MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Ekimena Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak eta Euskadiko Podologiako Elkargo Ofizialak antolatu dute. Ekimenean osasunaren eta kirolaren adituak bildu dira atleta erdigunean jartzen duen diziplinaz gaindiko paradigma berri bat lantzeko
Sergio Románek (atleta masterra, 3000M-ko Europako txapeldunordea eta 105.000 km baino gehiago korrika egin dituena) hitzaldi bat eskainiko du lan funtzionalaren, errekuperazioaren eta elikadura orekatuaren garrantziari buruz, elementu gakoak baitira 40 urtetatik aurrera korrika egiten jarraitzeko
Donostiako Kirol Etxearen egoitzak (Anoeta pasealekua 5) kirolariei eta osasunaren arloko profesionalei zuzendutako ekimena hartuko du azaroaren 29an (ostirala), 16:00etatik 20:00etara bitartean
Donostia, 2024ko azaroaren 27a.- Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Euskadiko Podologiako Elkargo Ofizialarekin (EPEO) batera, “Osasun eta Errendimendua korrikalarietan I. Jardunaldia” antolatu du. Donostiako Kirol Etxearen egoitzan izango da azaroaren 29an (ostirala). Topaketak osasunaren eta kirolaren arloko adituak bilduko ditu, gero eta zale gehiago dituen diziplina horretan lesioak ekiditeko eta errendimendua hobetzeko tresna gakoak emateko.
Jardunaldian zehar, funtsezko gaiak aztertuko dira, hala nola biomekanikak korrikaldi-teknikan duen garrantzia, adinaren ondorioz gertatzen diren aldaketa fisiologikoetara egokitzeko estrategiak, eta nola fisioterapeuten, podologoen eta kirolaren arloko beste profesional batzuen arteko lankidetzak korrikalarien osasuna eta errendimendua optimiza ditzakeen, batez ere 40 urtetik gorakoak badira.
40 urtetik gora korrika egitea
Sergio Románek 105.000 km baino gehiago egin ditu korrika, 800 lasterketatan baino gehiagotan parte hartu du, 3.000 metrotako Europako txapeldunordea da, Espainiako txapelduna, bi mundu marka ditu 4x800 metrotan, eta beste titulu askorekin jarrai genezakeen… Eta ostiraleko hitzaldietan parte hartuko du. “Corre inteligente: claves para prevenir lesiones y poder seguir corriendo a partir de los 40“ (“Egin korrika buruarekin: lesioak prebenitzeko eta 40 urtetik gora korrika egiten jarraitu ahal izateko gakoak”) izeneko hitzaldian, motibazioari eusteko, lesioak prebenitzeko eta kirolaz gozatzen jarraitzeko estrategia zehatzak azalduko ditu.
“Urteak bete ahala, running-a gorputzera egokitzeaz gain, burura ere egokitu behar da”, adierazi du Románek. Gorputzaren seinaleei arreta jartzen ikasi behar dugu, baita entrenamenduen bolumena eta intentsitatea egokitzen ere. Horrez gain, Románek lan funtzionalaren, errekuperazio egokiaren eta elikadura orekatuaren garrantzia azpimarratuko ditu. Gainera, azaldu egingo du “gutxiago gehiago da” ikuspegia gakoa izan daitekeela 40 urtetik gorako korrikalariek beren bertsio eguneraturik onena aurki dezaten, kirola bizimodu jasangarri bihurtuta.
Diziplinaz gaindiko ikuspegia: atleta erdigunean
Korrikalariaren ongizatea eta lesioen prebentzioa lortzeko ikuspegi integrala eta diziplina anitzekoa dira jardunaldien oinarria. Horri lotuta, jardunaldietan ere parte hartuko duen ergonomia eta talka-uhinen aditu Borja Salcedo fisioterapeutak ideia hau partekatu du: “diziplinaz gaindiko ikuspegian medikuak, fisioterapeutak eta podologoak lankidetza estuan arituko gara prestatzaile fisikoekin eta kirolaren arloko beste profesional batzuekin, ikuspegi hori ezinbestekoa baita ariketa eta errekuperazio efizientea sustatzeko”. Izan ere, horrek guztiak pazienteari buruzko informazio aberasteaz gain, diagnostiko zehatz eta goiztiarragoak egitea ahalbidetuko du. “Muskuluen haustura batean, adibidez, eragina izan dezakete estres faktoreek, elikadurak edo kirol-praktika gehigarriek. Pazientearen dimentsio psikosozial osoa ulertu behar dugu haren osasunari osotasunean heltzeko”, baieztatu du.
Lucio Románek ere hitzaldietan parte hartuko du; kirolaren arloko podologoa da, baita beheko gorputz-adarreko biomekanikako aditua ere. Románen hitzaldian lesioen prebentzioan eta errendimendua hobetzeko biomekanikak duen garrantzia azpimarratuko da. Oinkadaren eta mugimenduaren analisi xehatuaren bidez, korrikalariek beren korrikaldi-teknika optimiza dezakete, baita kirol egokia hautatu eta lesio komunak ekidin ere (hala nola tendinopatiak edo hanketako arazo muskularrak).
Hitzaldi eta hizlari guztiak jasotzen dituen egitarau osoa esteka honetan aurki daiteke: https://podologiaeuskadi.com/eu/osasun-eta-errendimendua-korrikalarietan-i-jardunaldia/ Jardunaldiak running-aren diziplinaz gaindiko ikuspegian interesa duten korrikalariei eta osasunaren arloko profesionalei zuzenduta daude, eta esteka horretan bertan eman daiteke izena parte hartzeko.
EFEOri buruz
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak 3.402 elkargokide ditu* (% 69 emakumeak eta % 31 gizonak) geografikoki banatuta (% 46,4 Bizkaian, % 38,9 Gipuzkoan eta % 14,7 Araban). EFEOren helburua da sektoreari eragiten dion indarreko araudiari buruzko informazio garrantzitsua eta eguneratua eskaintzea, baita aholkularitza berezitua ematea ere fisioterapiari lotutako gaietan, segurtasun-berme osoz lan egiten duen kolektibo lehiakorra izateko xedez.
*2023/12/31ko datuak