MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
• Uztaileko ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainak ariketa fisikoa egiteak ekar ditzakeen ustezko arriskuei buruzko mitoak eta egia faltsuak gezurtatzen ditu
• Fisioterapeutek adierazi dute korrika egiteak ez duela belaunetako kartilagoa higatzen, eta pisua altxatzea edo indar-entrenamendua egitea ez dela kaltegarria bizkarrarentzat
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) adierazi du sinesmen eta mito faltsuak daudela zenbait ariketa fisikok, hala nola korrika egiteak edo pisua altxatzeak, sorraraz ditzaketen lesioen inguruan.
Horixe azaltzen da Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren (EFEO) ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren uztaileko bideo-gomendioan. Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoarekin, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin elkarlanean gauzatzen du kanpaina hori EFEOk, eta uztaileko gomendioan ariketa fisikoari eta lesioei buruzko mitoak gezurtatu dituzte: https://www.youtube.com/watch?v=1K2D47xUBxM
Zehazki, fisioterapeutek adierazi dute, uste zabaldua bada ere, korrika egiteak ez duela belaunetako kartilagoa higatzen eta ez duela bizkarrezurreko diskoen altuera murrizten, kontrakoa baizik. Hain zuzen, azaldu dutenaren arabera, zenbait azterketa egin dira belauneko artrosia duten 50 urtetik gora pertsonekin, eta egiaztatu da zenbat eta korrika gehiago egin, orduan eta altuera handiagoa dutela bizkarrezurreko diskoek.
Bestetik, bideoan adierazten da pisua altxatzea edo indar-ariketak egitea ez dela kaltegarria bizkarrarentzat. “Pisu-altxatzaile olinpikoek ez dituzte beste kirolari batzuek baino lesio gehiago izaten”, gehitu du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko presidenteorde June Ruizek.
“Jarduera fisikoa oso ona da osasunarentzat; izan ere, hilkortasuna murrizten du, gaixotasunak prebenitzen ditu eta, esan dugun moduan, ez da kaltegarria artikulazioentzat edo bizkarrarentzat”, azaldu du Ruizek.
Hain zuzen, bideoan ikus daitekeen bezala, mugimendua norbanako bakoitzaren bizitzaren parte da, eta hala muskuluak nola hezurrak handitu eta hazkuntzara egokitzen dira, indartsuagoak eta erresistenteagoak bihurtuz. Hori dela eta, fisioterapeutek gomendatzen dute kasu batzuetan helduaroan sortzen den sedentarismoari uko egitea.
“Batzuetan pentsatzen dugu gorputza makina baten antzekoa dela, eta erabileraren poderioz narriatu egiten dela. Ondorioz, gelditu egiten gara eta uko egiten diogu mugitzeari eta ariketa fisikoa egiteari. Baina uste hori okerra da: gure muskulu eta hezurrak egitura biziak dira; hortaz, egokitzeko gaitasuna dute eta indartsuagoak eta erresistenteagoak bihur daitezke, behar bezala estimulatuz gero”, adierazi du Ruizek.
Dena den, fisioterapeutek gogorarazten dute, patologiaren bat izanez gero, fisioterapeutarengana joan behar dela. “Fisioterapeutek, mugimenduaren arloko profesional gisa, gure zalantzak argituko dituzte eta kasu bakoitzean gehien komeni zaizkigun ariketak zein diren esango digute”, esan du, amaitzeko, Ruizek.