HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2018 // 03 // 27 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek baieztatu dute jarrera zaintzeak eta osagarri egokiak erabiltzeak etxean gertatzen diren lesioetako asko ekidin ditzakeela

Hil honetan, EFEOren ’12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainak, udaberriarekin bat eginez, hankak aktibo izateko ohitura osasungarriak sustatuko ditu

Barizeak gutxiegitasun benoso kronikoaren sintomarik ohikoenetako bat dira, eta biztanleen %30eri eragiten diete

Barizerik ez agertzeko oinarrizko ohiturak dira, besteak beste, zainetako odola hanketatik bihotzera itzultzea oztopatzen duen arropa oso estua ez erabiltzea eta hanketan behetik gora ur hotza aplikatzea. Horixe da euskal fisioterapeutek “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan atera berri duten bideo-gomendioko ondorio nagusia.

Udaberria eta beroa iristearekin batera, zainak ohi baino gehiago dilatatzen dira, eta, horren ondorioz, likido gehiago atxikitzen dira eta odola pilatzen da. Horrek guztiak barizeak sorraraz ditzake, hots, herritarren % 30i erasaten dien patologia, eta gutxiegitasun benoso kronikoaren sintoma arruntenetako bat izan ohi da.

Hori dela eta, Euskal Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Galiziako, Andaluziako, Valentziako eta Kantabriako fisioterapeutekin batera, hankak aktibo nola eduki eta gutxiegitasun benoso kronikoaren ondoriozko patologiak (barizeak, esaterako) nola saihestu gomendatu diete herritarrei martxoko bideo-gomendioan.

Aldakarekin batera, hankek jasaten dituzte ia-ia pertsonen muskulu-masako muskuluen % 50. “Barizeak eta gutxiegitasun benoso kronikoaren ondoriozko beste sintoma batzuk ez dira mehatxu larria osasunarentzat; halere, minak, alterazio estetikoak eta ezintasunak eragin ditzakete, eta bizi-kalitatea hondatu”, azaldu du June Ruíz Orcajok, EFEOko presidenteordeak.

Hanka aktiboen garrantzia

Barizeen zantzurik ager ez dadin, eta beroarekin batera hankak aktibo edukitzeko eta handituta, kongestionatuta eta nekatuta daudela ez sentitzeko, euskal fisioterapeutek gomendatzen dute bizimodu osasungarria eramatea eta ariketa fisikoa egitea modu erregularrean, dieta orekatua izatea, beharrezko ura edatea egunero, eta substantzia kaltegarririk ez hartzea (tabakoa eta alkohola, esaterako).

Horrez gain, komeni da jarrera zaintzea eta luzaroan eserita edo zutik ez egotea, eta hankak zertxobait altxatuta lo egitea, batez ere sasoi beroenetan. “Luzaroan jarrera berean egon behar badugu, altxatzea eta pasieratxoak egitea komeni da, hanketako muskuluak oxigenatzeko eta mugiarazteko”, esan du June Ruíz Orcajok.

EFEOko presidenteordearen hitzetan, gainera, “ordu askoan eserita lan egiten dutenentzat oso gomendagarria da oinazpikoa, behealdeko gorputz-adarretako muskuluak ez kargatzeko”.

Era berean, euskal fisioterapeutek gomendatzen dute masaje txikiak ematea oinetatik belaunetara, goitik behera, gel hotzak aplikatuz; horrela, hanka nekatuen sentsazioa ezabatu ahal izango dugu. Gainera, fisioterapiak zenbait teknika egiten ditu drainatzea sustatzeko eta likidoak ezabatzeko, hala nola drainatze-masajea eta presoterapia.

Alde horretatik, zirkulazioa aktibatzeko gomendagarria da “dutxako uraren tenperatura aldatuz joatea, hanketara zurrusta hotzak botaz eta gehienez ere 38 graduko tenperatura jarriz; modu horretan, pisu-sentsazioa arinduko zaigu”, azpimarratu du Ruíz Orcajok.

Bestalde, ezinbestekoa da azala hidratatuta edukitzea, beharrezko elastikotasuna izan dezan: “lozio edo krema hidratatzaileak eman behar dira masajeen bidez egunero, azala hidratatuta edukitzeko eta zirkulazioari eta azalaren elastikotasunari mesede egiteko”, esan du EFEOko ordezkariak, azkenik.

Halaber, euskal fisioterapeutek gomendatzen dute fisioterapeutarengana sarri joatea gure ohiturak ondo bideratzen lagun diezagun, elastikotasun, mugimendu eta indar handiagoa emango diguten tekniken bidez. Horrez gain, komeni da zirkulazioa hobetuko diguten konpresio-galtzerdiak erabili behar ditugun galdetzea.

Berrietara itzultzea