HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2016 // 12 // 22 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Urte hasieran sasoi fisikoa hobetzea erabakitzen dutenen artean, % 30ek baino ez du lortzen helburua betetzea

Euskal fisioterapeutek gomendatu die asmo hori gauzatu nahi dutenei, aldez aurreko azterketa muskularra eta artikularra egin dezatela, sasoi fisikoa eta hobetzeko egiazko aukerak ezagutu ahal izateko

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako elkargoekin batera, osasuna eta egoera fisikoa hobetzeko jarraibide batzuk eman ditu “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako azken bideoan.

Euskal fisioterapeutek, bizi-kalitatea hobetu eta balizko osasun-arazoak prebenitzeko herritarrei zenbait jarraibide ematea xede duen “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako azken bideo-kontseilua aurkeztu dute gaur. Oraingo honetan, urtea amaitzeko zorian, urte berriari begira sasoi fisikoa hobetzeko egin ohi ditugun asmo onak betetzeko modurik egokienaz ohartarazi dute. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialetik (EFEO) jakinarazi dutenez, urte hasieran, biztanleriaren % 12,6k erabakitzen du gimnasiora joatea, Showroomprive-ren kontsumoari buruzko urteko ikerketako datuen arabera, baina horietatik % 30ek baino ez du lortzen ohitura horrekin aurrera egitea.

Hori dela eta, euskal fisioterapeutek gomendatu diete asmo hori duten guztiei, aldez aurreko azterketa artikularra eta muskularra egin dezatela, asmo on hori arrakastaz gauzatu ahal izateko. Halaxe adierazi dute, Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako elkargoen lankidetzaz landutako animaziozko bideo batean.

Ekimen honen bitartez, June Ruiz Orcajo EFEOko presidenteordeak aholkatu die urte berriarekin batera kirola egitea erabaki dutenei, ariketa fisikoa egiten hasi baino lehen, fisioterapeuta batengana jo dezatela, balorazio muskuloeskeletiko bat egin eta kirola egiteko egoera onean dauden ala aldez aurreko tratamenduren bat behar ote duten zehaztu ahal izateko. Honela, fisioterapiako profesionalek egoera muskular eta artikularraren berri eman eta egokiena izan daitekeen kirol jarduera zehaztuko diete.

Ruiz Orcajok adierazi duenez, egoera fisiko hobetzeko gimnasio batera joatea erabakiz gero, “behar-beharrezkoa da diziplina eta irmotasuna izatea”, eta horren harira, “errealistak izan behar dugu norberak sasoi fisikoari zein denbora erabilgarriari dagokienez dauzkan aukerekin”. Euskal fisioterapeutek apurka-apurka eta jarduerarik egokienekin hastea aholkatu dute, eta horietan aurrera egiteko programazio bat mantentzea, hilabetez hilabete, sasoia hobetzeko helburua bete ahal izateko.

Bestelako asmo onak

Urte amaierako asmo onak gauzatzeko, EFEOko presidenteordeak zera gomendatu du: lehendabizi, helburuak finkatzea, zergatik lortu nahi ditugun argudiatuz, eta horrekin batera, lehentasunak aukeratzea, nola egingo dugun planifikatzea eta zerrenda ikusteko moduko leku batean jartzea, zertarako ahalegintzen ari garen gogora dezagun. Nolanahi ere, “ezin dugula esatea da geure buruari jartzen diogun eragozpenik handiena”, esan du.

June Ruiz Orcajok nabarmendu duenez, helburu gutxi batzuk finkatu beharko genituzke, horietakoren batean arrakasta lortu ahal izateko, normalean ez baita arrakastarik lortzen helburu gehiegi ezarriz gero. Bestalde, asmo onak lantzerakoan, emozioaren eraginez, ondo sentitzen laguntzen diguten endorfinak sortzen hasten garela esan du, baina haren iritziz, garrantzitsua izan liteke porrota ere publikoa izatea, lotsaren eraginez motiba gaitezen.

Gimnasiora joateaz gain, pisua galtzea eta tabakoaren kontsumoa murriztea dira garai honetako asmo ohikoenetako batzuk. Pisua galtzerakoan, arazoa yo-yo efektua eragiten duen mantenimendua da, Ruiz Orcajoren hitzetan, eta ondorioz, derrigorrezkotzat jo du elikadura eta ariketa fisikoari buruzko aldez aurreko azterketa bat egitea, dieta pertsonalizatua lantzeko. Erretzeari uzteari dagokionez, gaur egun erronka hau askoz ere errazago gaindi daiteke, leku publikoetan debekatuta dagoelako eta jendartean gaizki ikusita dagoelako.

Abenduko gomendio honen bitartez, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak amaiera eman dio 2016ko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainari, 2017rako kanpaina berria prestatzen duen bitartean. “Gure ustez, Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako lankideekin batera egiten dugun kanpaina hau gure gizarteen osasunaren mesedeko fisioterapia prebentiboa egiteko modu bikaina da. Horrez gain, ekimen honen bitartez, herritarrek gure lanbidea hobeto ezagutzea lortu nahi dugu, haien bizi-kalitatea hobetzeko eskaintzen dizkiegun aukerak eta baliabideak behar bezala baliozta ditzaten”, gaineratu du June Ruiz Orcajok.

Berrietara itzultzea