HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2020 // 01 // 30 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



Minik edo lesiorik izanez gero, joan fisioterapeutaren Gana entrenatu aurretik

Urtarrileko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainak mina dagoen kasuetan entrenamenduaren aurretik eta ondoren fisioterapeutarengana joatearen garrantzia lantzen du.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) prestatzaile fisikoaren eta fisioterapeutaren funtzioen arteko aldeak ezagutzearen garrantzia gogorarazi du.

Mina baduzu edo lesio bat sendatzeko fasean bazaude, fisioterapeutarengana jotzea funtsezkoa da entrenamendu ona bermatzeko eta egon daitezkeen gaitzak saihesteko, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren (EFEO) arabera.

Horixe da "12 hilabete, 12 osasun-gomendio" kanpainaren lehen bideo-gomendioaren gogoetetako bat. Hain zuzen, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoarekin, Madrilgo Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin batera egiten du kanpaina hori. Hilabete honetan, fisioterapiaren eta entrenamendu fisikoaren arteko sinergiak jorratuko ditu kanpainak. Bideo-gomendioa: https://www.youtube.com/watch?v=t6bo9VuK1iU

Horrela, Euskadiko fisioterapeutek urte berriko asmoak gauzatzera eta gimnasiora sasoian jartzera joatera animatu dituzte herritarrak, prestatzaile fisiko baten eskutik. Hura arduratuko da argibideak emateaz: zer, nola eta zenbat aldiz egin, besteak beste.

Hala ere, fisioterapeuta baten eskuetan jartzearen garrantzia azpimarratu dute, baldin eta lesioa izateko arriskua badago edo normaltasunetik aldentzen diren sentsazioak agertzen badira. "Horrelakoetan, fisioterapeuta da gaixoa sendatzeaz arduratzen den profesionala, berriro normaltasunez entrenatu ahal izateko", dio June Ruiz EFEOko presidenteordeak.

Ildo horretan, Ruizek azpimarratu du garrantzitsua dela "entrenamendu batean jokoan sartzen den profesional bakoitzaren funtzioak ezagutu eta bereiztea, aurrerapenak ahalik eta egokienak izan daitezen eta lesioak saihets ditzagun".

Azken batean, "kirol-entrenamenduetan lehiatu edo aurrera egin nahi badugu, prestatzaile fisikoa da profesional egokia, baina sentsazio txarrak edo mina baditugu, fisioterapeutarengana jo behar dugu, arazo handiagoak saihesteko", adierazi du Ruizek. Honako hau ere nabarmendu du: "Gomendio horiek kontuan hartu behar dituzte ariketa gutxien egiten duten pertsonek ere".

Berrietara itzultzea