MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Hilabete honetako ’12 hilabete, 12 osasun-aholku’ kanpainaren helburua errealitate birtualeko jokoez modu osasuntsuan gozatzeko aholkuak ematea eta arriskuak saihestea da.
Euskadiko fisioterapeutek ingurunea zaintzearen garrantzia azpimarratu dute errealitate birtualeko betaurrekoak erabili baino lehen, inguruko objektuak kontrolatu eta talka edo erorketak saihesteko.
Errealitate birtualeko jokoak geroz eta ezagunagoak dira, baina, ez badira oinarrizko trikimailu batzuk kontuan hartzen, kaltegarriak izan daitezke. Posturaz maiz aldatzea eta jokoak jarduera fisikoarekin nahiz beste aisialdi-jarduerekin txandakatzea ezinbestekoak dira ‘gamer’ edo errealitate birtualeko jokalari ona izateko. Euskadiko fisioterapeuten arabera, garrantzitsua da sedentarismoa ekiditea eta pantailaren aurrean ordu gehiegi ez egotea, eta, partida uste baino gehiago luzatzen bada, komenigarria da posturaz maiz aldatzea eta ordu eta erdiro “pause game” botoia sakatzea. Horrela, jardueraz aldatzeko eta gorputza mugitzeko aukera izango duzu.
Horiek dira Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoarekin, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin batera ‘12 hilabete, 12 osasun-aholku’ kanpainaren urteko lehen batzordean zehaztu dituen irizpideetako batzuk.
Errealitate birtualeko jokoen ingurunea
Partidan zehar arriskuak saihesteko, Euskadiko fisioterapeutek errealitate birtualeko “betaurrekoak jarri” baino lehen ingurunea aztertzeak duen garrantzia azpimarratu dute.
“Errealitate birtualeko betaurrekoak jarri baino lehen ingurunea aztertzen badugu, objektuekin talka egitea edo lurrera erortzea ekidin dezakegu. Horrez gain, kirolak simulatzen dituzten jokoetan, egokiena bat-bateko mugimenduak saihestea izango litzateke; izan ere, gogoan eduki behar dugu airea ari garela kolpekatzen eta min hartu dezakegula”, azaldu du June Ruiz Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko presidenteordeak.
Gainera, Euskadiko fisioterapeutek inguruneari erreparatzea aholkatzen dute mugikorreko bilaketa-jokoetan, kalean barrena ibiltzerakoan inguruko pertsona edo objektuekin estropezu egiteko arriskua baitago pantailari soilik erreparatzen badiogu.
Azkenik, fisioterapeutek gogorarazi dute nahiz eta jokoak aukera ezin hobea diren aisialdiaz gozatzeko, bizitza erreala ez dela joko bat, eta kirola egitea, modu osasuntsuan jatea eta lesioak tratatzeko fisioterapeutarengana jotzea aisialdi osasuntsuaz gozatzeko modurik onenak direla.