MENU
HASIERA > HERRITARAK > FISIOTERAPIA GOMENDIOKA
Ariketa fisikoa babesle neurokognitiboa da.
Narriadura kognitiboa ekidin eta atzeratu egiten du; arrisku kardiobaskularreko faktoreen gainean duen eraginagatik, eta berez, eragiten duen estimulazioagatik. Tresnarik onena da osasuna zaindu eta gaixotasunei aurre egiteko.
Askoz ere garrantzitsuagoa da behin eta berriz egitea, asko egitea baino. Eraginkorragoa da ariketa gutxi batzuk egunean behin eta berriz egitea, ordubetean ariketa asko egitea baino. Horregatik, garrantzitsua da ariketa ohiko zereginetan txertatzea.
Gomendagarriena etxetik kanpo ariketa egitea da (gutxienez, hamar mila pausoko ibilaldia egitea), baina etxean ere, tonu muskularra, malgutasuna eta oreka mantentzeko moduko ariketak egin ditzakegu.
Hona hemen ariketa jakin batzuk gorputz osoa lantzeko, burutik oinetaraino:
Ariketa zerbikalak: ispiluaren edo telebistaren aurrean egin daitezke. Kokotsa bularrerantz eraman eta hasierako posiziora itzuli. Belarria sorbaldarantz eraman. Eta kokotsa sorbaldarantz eraman, astiro-astiro, erdialdean geldituz
Sorbalda eta besoetako ariketak: sorbalda mugitu gora eta behera. Atzerantz eragin. Eskua sabairantz jaso. Ukondoak tolestu (pisuarekin edo pisurik gabe). Esku bat garondora eta bestea sorbaldara eraman. Eskuak zabaldu eta itxi.
Gorputz-enborreko ariketak: aulki batean eserita eta sorbalda aulkiaren kontra jarri gabe, eskuak gerrian jarri eta gorputza aurrerantz eta atzerantz eraman. Alde batetik bestera. Eskuak elkartuta, ukondoak luzatu, gorputz-enborra alde batera eta bestera biratuz.
Hanketako ariketak: eserita, belaunak luzatu. Zutik gaudela, eserialdiak egin, gorputza pixka bat aurrerantz tolestuz. Eserita, oinak kanpora mugitu, lehenengo bata eta gero bestea. Tolestutako belauna jaso, luzatu, berriro tolestu eta behera eraman.
Oinetako ariketak: orpoak leku berean ditugula, oin puntak jaso; lehenengo biak batera, eta gero txandaka. Gauza bera egin orpoekin. ‘Orpo-punta’ egin.
Gogoan izan fisioterapeutari galdetu ahal diozula zeintzuk diren zure egoera fisikorako ariketarik egokienak.