MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Haien hitzetan, behar-beharrezkoa da ondo eseritzen eta pisua behar bezala hartzen irakastea, besteak beste, eta motxilaren pisuak ez du umearen pisuaren % 15 gainditu behar.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) bideo berri bat zabaldu du, Madril, Katalunia, Galizia eta Nafarroako elkargoekin batera abiarazitako “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan
Euskal fisioterapeutek haurrei goputz-jarrera egokiak irakatsi behar zaiela adierazi dute gaur, gerora begira lesio muskuloeskeletikoak eta minak –8 urteko neska-mutilen % 30ek bizkarreko mina duela dio– saihesten laguntzeko. Horixe da, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) Madril, Katalunia, Galizia eta Nafarroako elkargokekin batera abiarazitako “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren iraileko bideo-gomendiotik atera daitekeen ondorio nagusietako bat.
“Haurrek helduengan ikusten dituzten ohiturak kopiatzeko joera dute, eta kalteberak direnez gero, lesioak har ditzakete txiki-txikitatik, edota denboraren poderioz eragingo dieten gorputz-jarreraren inguruko akatsak. Hori dela eta, behar-beharrezkoa da neska-mutilei ohitura osasungarriak eta gorputz-jarrera egokiak irakastea”, adierazi du June Ruiz Orcajo EFEOko presidenteordeak.
Horren harira, Ruiz Orcajok gogoratu du, Madrilgo Fisioterapeuten Elkargoak ikasleen jarrera-higienea eta minaren prebentzioari buruz landutako ikerketa baten arabera, autonomia-erkidego horretako 6 eta 9 urte bitarteko neska-mutilen gurasoek seme-alabek hartu beharreko gorputz-jarrera egokiak ezagutzen ez dituztela adierazi dutela, eta bostetik batek (% 20) ez dakitela zenbateko pisua duten seme-alabek erabiltzen dituzten motxilek. “Euskadiko datuak Madrilgo gure lankideek bildutako datu horien oso antzekoak izan daitezke, eta arazo honen gainean zerbait egin behar dela iradokitzen dute”, nabarmendu dute EFEOtik.
June Ruiz Orcajok argi utzi du “ikasleen motxilen pisua kontuan izan beharreko alderdirik garrantzitsuenetako bat dela bizkarreko minak eta arazoak saihesterakoan, motxilen pisuak ez baitu gorputzaren pisuaren % 15 gainditu behar, nahiz eta askotan betetzen ez den”.
Motxilaren pisua kontrolatzeaz gain, euskal fisioterapeutek berariaz azpimarratu dute berriz ere umeei otorduetan behar bezala eseritzen irakasteko premia, bizkarreko arazoak baztertzeko, eta pisuak hartzerakoan, belaunak tolestuz egitea, bizkarra okertu beharrean.
Neska-mutilei irakatsi beharreko gorputz-jarreren inguruko beste ohitura batzuk bideo-gomendio berean bildu dira, hala nola, gauzak hartzeko oin-puntetan ez jartzea, eta albo batera etzanda lo egitea, ahozpez egin beharrean.
Kirol eta altzari egokituak
Bestalde, euskal fisioterapeutek nabarmendu dutenez, behar-beharrezkoa da neska-mutilek adinera eta altuerara egokitutako altzariak izatea, eguneroko jarduerak (ikastea, jolastea, hortzak garbitzea, ohea egitea, etab.) behar bezala egiteko aukera izan dezaten.
Azkenik, haurren obesitatea eta sedentarismoa saihesteko asmoz, EFEOk gogoratu du familian badagoela giltzarrizko faktore bat: aire zabaleko jolasak eta kirol jarduerak sustatzea.
“Helduok jarrera arduratsua izan behar dugu eguneroko bizimoduko jarduerei dagokienez, eta haurrek gure ohiturak kopiatzeko joera dutenez, argi izan behar dugu, haiekin osasuna praktikatzen baldin badugu, era osasungarrian haziko direla heldurarora iritsi arte”, ziurtatu du June Ruiz Orcajok.