erabakitako epeen barruan ordaindu beharko ditu kuota guztiak, arruntak zein bereziak, bai eta Organo eskudunek finkatzen dituzten derramak eta izaera korporatiboko zerga guztiak ere.

39. artikulua.- Salatu egin behar ditu jakiten dituen sarkoikeria-ekintza guztiak bai eta Fisioterapeutak ez direnek edo, hala izanik ere, kolegiatuak ez daudenek lanbidean gauzatzen dituzten jarduera guztiak.

40. artikulua.- Legeek agintzen dutenaren arabera, Euskadin Fisioterapian jarduteko derrigorrezkoa da Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko kide izatea.

41. artikulua.- Fisioterapeuta Elkargoak herrialdeko antolamendu sanitario onaz eta populazioaren osasunean eragina izan dezaketen alderdi guztiez arduratu behar du.

42. artikulua.- Fisioterapeuten Elkargoak Fisioterapiaren irakaskuntzaren kalitate onaz arduratu behar du eta, gainera, bere eskura dauzkan bitarteko guztiak jarri behar ditu etorkizuneko Fisioterapeutek etengabeko prestakuntza egokia jaso ahal izan dezaten.

43. artikulua.- Fisioterapeutak onartu eta bete egin behar ditu Elkargoaren arbitrajeen emaitzak, arazo hertsiki profesionalak direla eta men egin beharrekoak dituenak.

ZORTZIGARREN TITULUA: JARDUERA PROFESIONALA

45. artikulua.- Fisioterapeutak ez die utziko ez bere izena eta ez bere sinadura, titulurik eta behar besteko prestakuntzarik gabe, legez kontra Fisioterapian diharduten pertsonei, eta salatu egingo ditu jakiten dituen sarkoikeria profesionaleko kasuak.

46. artikulua.- Edozein dela ere hartzen duen erregimen profesionala, Fisioterapeutak kode honetako printzipioak aintzat hartuz jardun behar du bere lanbidean eta, bere jarduera-eremuan aipatu printzipioak lankide guztiek ere errespeta ditzaten arduratu behar du.

47. artikulua.- Fisioterapiako tekniken etengabeko eboluzioaz jabeturik egoteko, Fisioterapeutak betiere bere jakintza tekniko eta profesionaletan egunean egoten ahalegindu behar du, hau da, jakitun egon behar du herritarren osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko dauden metodo eta teknika guztiei dagokienez.

48. artikulua.- Osasuneko profesionala den aldetik, Fisioterapeuta beharturik dago bere ezagutza profesionalak eskaintzera eta aplikatzera bere jarduera eskatzen den, edo beste gabe jakiten dituen, larrialdiko egoeretan.

Zentzu honetan, Fisioterapeuta guztiek jakitun egon behar dute nahitaezko obligazioa daukatela larrialdiko kasuetan jarduteko, eta jarrera pasiboa edukitzeak arau hauste oso larria dakarrela, hortik etor litezkeen erantzukizun penalen kaltetan izan gabe. Salbuetsiko den egoera bakarra bere buruaren, bere familiartekoen edo hirugarren pertsonen bizia eta osotasun fisikoa arriskuan jarriko litzatekeen kasua izango da.

Fisioterapeutaren batek jakiten badu bere lankideren batek, kausa justifikagarririk eduki gabe uko egin diola larrialdi kasu batean jarduteari edo ezikusiarena egin duela, bere Elkargoari jakinaraziko dio, eta hark hartuko ditu beharrezko diren erabakiak.

49. artikulua.- Fisioterapeutak amaitutzat eman behar du bere jarduera, eta ez du luzatu behar egia ezkutatuz edo iruzur eginez, bai proposaturiko helburuak lortu badira eta bai zentzuzko denboraldi baten ondoren ikusten badu, bere eskura dauzkan bitarteko eta baliabideekin ez dela gai helburu haiek lortzeko. Kasu horretan adierazi egin behar dio zer gertatzen den pertsona, talde, erakunde edo komunitateari beste Fisioterapeuta batzuk edo beste profesional batzuk ardura daitezen kasuaz.

50. artikulua.- Fisioterapeutak arreta berezia eduki behar du gero profesionalki betetzeko gai izango ez den gezurrezko itxaropenik ez sortzeko.

51. artikulua.- Ezein arrazoigatik ez zaio murriztuko Fisioterapeutari paziente jakin batekin/batzuekin bere funtzioak gauzatzeari uko egiteko eskubidea, baldin eta bere burua profesionalki ezgai ikusten badu markaturiko helburuak lortzeko edota, baita, pazienteari egozgarriak zaizkion arrazoiengatik, harekin gatazka larri bat sortzen bada. Uko egiteak ez du esan nahi bertan behera uztea eta, horregatik, itxaron egin beharko du, beste profesional batek behar bezala ordezka dezan arte, Zerbitzuko Arduradunari uko egiteko arrazoiak azaldu ondoren, hura baita eskuduna uko hori onartzeko eta behar den erabakia hartzeko. Baldin eta uko egiteko eskaera onartzen ez badiote, eskubidea dauka bere Elkargoarekin kontsultatzeko eta behar den artekaritza eskatzeko.

Fisioterapeutak uko egin diezaioke bere jarduera betetzen ari den aldi berean beste profesional batek garatzen duen beste jarduera desberdin bat gauzatzeari, baldin horrek bere jarduera profesionala erdeinatzea edo konfiantza falta suposatzen badu eta, edonola ere, pazientearen osasunerako kaltegarri izateko arriskua badago.

52. artikulua.- Bateraezinak dira erabiltzaile berarekin peritu gisa jardutea eta asistentzia fisioterapikoa ematea.

53. artikulua.- Fisioterapeutak ematen dituen zerbitzuen publizitatea idatziz egingo da, jarduera profesionalerako kreditatzen duen titulua eta kolegiatu egoera zehaztuz eta, behar izanez gero, garatzen dituen lan arloak eta baliatzen dituen teknikak adieraziz. Iragarlearen identifikazio profesionala egongo da.

54. artikulua.- Fisioterapeutak ezin izango du sekula aipatu ez daukan titulu akademiko edo profesionalik. Fisioterapeutak uko egin behar dio bere burua iragarri edo promozionatzeko ez dauzkan tituluak aipatzen dituen ezein pertsonarekin lankidetzan jarduteari. Zentzu honetan, “titulurik ez eduki” esatean zera ulertu behar da: edo ez dagoela titulurik edo, titulua egonik ere, titulu hori ez dela Espainian aintzat hartua.

Fisioterapeuta orok debekaturik dauka bere Elkargoaren edo Erakunde Publiko eskudunen baimenik gabe, bere kabuz edo hirugarren pertsonen laguntzarekin, ikastaro, ekitaldi, klase, hitzaldi, etab. antolatu, burutu edo ematea, bertan parte hartzeagatik titulu edo diplomak ematen direla.

55. artikulua.- Deontologia profesionala urratzea dakar Fisioterapiako zenbait espezialitate aipatzeak, baldin eta hauek dagokion Erakunde Publiko eskudunak emaniko tituluaren bidez kreditatuak ez badaude. Hala ere, “lehentasuneko dedikazioa” izena erabili ahal izango da.

56. artikulua.- Fisioterapeutak ez du eskainiko bere izena, ospea edo irudia Fisioterapeuta gisa kontsumo-ondasunen helburu publizitarioetarako, eta are gutxiago propaganda iruzurtiko edozein ekintza gauzatzeko.

57. artikulua.- Parte hartu ahal izango du herritarrei aholku eta informazioa emateko kanpainetan, betiere helburu kultural, hezigarri edo sanitarioekin, edota zentzu sozial onartua daukaten ekitaldietan.

58. artikulua.- Bere jardueran izengoitia erabiltzen duen Fisioterapeutak Elkargo Profesionalean jakinarazi beharra dauka, dagokion erregistroan jasoa gera dadin.

BEDERATZIGARREN TITULUA: ORDAINSARIAK

59. artikulua.- Fisioterapeutak, bere lanbidearen jarduera librean, bezeroari aurretiaz jakinarazi behar dio zenbat kobratuko dion bere jarduera profesionalaren ordainsari gisa.

Fisioterapeutak ez du onartuko lanbideari lehia desleiala egitea dakarren ordainketa-baldintzarik.

Elkargoak prestatu ahal izango du ekitaldi profesional bakoitzaren gutxieneko ordainsariari buruzko zerrenda bat, Fisioterapiako jarduera ekintza bakoitzaren izaeraren, iraunaldiaren eta beste ezaugarriren batzuen arabera.

Ordainsaria jasotzea ez dago tratamenduaren arrakastaren edo Fisioterapeutaren jardueraren emaitzaren menpe.

HAMARGARREN TITULUA: KODEAREN INTERPRETAZIOA ETA EGOKITZAPENA

60. artikulua.- Kode honetan jasoak dauden printzipioek eboluzionatu eta txertatuak dauden errealitate sozialera egokitu egin behar dute eta, horrexegatik, Fisioterapiak, eta oro har, osasuneko zientziek eboluzionatzen duten arabera beste batzuez ordezkatu, aldatu edo interpretatu ahal izango dira.

Edonola ere, Espainiako Konstituzioan jasoak dauden Printzipio Gidariak eta Oinarrizko Eskubideak izango dira betiere Kode Deontologiko honetan gauzatu beharreko edozein aldaketa egiterakoan jarraitu beharreko eredua.

61. artikulua.- Fisioterapeutak ezein kasutan ez du jasoko beste profesional batzuen bezeroei kobratzen zaienarekin erlazionaturiko ordainsaririk.

AZKEN XEDAPENA

Kode honetako arauren bat ez betetzeak Elkargo Profesionalaren estatutuetan tipifikaturik dauden hutsegiteetako bat dakar, eta hutsegite horren zuzenketa aipatu estatutuetan ezarria dagoen prozeduraren bitartez egingo da.

Kode honek ezartzen dituen betekizunek Fisioterapiaren lanbidean lan egiten duten Fisioterapeuta guztiak behartzen dituzte, edozein dela ere diharduten modalitatea.