MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Zenbait zaintzaileren gainkarga fisikoak eta psikikoak osasunaren gaineko ondorio kaltegarriak eragin ditzake
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako gomendio berri honen arabera, karga pisuak maneiatzeko ohiturak bizkarrezurra kaltetu ahal du
Euskal fisioterapeutek gaur “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan aurkeztu duten kontseilu berriaren arabera, gorputz-jarreren higiene egokia mantentzea ezinbestekoa da adineko pertsonen zaintzaileek balizko lesioak prebenitu eta saihesteko eta, era horretan, zainketa lanetan ahalik eta baldintzarik onenetan jarraitu ahal izateko. Gaur egun, gero eta gehiago dira adineko pertsonak artatzeaz arduratzen diren zaintzaile ez-profesionalak, eta egoera honi erreparatuta, behar-beharrezkoa da gorputz-higiene egokia mantentzeak duen garrantzia ezagutzera ematea.
Hartara, gorputz-higiene egokia mantentzearen garrantziaz kontzientziarazteko, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala (EFEO), Madril, Katalunia, Galizia eta Nafarroako fisioterapeutekin batera, azaroko bideo-gomendioaz baliatu dira, adineko pertsonak artatzeaz arduratzen diren zaintzaileei horiek mobilizatzerakoan jarrera egokia mantendu behar dutela jakinarazteko.
Honela, euskal fisioterapeutek gogoratu dutenez, ondo kontuan hartu behar da beti bizkarrezurra dela gure gorputzari eusten dion ardatza eta ondo ezagutu behar ditugula bizkarrezurraren eta gorputz osoaren egonkortasuna arriskuan jar dezaketen faktoreak. June Ruiz Orcajo EFEOko presidentordearen hitzetan, “luzaz karga pisuak maneiatzea, flexio eta estentsio mugimenduak behin eta berriz egitea eta kargei eutsiz egindako tortsio-mugimenduak dira gure bizkarra gehien kalte dezaketen faktoreetako batzuk, ondo zaindu beharrekoak”.
Horrez gain, euskal fisioterapeuten ordezkariak ezinbestekotzat jo du bizkarra tente mantendu eta belaunak flexionatzea, esfortzua hanketako muskulaturara bideratzeko, normalean gutxiago landuta egon ohi den bizkarreko muskulaturari eragin beharrean. Horren harira, gure kargupean dagoen pertsona mobilizatzean, bizkarra biratu edo makurtu gabe uzteak duen garrantzia nabarmendu du.
Mobilizazio segurua egiteko jarrerak
Mugikortasuna da menpekotasun egoera dagoen pertsona bat zaintzean kontuan hartu beharreko alderdirik garrantzitsuenetako bat, eta norberaren etxean ez dira egoten beti baldintzarik egokienak mobilizazioa segurtasunez egin ahal izateko; hori dela eta, arreta handiagoa egin behar zaio gorputz-higieneari pazientearen jarrerak aldatzerakoan.
Ildo horretan, Ruiz Orcajok gogoratu du “zaintzaileek askotan osasunaren gaineko ondorio kaltegarriak ekar ditzaketen gainkarga fisikoak eta psikikoak pairatzen dituztela”. Hori dela eta, menpekotasun egoeran dauden pertsonak segurtasunez mobilizatzeko, kontuan hartu beharreko zenbait gomendio luzatu dituzte. Adibidez, “adineko pertsonaren jarrera aldatzerakoan, hankak flexionatu eta bizkarra tente mantendu behar dela” nabarmendu dute.
Ohean dautzan pazienteei agertu ohi zaizkien ultzerei dagokienez, euskal fisioterapeutek zaintzailearen gorputzaren pisuaz baliatzea gomendatu dute pazienteak alde batera edo bestera mugiarazterakoan. Azkenik, dietak eta ariketa fisikoak zaintzaileengan duten garrantzia nabarmendu dute, osasuntsu eta sasoian mantentzeko eta, horren bitartez, beren kargupean dituzten pertsonak hobeto zaindu ahal izateko.
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” delako kanpaina Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako fisioterapeutekin batera gauzatutako ekimena da. Honen helburua jarrera-ohitura okerrek eragindako lesioak prebenitzea da, eta horretarako, hilabetero sare sozialetan, komunikabideetan eta bestelako euskarrietan zehar zabaltzen diren animazioako film laburrez baliatzen dira.