HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2016 // 01 // 28 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Txarto zintz egiteak sinusitisa, pneumonia edo bronkiolitisa sorraraz dezake

Euskal fisioterapeutek “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina abiarazi dute ondoz ondoko bigarren urtez, herritarrei hainbat patologia prebenitzen eta sendatzen laguntzeko asmoz

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako elkargoekin batera jardungo du ekimen honetarako

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina abiarazi du ondoz ondoko bigarren urtez, herritarrei hainbat patologia prebenitzen eta sendatzen laguntzeko asmoz. Euskal fisioterapeutek Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako fisioterapeutekin batera jardungo dute ekimen hau aurrera ateratzeko. “Bost elkargook indarrak bildu ditugu gure lanbidearen benetako neurria ezagutzera eman eta biztanle guztien osasuna eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko”, adierazi du June Ruíz Orcajo EFEOko presidenteordeak. Aurtengo lehenengo bideo-gomendioak urteko sasoi honetan oso ohikoa den ekintza izan du aztergai: zintz egitea eta honen ondorioak. Euskal profesionalen arabera, txarto zintz egiteak sinusitisa eragin dezake, drainatze txarraren ondorioz goiko arnas-bideetan gerta daitekeen sekrezioen metaketagatik, edota bronkiolitisa eta pneumonia, sekrezioen metaketa beheko arnas-bideetan gertatzen baldin bada.

Fisioterapeutek gogoratu dutenez, negua gripe eta hotzeriaren sasoia da, eta horiekin batera, “goiko arnas-bideetan aipatutako gaixotasunen eragile izan daitezkeen era askotako infekzioak gertatu ohi dira”. Hori dela eta, fisioterapeuten elkargoek era horretako arazoak eta konplikazioak saihesteko kontuan hartu beharreko jarraibideak bildu dituzte urtarrileko bideo-gomendioan.

“Gaizki zintz egin ohi dugu, eta ondorioz, organismoaren barruan geratzen diren mukien molestiak jasateaz gain, errinitisa, otitisa, faringitisa eta sinusitisa pairatzeko arriskua izan dezakegu, beste hainbat patologiaren artean”, azaldu du June Ruíz Orcajok. “Horren aurrean, arnas-fisioterapiaren lehenengo gomendioa zintz egiten ikastea da”, gaineratu du.

Horrela, fisioterapeutek argi utzi dute bideo-gomendioaren bitartez, ez duela ezertarako balio bi sudur-zuloak estalita zintz egiteak, baizik eta txandaka egin behar dela, lehenengo bata eta gero bestea estaliz. Bestela, zintz egitearen ordez sekrezioak irents daitezkeela ziurtatu dute, mukiak kentzea baino askoz ere osagarrigarriagoa baita.

Behar bezala zintz egiteaz gain, fisioterapeutek sudurreko higiene egokia izatea gomendatu diete arnasa egiteko arazoak dituztenei, eguneroko higienean sudurra garbitzeko ohitura txertatuz.

Horretarako, uretan koilarakada bat gatz disolbatu eta, xiringa batez laguntzaz (gehiegizko presiorik eman gabe), sudur-zulo batetik sartzea gomendatu dute, burua alde batera makurtuta daukagula, harik eta ura beste sudur-zulotik ateratzen den arte.

Arnas-fisioterapia bronkiolitisaren aurka

Bronkiolitisa 2 urtetik beherako umeengan gertatu ohi den arnas-bide txikien hantura da. Fisioterapeuten hitzetan, hasieran, hotzeria edo marrantaren sintomak izan ditzake, hau da, mukiek eragindako sudur-butxaketa eta eztul apur bat lehendabiziko bizpahiru egunetan, eta batzuetan sukarra ere bai.

Ondoren, egoera bere horretan manten daiteke, okerrera egin gabe, eta bestela, umea gero eta gehiago eztul egiten, gero eta bizkorrago eta estuago arnasa egiten edota tonu altuko ziztukada batez nahiz tonu baxuko burbuilatze soinuaz arnasa egiten hasiko da. “Hanturak eragindako bronkioen butxaketagatik eta gaixotasunak jariatutako mukiagatik gertatzen da hori guztia. Prozesuak 7 eta 12 egun bitarteko iraupena izan ohi du, baina bigarren edo hirugarren egunetik aurrera, egoerak okerrera egin dezake”, argiru du Ruíz Orcajok.

Euskal fisioterapeuten esanetan, bronkiolitisa hotzeria edo marrantaren antzera kutsatzen da, hau da, listua edo mukiarekiko gertuko harremanen bitartez, eta kutsatze horretan garrantzi handikoa da eskuek jariakin horiekin duten kontaktua. Ondorioz, haurra edo honen gauzak (txupeteak, jostailuak, biberoak, etab.) ukitu aurretik, eskuak garbitzea dugu kutsatzeko arriskuari aurre egiteko neurririk eraginkorrena.

Gainera, haurtxoa kutsatzeko arriskutik babestearren, bereziki azarotik martxora bitartean, fisioterapeutek, ahal izanez gero, haurtzaindegira ez eramatea gomendatu dute 3 hilabete egin arte, eta neba-arrebak baldin baditu, hauek haurtzaindegitik edo eskolatik etorri bezain laster eskuak uraz eta xaboiaz garbiarazi eta, marranta hartuta badaude, haurtxotik metro batetik beherako distantzian eztul egitea saihestea.

Bestalde, haurtxoa, marranta duen inorekin harremanetan ez egotea gomendatu dute. Gurasoak baldin badira marranta dutenak, maskaratxoa erabiltzea gomendatu diete (jarri ondoren eskuekin ukitu gabe), eta eskuak ondo garbitzea umea berriz hartu baino lehen. Gainera, euskal fisioterapeutek nabarmendu dutenez, etxean ez da erre behar eta umeek ez dute luzaro egon behar kontsulta medikoetako itxaron-geletan. Horren kariaz, ahalik eta goizen edo beranduen joatea gomendatu dute, itxaron-geletan jende gutxi egon eta gaixorik dauden beste ume batzuekiko harremana txikiagoa izan dadin.

Bronkiolitisari aurre egiteko tratamenduen artean, arnas-fisioterapia nabarmen daiteke, nahiz eta gaur egun ez den behar adina aplikatzen mediku eta pazienteen ezagutzarik ezagatik. Arnas-fisioterapiak ospitaleratzeak, larrialdi-zerbitzuetarako bisitak, intubazioak, aireztapen mekanikoak eta fibrobronkoskopiak ekidin litzake, beste hainbat konplikazioren artean.

Arnas-fisioterapiak arnas-bideetan metatutako sekrezioak deuseztatzen laguntzen du, arnas-bideen butxadura saihestuz, airearen pasaera egokia erraztuz eta konplikazio larrien agerpenari aurrea hartuz. Horrez gain, arnasketaren mekanika, bronkioen iragazkortasuna eta biriken berrespantsaioa oneratzen laguntzen du.

Berrietara itzultzea