HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2017 // 07 // 26 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek uda garaian hirietan nahiz hondartzetan ugaritzen diren kaleko masajisten arriskuez ohartarazi dute

‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainak hirietan nahiz hondartzetan ageri diren kaleko masajisten esku jartzeak dakartzan arriskuez ohartarazi du hilabete honetan

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak Euskadin atzemandako intrusismozko jardunbide guztiak jazarri eta salatzen ditu

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), udaren etorreraz hondartzetan eta zenbait hiritan normalean baino ugariagoak izan ohi diren kaleko masajisten esku jartzeak osasunari ekar diezaizkioketen arriskuez ohartarazi du. Pertsona hauek masaje terapeutikoko zerbitzuak eskaintzen dituzte, baina inongo kontrol sanitariorik gabe eta gutxieneko higiene-neurriak eta legezko baimenak izan gabe. Euskal fisioterapeuten esanetan, itxuraz inongo arriskurik ez duten praktika hauek garrantzizko lesioak eragin ditzakete horrelako zerbitzuez baliatzen diren turistengan eta herritarrengan. Hala nola, higienerik ezak eragindako kontaktu bidezko dermatitisa, gehiegizko luzaketak sorbaldan nahiz ukondoan sortutako tendinitisa, saihets-hezurraren haustura eta pneumotoraxa, edota lepoko errotazioaren manipulazio okerrari atxikitako zerbikalgia edo goi-mailako lesio neurologikoa.

Hori dela eta, EFEOk, Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako elkargoekin batera, urtez urte beharrezko titulazio akademikorik ez duten pertsonek egin ohi duten legez kanpoko praktika honi lotutako arriskuez ohartarazi nahi izan du “12 hilabete, 12 osasungomendio” kanpainaren uztaileko bideo-gomendioan.

Nola funtzionatzen dute honelako masajeek

Gehienetan, kaleko masajistak giza-gorputzaren atalak oinean islatuta erakusten dituen irudi batez baliatu ohi dira kalean dabiltzan pertsonei masaje-zerbitzua eskaintzeko. Gero, aulki tolesgarri batera eramaten dute pazientea masajeari ekiteko. Bezeroa aulkian eserita dagoela, oina neurrigabe estutzen eta mugitzen hasten dira, eta gero ukabil-perkusioa egiten dute sorbaldan, besoak luzatuz eta astinduz eta lepoaren aldeko kontrolik gabeko mugimenduak eraginez; amaieran, 20 euro inguruko tarifa eskatu ohi dute ordainetan.

Legez kanpoko jardunbide honek hainbat arau urratzen ditu: bide publikoa jarduera ekonomikoetarako baimenik gabe erabiltzea edota zerga arloko udal eta estatuko arau-haustea. Nolanahi ere, ondoriorik kaltegarriena, gure gorputza lesioak pairatzeko arrisku larrian jartzea da, inongo gaitasun edo prestakuntza sanitariorik ez duen pertsona baten esku jartzean.

Horren harira, June Ruiz Orcajo Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren presidenteoteak argi utzi nahi izan du “osasunarazoak pazientearen eskubideak bermatzeko arau tekniko sanitarioak betetzen dituzten zentro sanitarioetan tratatu behar direla, unibertsitate-titulua izan eta dagozkien elkargoan erroldatuta dauden profesionalen eskutik”.

Fisioterapia bidezko tratamenduei dagokienez, legezko jardunbide bermatuan lehenik eta behin osasunari zein aurrekariei buruzko datu pertsonalak hartu ohi dira, betiere datuak babesteko legean ezarritako prozedurei atxikita; eta arrazoibide kliniko fisioterapeutikoaren araberako balorazioak egin ohi dira, zenbait teknikaren aplikazioaz –eta pazientearen aldez aurreko informazioaz eta baimenaz– lortu beharreko helburuak finkatzeko asmoz.

Ruiz Orcajok berariaz nabarmendu du pazienteen osasuna larri kalte dezaketen instrusismozko praktika hauek eta bestelakoak saihesteko EFEOk egin ohi duen ahalegina. “Kaleko masajistena ohikoago izaten da udako hilabeteetan eta bereziki hondartzetan, baina Elkargoan zelatan egon ohi gara urte osoan, titulazio ofizialik izan gabe masaje terapeutikoak eskaintzen dituzten pertsonak salatzeko. Hortaz, gomendioa luzatu nahi diegu herritar guztiei, arreta egiten dien pertsona titulazio egokia duen profesional sanitarioa dela egiazta dezaten”.

Berrietara itzultzea