HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2019 // 09 // 26 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

ARNAS FISIOTERAPIA ETA PELBIS-ZORUKO TEKNIKEK ETA ARIKETA TERAPEUTIKOAK LAGUNTZEN DITUZTE ZAHARTZE AKTIBO ETA OSASUNTSU BAT EDUKITZERA

• Iraileko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren gai nagusia honako hau izango da: gaixotasun kronikoak, adibidez osteoporosia edo artritisa, dituzten adineko pertsonengan fisioterapiak dituen onurak.

• Euskal fisioterapeutek ariketa terapeutikoen programen garrantzia azpimarratzen dute, adineko pertsonen erresistentzia kardiobaskularra, indarra eta oreka hobetzen laguntzen dutelako.

Urriaren 1ean “Adineko pertsonen nazioarteko eguna” ospatzen denez, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak bere “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako iraileko gomendioa adineko pertsonengan fisioterapiak dituen onurak azaltzeko erabiliko du. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak dioenez, arnas fisioterapiako eta pelbis zoruaren fisioterapiako hainbat teknikek eta mugikortasun- edo luzatze-ariketek lagundu egiten dute gaixotasun kronikoek, adibidez osteoporosiak edo hipertentsioak, sortutako artikulazio-minak leuntzen.

Horixe dio, besteak beste, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren hilabete honetako bideogomendioak. Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoarekin, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin elkarlanean gauzatzen du kanpaina hori EFEOk, eta esteka honetan ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=tCN5m3LdTXw

Adineko pertsonengan fisioterapiak dituen onurak

Euskal fisioterapeutek, gainera, gogorarazi dute fisioterapiako teknika horiek onuragarriak direla adineko pertsonengan ager daitezkeen arazo kardiobaskularrak ekiditeko eta zirkulazioa hobetzeko. “Oso garrantzitsua da adineko pertsonek gogo-aldarte ona mantentzea, gazteago eta aktiboago sentitzeko; horretarako, mugikortasun handiagoa eta min gutxiago izatea ezinbestekoa da, eta horretan, fisioterapiak lagundu gaitzake”, adierazi du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko lehendakariordeak, June Ruizek.

Gainera, bideoan agertzen den bezala, profesionalek agindutako ariketa terapeutikoak oso onuragarriak dira adineko pertsonentzako, hezurrak eta muskulu-masa indartzeko. Horrela, adinak eragiten dituen arrisku asko ekidin daitezke, etxean erortzea eta ondorioz lesioak izatea, adibidez.

“Adineko pertsonentzako egokitutako ariketa fisikoa egitea, betiere fisioterapeuta batek agindu badu, oso tresna ona da erresistentzia kardiobaskularra, indarra eta oreka hobetzeko”, dio Ruizek.

Berrietara itzultzea