MENU
HASIERA > HERRITARAK > FISIOTERAPIA GOMENDIOKA
Jaiotzen garenetik, mugimendua gure bizitzaren parte da. Heldu izan arte, gure hezurrak eta giharrak hazten doaz, indartsuagoak egiten dira, gogorragoak, erronka berri eta zailei aurre egin ahal izateko.
Haurtzaroan, esperimentatzea gustuko dugu, gure gorputzaren mugak bilatzea, korrika, jauzika eta joko motor mota guztiak eginez. Baina heldutasunera ailegatzean,gure ohiturak aldatzen dira, eta sedentarioagoak bihurtzen gara.
Garai horretan, gorputza erabilerarekin higatzen doan makina dela pentsatzen dugu. Beldur honek askotan paralizatu egiten gaitu eta mugimenduari uko egitera bultzatzen gaitu.
Hala ere, egun, aurrerapen zientifikoei esker, badakigu hori ez dela horrela.
Gure hezurrak eta muskuluak egitura bizidunak dira, egokitze ahalmena mantentzen dute, eta indartsuago eta gogorrago egin daitezke, behar duten estimulua ematen badiegu.
Oker genbiltzan: korrika egiteak ez du belaunetako kartilagoaren higadura eragiten, ezta orno-disken garaiera gutxitzen ere. Guztiz kontrakoa da. Belaunetan artrosia duten 50 urtetik gorako pertsonekin egindako ikerketek frogatu dute zenbat eta kilometro gehiago korrika egin, orduan eta orno-diskoen arteko tarte handiagoa izaten dugula.
Beste oker bat izan da pentsatzea indar ariketak egitea edo pisua altxatzea bizkarrarentzat txarra dela. Egiazki, pisua altxatzen duten kirolari olinpikoek ez dute izaten beste kirolariek baino lesio gehiago.
Jarduera fisikoa oso onuragarria da gure osasunarentzat: hilkortasuna gutxitzen du, eritasunak prebenitzen ditu, eta orain ere badakigu ez duela kalterik eragiten, ez artikulazioetan ezta bizkarrean ere.
Beraz, ez dago aitzakiarik: mugimendua gara! Mugi gaitezen!
Edozein patologia sufritzen baduzu eta ziur ez badakizu zer ariketa praktika dezakezun, zure fisioterapeutaren eskutan jar zaitez. Mugimenduaren profesionalak gara eta zu laguntzeko gaude.