MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Arropa estu-estua janzteko ohitura izateak barizeak, zelulitisa, asaldura ginekologikoak eta arnasketa eta digestio arazoak ere eragin ditzake
Gomendio hau Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) garatutako “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan plazaratu da
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) sarriegi arropa estu-estua erabiltzeak dakartzan ondorioak ezagutarazi ditu, herritar guztien osasuna hobetzeko hilabetero fisioterapia-bideo bat plazaratzea xede duen “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan. Ekimen hau Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako elkargoekin batera gauzatzen du.
Euskal fisioterapeutek arropa estuegia erabiltzeak osasunari ekar diezaizkiokeen ondorio kaltegarriez ohartarazi nahi izan dute. “Gutako bakoitzak estilo bat dauka ongien datorkigun arropa aukeratzerakoan, eta gure helburua ez da moda-estiloetan eragin egitea, arropa estu-estua luzaz erabiltzeak osasunean izan ditzakeen ondorioak bistaratzea baizik”, esan du June Ruiz Orcajo EFEOko presidenteordeak. Ruiz Orcajoren esanetan, larruazalean markak agertzea arazoak dauzkagun seinale izan daiteke. Urriko bideo-gomendioak argi utzi du, horrelako arropa sarriegi erabiliz gero, hanturak eta itzulera benosoak bezalako odol-zirkulazioko arazoak sortu eta barizeen eta zelulitisaren agerpena erraz daitekeela. Era berean, arropa estu-estua janzteko ohitura izateak asaldura ginekologikoak eragin ditzake, izan ere, transpirazioa eragoztean, onddoen agerpena erraz bailezake.
Bestalde, bideo-gomendioak gogoratu du ondo kontuan izan behar dugula zein altueratan lotzen ditugun prakak edo gonak. Euskal fisioterapeutek nabarmendu dutenez, arropa estuegi eramateak aldakaren eta bizkarrezurraren mugimendua mugatzen du. Honek mina eragin dezake alde horretan, eta gorputzeko beste alde batzuetan ere, epe luzera begira.
Gainera, June Ruiz Orcajok adierazi du, alde torazikoan janzkera horrek arnasketa-arazoak eragin ditzakeela, saihetsaldea zabaltzeko mugimendu fisiologikoa eta arnasketa diafragmatiko egokia eragotziz. Horren harira, bideo-gomendioak neurri egokiko bularretakoa erabiltzea proposatzen du, behar ez bezalako neurria duena erabiltzeak bizkarrezurrean arazoak sortu eta arnasketa oztopa dezakeelako. Bularretakoaren tira bat gaizki jarrita eramateak gako-puntuak aktibatu eta mina eragin dezake sorbaldan edo buruan, konpresioagatik. Arropa estuegia erabiltzeak digestioa ere eragotz dezake, errefluxu gastrikoa eta bihotzerre sentsazioa erraztuz. “Horrez gain, neurri desegokia duen arropa erabiltzeak odol-zirkulazioa murriztu eta begietako tentsioa areago dezake, lepoko muskulatura ere tenkatuz”, gaineratu du EFEOko presidenteordeak.
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina
Herritarrei zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoz sortutako “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren bitartez, prebentzioa sustatu nahi da, pazientearen sendaketaz harantzago. Euskal fisioterapeuten iritziz, hezkuntza funtsezkoa da herritarren osasuna zaintzeko. Hori dela eta, Madril, Katalunia, Nafarroa, Galizia eta Euskadiko fisioterapauten elkargoek indarrak bildu dituzte prebentzioaren arloko lan hau aurrera ateratzeko.
Urte osoan, adineko pertsonen erorikoak, zintz egiteko era egokia, udako intrusismo profesionalaren arriskuak edota ariketa fisikoaren abantailak bezalako gaiak jorratu dira. “Herritar guztiak animatu nahi ditugu, www.cofpv.org webgunean edo gure sare sozialetan sartu eta bideo-gomendio hau eta besteak ikus ditzaten; ziur gaude bizi-kalitate hobea lortzen lagunduko dietela”, ziurtatu du Ruiz Orcajok.