HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2015 // 11 // 23 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Fisioterapia neurologikoak mugikortasuna berreskuratzen laguntzen die iktusa izan dutenei

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Madrilgo, Kataluniako eta Nafarroako elkargoekin batera, patologia honen prebentzioari eta tratamenduaren gaineko informazioari eskaini die azaroko bideo-gomendioa.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Madrilgo, Kataluniako eta Nafarroako elkargoekin batera, bideo-gomendio berri bat plazaratu du, fisioterapiaren onurak jendartean ezagutarazteko asmoz. Azaroko bideoan, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan, iktusaren prebentzioa eta fisioterapia neurologikoak patologia hori izan duten pazienteei eskain diezaizkiekeen onurak izan dituzte aztergai.

Honela, bideo-gomendioaren bitartez, euskal fisioterapeutek argi azaldu dute, iktusa, odola garunera garraiatzen duten odol-hodiei eragiten dien gaixotasun-multzo baten ondorioz gertatzen dela. Jendeak enboliak deritzen patologia hauek istripu zerebrobaskularrak (IZB) izenaz ere ezagutzen dira, eta bat-batean agertu ohi dira. Iktusa bihotzeko infartuaren antzekoa da, baina garunean gertatzen da.

Istripu zerebrobaskularra dugu heriotz-kausa nagusia Espainiako emakumeen artean, eta bigarren heriotz-kausa gizonen artean. Fisioterapeutek jakinarazi dutenez, Espainiako herritarren artean, seitik batek iktusa izango du bizitzan zehar, eta pairatzen dutenen artean, %40k bere kasa moldatzea eragoztuko dion ezintasunen bat izango du.

Iktusaren prebentzioa

Hala ere, euskal fisioterapeutek adierazi dutenez, iktusak prebenitu egin daitezke. Adina, aurrekari familiarrak, sexua eta arraza bezalako arrisku-faktoreak ezin dira aldatu, baina beste batzuk zuzendu egin daitezke. Haien esanetan, tabakismoa, alkoholaren gehiegizko kontsumoa, drogen kontsumoa, hipertentsio arteriala, odoleko kolesterol-maila handiak, diabetesa, obesitatea, bizimodu sedentarioa, gatz eta gantz asko duten dietak eta fibrilazio aurikularraren moduko bihotzeko gaixotasunak dira alda daitezkeen arrisku-faktorerik garrantzitsuenak.

Hori dela eta, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialetik ziurtatu dutenez, “iktusaren prebentzioa, bizimoduarekin lotuta egon ohi diren arrisku-faktore horiek zehaztu eta zuzentzean oinarritzen da, istripu zerebrobaskularra gerta ez dadin”.

Fisioterapiaren onurak

Alabaina, iktusa gertatzen denean, garrantzi handiko ondorioak utzi ohi ditu. Espainiako Neurologia Elkartearen arabera, iktusa pairatu duten pertsonen %45 inguruk hemiparesia izan ohi du (ahulezia edo alde bereko beso eta zangoaren paralisia), %15 inguruk mintzameneko afasia (komunikatzeko ezintasuna edo zailtasuna), %20k ez du ibiltzerik izango aurreratzean, eta %55ek zatikako edo erabateko laguntza behar izango du.

Horren kariaz, fisioterapeutek argi utzi dute fisioterapia neurologikoak mugikortasun-arazoak hobetu edo erabat sendatu diezaizkiekeela, iktusaren ondorioz asaldura sentsitibo-motoreak jasan dituzten pertsonei, arazo horiek norberaren bizimoduari uko egitera behar ez ditzaten.

Hasierako balorazioaren ondoren, fisioterapeutak tratamendua izan ditzaketen arazoak zehaztu eta zenbait helburu finkatzen ditu, pazientearekin nahiz honen senideekin adostuta. Fisioterapeuta neurologikoak zenbait teknika erabiliko ditu saioz saio, pazientearen alterazioak eta gaitasun fisikoak hobetzeko asmoz, mugimenduen eta gorputz-jarreren kalitatea eta eraginkortasuna hobetuz edo leheneratuz. Honek eragin zuzen-zuzena du pazientearen eguneroko jardunean, bizi-kalitatean eta ongizatean.

Fisioterapeutak oreka eta martxaren berreziketa landu ahal ditu, eta horri esker, egonkortasuna, abiadura eta erritmoa hobetu eta erortzeko arriskua murriz dezake. Gainera, autonomia areagotzen du desplazamenduetarako nahiz gorputz-jarreren aldaketetarako, espastizitatea murriztuz eta mina arinduz. Era berean, funtzionaltasun handiagoa eman ohi die goiko gorputz-adarrei.

Nola jakin pertsona bat iktusa pairatzen ari dela.

Euskal fisioterapeutek azaldu dutenez, pertsona batek ahulezia, sorgortzea edo paralisia baldin badu gorputzeko alde batean, edota hitz egiteko edo ulertzeko zailtasunak, ikusmenaren bat-bateko galera nahiz ikusmen lausoa, bertigoak, oreka-arazoak eta mugimendu-deskoordinazioak, baita bat-bateko eta ohiz kanpoko buruko min zorrotz-zorrotza, ageriko arrazoirik gabekoa, edota ibiltzeko zailtasunak ere, pertsona hori iktusa pairatzen ari dela susma daiteke.

Pertsonak sintoma horietakoren bat izanez gero, bi besoak altxatzeko eskatu behar zaio, eta beso bat ezin badu jaso edo bestea baino makalago altxatzen badu, arrisku-seinalea izan daiteke. Gainera, irribarre egin dezala eskatu behar zaio, eta ezpain-ertzak alde batera makurtzen badira, iktusa gertatzeko arriskua dago. Antzeko arriskua egon daiteke objektu bat seinalatu eta zer den galdetzen zaionean, silaben ordena aldatu edo objektuaren izena gaizki ahoskatzen baldin badu. Pertsonak sintoma horietakoren bat izanez gero, larrialdietara deitu behar da berehala, eta pertsonaren gerrikoa laxatu zain dagoen bitartean.

Berrietara itzultzea