HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2016 // 06 // 22 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Gidatzean gorputz-jarrera egokia mantentzeak trafiko-istripuak saihesten laguntzen du, euskal fisioterapeuten esanetan

Bolanteari bi eskuekin eutsi behar zaio, esku-ahurrak goiko aldean jarrita, bizkarraldea ondo finkatuta –ez zuzen eta ez etzanda–, behar bezala eserita, eta ordu eta erdiro atsedenaldiak eginez

Hauxe da Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako elkargoekin batera garatzen diharduen “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren hilabete honetako bideo-gomendioaren ondorio nagusia

Euskal fisioterapeutek gaur gogoratu dutenez, gidatzean gorputz-jarrera egokia mantendu behar da trafiko-istripuak saihesteko. Baieztapen hau, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) gaur aurkeztu duen bideo-gomendiotik aterata dago, Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako elkargoekin batera garatzen diharduen “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainari jarraiki. Ekimen honen bitartez, euskal fisioterapeutek gidatzean erabili beharreko gorputz-jarrera zuzena mantentzen irakatsi nahi dute, eta horrez gain, milaka herritar oporretako joan-etorriak hastekotan direlarik, zenbait gomendio eskaini dituzte gidatze segurua izan eta trafiko-istripuak saihesteko.

June Ruíz Orcajo EFEOko presidenteordeak jakinarazi duenez, “garrantzi handikoa da era ergonomikoan gidatzea, eta horretarako, bolanteari bi eskuekin heldu behar zaio”. Era berean, bolantearekiko distantzia egokia zein den jakiteko, “bi besoak luzatu eta eskumuturrek bolantearen goiko aldera” iritsi behar dutela azaldu du.

“Gidatze segururako beste alderdi garrantzitsu bat”, gaineratu du Ruíz Orcajok, “behar bezala eserita egotea da, lesioak eta jarrera-ohitura kaltegarriak saihestearren”. Gainera, euskal fisioterapeuten hitzetan, kontu handiz ibili behar da gidatzean behin eta berriz errepikatu eta lesioak eragin ditzaketen maniobrekin, bereziki martxa aldatu eta pedalei eragitean.

Ibilgailuan sartu eta irteetean gerta daitezkeen lesioak ekiditeko, euskal fisioterapeutek lehendabizi pelbisa sartu eta eserlekuan finkatzea gomendatu dute, hankak barrualdera biratu baino lehen. Autotik irteteko, alderantziz egin beharko genuke.

Bizkarraldea dugu tentu handiz zaindu beharreko beste osagai bat. EFEOko presidenteordeak adierazi duenez, “ez dugu zuzenegi edo etzanegi eseri behar, besoak eta ukoak behar adina luzatuta egon daitezen”. Gainera, gidariaren “eskuineko belauna aske eta ibilgailuaren barrualdearen kontra finkatu gabe eramatea” gomendatu du, “inurridura eragin dezakeen nerbio-estutzerik gerta ez dadin”.

Bestalde, June Ruíz Orcajok gogoratu du buru-euskarria segurtasun pasiboko elementua dela, eta ondorioz, ez dela burua gainean jartzeko erabili behar. “Honen funtzioa, talka izatekotan gerta daitekeen zigorrada zerbikala ekidin edo arintzea da, eta horretarako, begiak buru-euskarriaren erdialdearen parean geratzen direla finkatu behar dugu”.

Kontzentrazioari eutsi eta balizko lesioak ekiditeko atsedenaldiak ere lehentasunezkoak dira gidatzerakoan. “Gehienez, ordu eta erdiz gidatu behar dugu, eta gero atseden hartu, eta atsedenaldietan besoei, hankei eta lepoaldeari eragitea komeni da, eragitea eta erlaxatzea”, nabarmendu du EFEOren bozeramaileak.

Leihoetatik eskuak eta besoak ez ateratzea dugu euskal fisioterapeutek egindako beste ohartarazpen garrantzitsuetako bat, hala jokatuz gero inpakturen bat jaso eta anputazioak pairatzeko arriskua baitago. Gainera, gidariaren ondoan eserita daudenek ez dituzte inoiz hankak aginte-mahaiaren gainean jarri behar, izan ere, istripurik izatekotan, pelbiseko luxazioa edo haustura gerta bailitezke, besteak beste.

Lesiorik ohikoenak

Era berean, euskal fisioterapeutek jakinarazi dutenez, trafiko-istripuen ondorioz, askotan epe luzeko tratamenduak behar izaten dira, eta zenbait kasutan, bizitza osoko arreta. Kontusioez gain, traumatismo kraneoentzefalikoak eta larritasun maila aldakorreko hausturak eta polihausturak izaten dira dira trafiko-istripuei atxikitako lesiorik ohikoenak.

Estatuan, 1.688 pertsona hil ziren 2015ean trafiko-istripuen ondorioz, DGTren arabera. Gainera, ONUk jakinarazi duenez, munduan 50 bat milioi lesio eta Estatuan 100.000 inguru gertatzen dira urtean, kausa horrexeri lotuta.

Amaitzeko, euskal fisioterapeutek gogoratu dute gidatzean ez dela telefono mugikorra erabili behar, ezta alkohola edo drogak kontsumitu ere, eta segurtasun-uhala lotuta eraman eta txirrindulari nahiz oinezkoen kaltegarritasunari erreparatu behar zaiola une oro.

Berrietara itzultzea