MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak adierazi duenez, emakumeek gizonek baino lau aldiz lesio eta arazo gehiago izaten dituzte oinetan
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako bideo-kontseilu berri batean, gure oinkadak aztertzea aholkatu dute, balizko arazoak prebenitu ahal izateko
Euskal fisioterapeutek egunero oinetakoak eta takoiaren altuera aldatzea gomendatu dute “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren azaroko bideo-kontseiluan, balizko lesioen garapena saihestu ahal izateko. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako elkargoekin batera garatzen du ekimen hau, herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzen lagun dezakeen prebentzio eta sentsibilizazioaren arloko lana gauzatzeko asmoz.
EFEOtik adierazi dutenez, emakumeek gizonek baino lau aldiz lesio eta arazo gehiago izan ditzakete oinetan. June Ruiz Orcajo euskal fisioterapeuten presidenteordearen esanetan, “luzaz takoiak erabiltzeak era askotako lesioak eta desorekak eragin ditzake gorputz-jarreran, baita artrosia eta artritisa bezalako patologiak belaunetan, nerbioetako arazoak, tendinitisa, juanikoteak, mailu-behatzak, metatartsalgia edota orkatiletan bihurdurak eta hausturak izateko joera, besteak beste”.
Takoiak laburragoak
Lesio hauei aurrea hartzeko, euskal fisioterapeutek gehienez 5 zentimetroko altuera duten takoiak erabiltzea gomendatu dute, eta plataformak erabiltzekotan, leuntzeko gaitasuna eta takoiarekiko 3 zentimetroko gehienezko altuera dutenak aukeratzea.
Bestalde, takoiak erabiltzeko ohiturarik ez duten emakumeei aholkatu diete, inoiz ezkontza baterako edo bestelako ospakizunen baterako erabili behar izatekotan, oinarri zabaleko takoiak aukera ditzatela pisua hobeto banatzeko, eta ahal dela, plataforma pixka batekin eta 3 zentimetroko gehienezko altuerarekin.
June Ruiz Orcajok ziurtatu duenez, “takoiak era desegokian erabiltzeak hankaren atzealdeko muskulatura labur dezake, bikiak alegia, orpoetako tendinopatiak erraztuz. Gainera, ohiko martxa aldarazten du, belaunetan, aldaketan eta bizkarrean patologiak izateko arriskua areagotuz”.
Horren harira, Ruiz Orcajok esan du “askotan ez diegula merezi duten garrantzia ematen oinei, ez dugula aintzakotzat hartzen nolako oinetakoak erabiltzen ditugun edo nolako oinkadak egiten ditugun, eta horrek guztiak eragin zuzena izan dezakeela gure osasunean”.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialetik azaldu dutenez, “gure oinkadak egokiak diren ala ez egiaztatzeko, oinetakoen higadurari baino diogu erreparatu behar. Eskuineko eta ezkerreko oinen higadura ez bada simetrikoa, fisioterapeuta, podologo edo ortopediako teknikari batengana jo behar dugu argibide bila, izan ere, hori zuzentzen ez baldin badugu, arazoak izan ditzakegu gerora belaunetan, pelbisean edo bizkarrean”.