HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2017 // 09 // 27 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek gomendatu dutenez, udaren ondoren umeek kirol jardueretara pixkanaka-pixkanaka itzuli behar dute lesioak saihesteko

Kirol denboraldia hasi aurretik, funtsezkoa da azterketa medikoa eta fisioterapeutikoa egitea etorkizunean balizko lesioak ekiditeko

Ehun umetik bostek espezialistaren batek disgnostikatutako bizkarreko patologiaren bat dute

Ariketa fisikoa funtsezko oinarrietako bat da pertsonaren garapenerako, eta irailean, udako atsedenaren ondoren, ume asko errutinara eta kirol jardueretara itzuli ohi dira. Ikasturtean lesioak gerta ez daitezen, funtsezkoa da kirol rrutinara pixkanakapixkanaka itzultzea, izan ere, oporren ondorengo garaian finkatzen da urteko errutinaren oinarria.

Horren kariaz, eta oporren ondoren kirol jardueretara kontuz eta tentuz itzultzeak duen garrantziaz kontzientziarazteko asmoz, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako elkargoekin batera, haurrak errutinara itzultzean gerta daitezkeen balizko lesioak saihesteko jarraibideak bildu ditu iraileko bideo-gomendioan, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan.

Hartara, euskal fisioterapeutek azterketa mediko eta fisioterapeutikoa egitea gomendatu diete kirolari gazteei, kirol jarduna muga dezaketen balizko patologiak baztertzeko asmoz. Horrekin batera, fisioterapeutak kirolariaren pisua, altuera eta gorputz-masaren indizea aztertu behar ditu, entrenamendu-planean sartu beharreko aldaketak balioztatu ahal izateko. “Azterketa hori funtsezkoa da balizko arrisku-faktoreak detektatu eta, beharrezkoa balitz, ariketa espezifikoen plan bat finkatu ahal izateko”, adierazi du June Ruiz Orcajo EFEO presidenteordeak.

Arropa eta oinetako egokiak

Era berean, iraila une egokia izaten da kirola egiteko erabiltzen diren arropa eta oinetakoak aztertzeko, aldatu behar ote diren zehaztu ahal izateko. Zehazkiago esanda, oinetakoen kasuan, funtsezkoa da behar bezala moldatzea eta kirol jarduera bakoitzerako egokia izatea, izan ere, oinen ergonomiara behar bezala moldatzen ez diren oinetakoak erabiltzeak lesioak eragin ditzake epe ertainera eta luzera begira, eta neska-mutilengan oso ohikoa da denbora-tarte labur batean oinetakoen tamaina aldatzea.

Hala eta guztiz ere, ariketa egitea eta udako atsedenaren ondoren kirola jardunera kontuz itzultzea bezain garrantzitsua da haurrengan eskolaldian gorputz-jarrera egokiak hartzeko ohitura txertatzea, hau ere funtsezkoa baita min kronikoen eta geroko lesioen agerpena saihesteko.

Madrilgo Autonomia-Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargoak egindako azterketen arabera, haurren % 5ek espezialistaren batek disgnostikatutako bizkarreko patologiaren bat dauka. Datu honek aurreko ikasturtekoa bikoiztu du. Gainera, gurasoen ia % 30ek (% 28) aitortu duenez, bere seme-alabek bizkarreko minaz kexatu dira noiz edo noiz. Kirol jardunari dagokionez, gurasoen %92,5ek aitortu du bere seme-alabek kirola jardueraren bat egin ohi dutela, eta kasuen % 94,59tan astean bizpahiru aldiz. Datu hau arras positiboa da, bereziki gogoan izanda ariketa fisikoa funtsezkoa da neska-mutilen garapenerako.

June Ruiz Orcajok ziurtatu duenez, Madrilgo fisioterapeutek egindakoaren moduko azterketei erreparatuta, behar-beharrezkoa da zenbait jarraibide osasungarri kontuan hartzea, neska-mutilek kirola segurtasunez egin ahal dezaten. “Azterketan bildutako bestelako datuen arabera, horretan parte hartu duten gurasoen % 47k informazio gutxi zuen edo ez zuen batere informaziorik seme-alabek balizko lesioak saihesteko hartu behar dituzten gorputz-jarrera egokiei buruz. Hori dela eta, hilabete honetan zabalduko dugun bideo-gomendioa oso baliagarria izan daiteke gurasoek seme-alabei txikitatik gorputz-jarrera egokiak izateko ohitura hartzen lagun diezaieten”. EFEOko presidenteordeak positibotzat jo du azterketan bildutako beste datu hau: gurasoen %90en iritziz, gorputz-jarrera egokiei buruzko heziketa prebentiboak ohiko jarduera izan beharko luke ikastetxeetan. “Garrantzitsua da guztiok kontzientziatuta egon gaitezen, helduaroan bizkarreko arazoak saihestu ahal izateko”, nabarmendu du.

Beste datu garrantzitsu batzuk eskola-adinean dauden neska-mutilek erabili beharreko motxilen pisuari dagozkio. Azterketaren arabera, haurrek 3,98 kg eraman ohi dute batez beste, hau da, gorputzaren guztizko pisuaren % 13,75. Euskarriei erreparatuta, %30,50ek motxila erabili ohi du eta % 69k orgatxoa, eta azken kasu honetan, ia haur guztiek (% 97,10) atzetik tira eginez eraman ohi dute.

Nabarmentzeko modukoa da, halaber, haurrek telebistaz egin ohi duten erabilerari buruzko datua, egunean 2,04 ordu ematen baitute batez beste telebistaren aurrean eserita, eta asteburuetan 3,08 ordu.

Berrietara itzultzea