HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2016 // 05 // 24 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek egunean 10.000 pauso ematea gomendatu dute sistema inmunologikoa hobetzeko

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) maiatzeko gomendioa zabaldu du, Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako fisioterapeutekin batera garatzen diharduen “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan

Ariketa honek aldakako giharrak sendotu, odol-presioa doitu, hezurren bisorkuntza sustatu eta estresa murrizten laguntzen du

Euskal fisioterapeuten esanetan, egunean 10.000 pauso inguru emateak zelula inmonologikoen kopurua areagotu eta organismoaren eraginkortasuna % 30 inguru gehitzen du. Hauxe da EFEOk Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako elkargoekin batera garatzen diharduen “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren maiatzeko bideoaren gai nagusia barruan.

Kanpaina honen bitartez, euskal fisioterapeutek argi utzi dute, egunean 10.000 pauso inguru emanez gero, ariketa honek osasunaren aldeko onurak ekartzen dituela; 12.000 pauso emanez gero (9,6 km) pisua nabarmen galtzen hasten dela, eta 17.000 urrats baino gehiago eginez gero (13,6 km) ariketa aerobiko arras eraginkorra osatzea lortuko dela.

Profesional hauen arabera, ibiltzean 200 gihar mugiarazten ditugu, hau da, gorputzeko gihar-sistema osatzen duten 650 giharren % 30, eta ondorioz, jarduera hau erregulartasunez eta abiadura azkar samarrean eginez gero (12 minutu kilometroko edo 5 kilometro orduko), ariketa ezin hobea da sasoi onean mantentzeko eta bihotzeko gaixotasun askori zein odol-zirkulazioarekin, osteoporosiarekin, infekzioekin eta gehiegizko pisuarekin lotutako arazoei aurrea hartzeko.

Adierazi dutenez, ibiltzeak aldakako, izterretako eta zangoetako giharrak sendotzen ditu, odol-presioa doituz, bihotzekoak jotzeko arriskua murriztuz eta jarduera kardiakoa hobetuz. Horrez gain, estresa murriztu eta hezurren birsorkuntza sustatzen du, izan ere, elikagaietako kaltzioa hobeto profitatzen da hezurrei erregulartasunez eraginez gero.

June Ruíz Orcajo Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko presidenteordearen hitzetan, “ibiltzea dugu alternatibarik atseginena eta osasuntsuena, baita gizakiaren berezko mugimendua ere, lotailuak, giltzadurak eta tendoiak gainkargatzen ez dituena, lesioak izateko arriskua gutxituz”.

Fisioterapeutak dioenez, ibiltzeak berez ez du argaltzen laguntzen, “baina horrekin batera elikadura moderatua eginez gero, hartzen dugun baino kaloria gehiago kontsumituz, pisua galtzea lortuko dugu”. “Kilo bat gantzek 7.716 kaloria dituela frogatu da, eta horren haritik, egunean hartzen ditugun baino 1.102 kaloria gehiago kontsumitzen baditugu, astean kilo bat galduko dugu, osasungarritzat jotzen den gehienezko pisu-galera”, gaineratu du Ruíz Orcajok.

Kaloria-gastua kalkulatzeko arau orokor gisa, “4-6 kilometro orduko abiaduran ibili eta pertsonaren pisua egindako kilometro-kopuruaz eta 0,73 faktoreaz biderkatu” behar dela azaldu du. “Honela, abiadura horretan 10 kilometro egiten dituen 80 kiloko pertsona batek 584 kaloria inguru erreko lituzte”.

Martxaren alterazioak

Bestalde, euskal fisioterapeutek jakinarazi dutenez, gero eta jende gehiago joaten da podologoengana eta ortopedietara oinkada eta martxa aztertzera eta, era desegokian eginez gero, zuzenketa-neurriak planteatzera. Hala ere, jende gutxiagok omen daki fisioterapeutak era horretako desegokitasunak identifikatu eta tratatzeko prestatuta daudela, fisioterapia-tratamenduaren aurretik eta geroztik pazientearen grabitate-zentroa nola aldatzen den aztertuta.

EFEOren arabera, askotxo dira martxari eragin eta ohiko patroia aldaraz dezaketen patologiak. Balizko kausen artean, honako hauek nabarmen daitezke, besteak beste: beheko gorputz-adarrek luzera berbera ez izatea; izaera artikularreko mugapen bat, hau da, giltzadurak behar lukeen hedaduran mugitzeko gaitasunik ez izatea; martxa eragozten edota kapsularen eta lotailuen arteko lana egiteko muskulaturari aparteko ahalegina eragiten dion ezegonkortasun artikular bat; eta martxa antialgikoa, hau da, lesio batek eragindako minaren ondorioz ohiko ibilera ezin egin dezakeen pertsona baten oinak zein zangoak mugitu eta finkatzean gertatzen den alterazioa.

Horren haririk, June Ruíz Orcajok ziurtatu du fisioterapiak “ia beti martxaren alterazioak konpontzen eta arintzen laguntzen duela epe laburren nahiz epe luzean, erorikoak eta hauei atxikitako bestelako lesioak izateko arriskua gutxituz”.

Berrietara itzultzea