MENU
HASIERA > ELKARGOKIDEAK > INTRUSISMOA
1- Fisioterapeutak izan gabe halakotzat iragartzen direnen bila gabiltza, iragarkietan, publizitatean, orrialde zurietan, eraikinetako errotulazioetan eta abarretan erabilitako Masaje Terapeutikoa, Cyriax eta Elektroterapia gisako hitzen bitartez, jendea engainatu eta gure lana egiten duten pertsonak barne.
* Alde batetik, gutun bat igorri ohi zaio lanean diharduen zentrora, osasun alorrean ez dagokion adar edo espezialitatean ezin gauza ditzakeeen ekintzak argi eta garbi azalduz, eta aldi berean, beste idazki bat bidali ohi da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera (EJOS), aipatutako zentroa osasun alorreko zentrotzat iragartzen dela jakinaraziz, osasun alorreko publizitatea egiteko erroldatuta ote dagoen egiaztatzeko asmoz.
* Arazoak bere horretan badirau eta zentroak “fisioterapiako profesionalen” eginkizunak egiten jarraitzen badu, beste idazki bat bidali ohi da EJOSera, osasun-ikuskapena egin dezan.
Ikuskapenaren ondoren ebazpenik hartzen ez baldin bada, detektibe pribatuak bidaltzeko aukera aztertu ohi da, zentroaren benetako jarduera ikertzeko; azken aukera hau nahikoa garestia da, baina zentroan benetan egiten dena eraginkortasun handiagoaz ezagutzeko modurik onena da. Detektibeen txostena aldekoa baldin bada, probak eskuan ditugula joka dezakegu zentroaren aurka, salaketa judiziala egiteko behar dugun probaren bat dugun heinean. Batzuetan, auzia gure ahalbideetatik harantzagokoa denean, Espainiako Fisioterapeuta Elkargoen Kontseilu Nagusiari igortzen diogu.
Ikusi duzuenez, eman beharreko pausoak anitzak eta geldoak dira. Zalantzarik gabe, intrusismoa galerazteko modurik azkarrena, zentro horien aurkako salaketak ugaritzea da, eta horren haritik, kualifikaziorik gabeko masajistek eta antzekoek eragindako lesioak jasan dituzten pertsonak ezagutzen baldin badituzue (adiskideak izan nahiz pazienteak izan), salaketak jartzera anima ditzazuela eskatu nahi dizuet. Horrela, haiek —lesioa eta iruzurra jasan dutenek— galdutako osasuna eta dirua berreskuratu ahal izango dute, eta guk, denon artean, konpetentzia desleiala egiten digutenen aurka borrokatu ahal izango dugu.
2- Oso garrantzitsua da hiritarrei jakinaraztea nortzuk garen, zer egiten dugun eta zerk bereizten gaituen masajistetatik, estetizistetatik, ile-apaindegietataik, edertasun-zentroetatik eta antzekoetatik. Hori guztia egunkarietan nahiz irratietan txertatutako publizitatearen bidez egin behar da, baina “ahoz ahoko” ordezkaezina baztertu gabe. Esparru honetan, EAEn Fisioterapian dihargunok pazienteei erakutsi behar dizkiegu egun-egunero sudurluze sasi-sanitarioetatik bereizten gaituzten alde handiak, eta horren haritik, kontzientziazio-ahalegina eskatu behar dizuet lan hau egin ahal izateko.
3- Batzorde honi dagokion beste helburu bat da jakitea zeintzuk diren, EFEO sortzeko legeak zehaztutako moduan bazkidetu gabe, arlo pribatuan lanean diharduten fisioterapeutak. Beraz, arestian azaldutakoaren haritik, bazkidetu gabe lanean diharduenik ezagutzen baldin baduzue, horren berri ematera animatu nahi zaituztegu. Gogoan izan derrigorrezkoa dela izena emanda egotea.
Ekintza horiek guztiak Elkargoko kuotek emandako diruaz egiten dira, eta kuota horiek gabe ezin bizi gaitezke. Beraz, ez ezazue “salataritzat” jo zuen burua, zuen interesak baitira guztiok maite dugun lanbide honetan jokoan daudenak.
Egiaztatu duzuenez, guztion ahalegina behar dugu jakinarazteko, kalitatea hobetzeko eta iruzurgileen aurka borroka egiteko. Beraz, intrusismo-kasurik ezagutzen baldin baduzue, zuen lan-zentroan edo besteren batean sasi-profesionalak daudela edota beste lankide batzuek konpetentzia desleiala eragiten dutela baldin badakizue, Elkargoan sala dezazuela eskatu nahi dizuet lerro hauetatik. Zalantzarik izanez gero edo laguntzeko daturik eman nahi izatekotan, harremanetan jar zaitezkete EFEOko Intrusismo Batzordearekin.