MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak gogoratu duenez, haur gehienek bost aldiz denbora gehiago erabiltzen dute jarduera sedentarioetan ariketa fisikoa suposatzen duten jardueretan baino
Hainbat ikerketaren arabera, ikasleek batez beste ordu eta erdi ematen dute egunero telebistaren aurrean
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) bideo berri bat plazaratu du “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan. Oraingo honetan, ikasturtearen hasiera dela eta, haurrei eragiten dien sedentarismo epidemiaren arriskuez ohartarazi nahi izan dute Madrilgo, Kataluniako eta Nafarroako fisioterapeutekin batera. Estatuko 7 eta 8 urte bitarteko ikasleen % 43k gehiegizko pisua du, eta honek Europako lehen postuetan kokatzen gaitu haur-obesitatearen prebalentziari dagokionez.
Arazo hau konpontzen laguntzeko, euskal fisioterapeutek haurren jarduera sedentarioak eguneko ordubetera mugatzea gomendatu dute, gehien-gehienez. Horretarako, helduak haur eta gaztetxoen eredu izatera, jarduera fisikoa sustatzen duten opariak egitera, familia giroko jarduera sedentarioen ordez familian egiteko moduko jarduera fisikoak egitera eta haurren geletan telebistarik ez jartzera gonbidatu dute.
Jon Herrero EFEOko presidentearen esanetan “senez jokatu behar dugu etxeko txikienek ohitura sedentarioak baztertu eta jarduera fisikoa egitea suposatzen duten beste ohitura osasungarriago batzuk beregana ditzaten. Lortzen baldin badugu, etorkizuneko istripu kardiobaskularrak saihestu eta bihotzeko gaixotasun-kasuak murriztuko ditugu”.
EFEOk, gainera, beste gomendio hauek ere luzatu ditu: ez dezatela telebista ikusi otorduetan, ez daitezela zizka-mizka ibili jarduera sedentarioak egiten diren bitartean, eta bideokontsola erabiltzekotan, jarduera fisikoa sustatzen duten bideojokoak aukera ditzatela.
12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina dugu, eguneko jardunean gaitz muskuloeskeletikoak ekiditeko, EFEOk gorputz-jarrera egokiak erabiltzearen garrantziaz kontzientziarazteko abiarazi dituen ekimenetako bat. Honela, 2015eko urtarrilaz geroztik, euskal fisioterapeutek animaziozko film labur bat zabaltzen dute hilabetero, eguneroko bizimoduari dagozkion kontseiluak bilduz. Bideo hauek guztiak Elkargoaren www.cofpv.org webgunean daude ikusgai.