MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
’12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainak arreta emango die hilabete honetan autoan haurrak eta haurtxoak modu osasungarrian garraiatzeko kontuan izan behar diren neurriei
Euskadiko fisioterapeutek gomendatzen dute barneko ispiluak erabiltzea; hala, haurrak gidariaren jarrera aldatu gabe kontrola daitezke eta, beraz, istripu-arriskua saihesten da
Euskadiko fisioterapeuten arabera, altuera egokian dauden buru-euskarriak erabiltzea eta haurtxoen aulkietan osagarriak jartzea funtsezkoa da haurrek burua jarrera desegokian izan ez dezaten autoan lo hartzen dutenean.
Hain zuzen, zenbait jokabide, hala nola aulkiak autoko eserlekura ondo lotzea edo homologatutako euskailuak erabiltzea, ezinbestekoa da haurtxoak eta haurrak ahalik eta ondoen lotuta eta ahalik eta seguruen egon daitezen istripu-kasuan.
Horren harira, fisioterapeutek gogorarazten dute komeni dela kasu batzuetan haurrak autoaren noranzkoaren kontran joatea, pisuaren eta adinaren arabera, eta segurtasun-uhalek egokituta egon behar dutela haurraren altuera eta neurrira. “Uhalak ez du lasaiegi egon behar, ezta estuegi ere, haurra deseroso egon baitaiteke”, zehaztu du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko presidenteorde June Ruizek.
Horrez gain, fisioterapeutek gomendatzen dute kontuan hartzea haurtxoa zer motatako aulkian garraiatzen den; izan ere, euskailu asko ez dira denbora luzez erabiltzeko diseinatuta egoten eta kaltegarriak izan daitezke haurraren bizkarrezurrarentzat. Zehazki, ez da gomendatzen “arrautza” erako aulkiak erabiltzea bidaia luzeetarako.
Bestetik, fisioterapeutek gomendatzen dute haurtxoei bolumen handiko arroparik ez jartzea aulkian joateko, hala nola txamarra lodiak edo bufandak; izan ere, talka eginez gero, errazago atera daitezke aulkitik. Gomendatzen dute, halaber, barneko ispiluak erabiltzea; hala, haurrak gidariaren jarrera aldatu gabe kontrola daitezke.
“Behin haurrak aulkian daudenean, ahal dela autoaren atzeko aldean, barneko ispiluei esker haurrak ikusi ahal izango ditugu, gidatzeko jarrera egokia galdu gabe. Horri esker, atzera begiratzearen ondorioz sor daitezkeen arriskuak saihestuko ditugu”, esan du Ruizek.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Galiziako, Andaluziako, Valentziako Erkidegoko eta Kantabriako fisioterapeutekin batera, besteak beste gomendio horiek eman ditu iraileko bideoan, non haurrak eta haurtxoak modu osasungarrian garraiatzeko gomendioak ematen baititu: https://www.youtube.com/watch?v=VfjWQqcLq3Y
Haurrak besoetan eramateko gomendioak
Haurrak autoan sartzeko asmoz besoetan eramatean ere zenbait kontu hartu behar dira aintzat; hauek, esaterako: mugimendu zakarrik ez egitea eta ibilgailuko atea ahalik eta gehiena zabaltzea, alferrikako keinu beharturik ez egiteko.
Horrez gain, haurtxoa besoetan eramatean komenigarria da hezur eta muskuluetako lesioak prebenitzeko zenbait neurri hartzea. Esaterako, haurtxoa altuera baxutik jaso behar izanez gero, fisioterapeutek gomendatzen dute belaunak tolestea eta haurtxoa gorputzetik ahalik eta gertuena edukitzea.
Horren harira, June Ruizen ustez “oso erabilgarriak dira haurrak eusteko sistemak, gure gorputzetik ahalik eta gertuena edukitzen laguntzen baitute. Dena den, helduaren egonkortasuna ere kontuan izan behar da beti”.
Azkenik, Euskadiko fisioterapeutek ez dute gomendatzen haurrak inolako euskarririk gabe luzaroan besoetan eramatea, horrek lesioak sorraraz baititzake bizkarrean, gehiegizko esfortzuaren edo jarrera okerren ondorioz.