HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2021 // 09 // 23 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



Fisioterapia aktiboak erabat alda dezake zahartze-prozesua

Fisioterapiak askotariko onurak ditu adinekoentzat: muskuluak indartzea, elastikotasuna areagotzea, antsietatea eta estresa murriztea, osasun mentala hobetzea, patologia batzuei aurrea hartzea edo lo egiten laguntzea, besteak beste.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), UPV/EHUn egindako ikastaro batean (60 fisioterapeutak baino gehiagok hartu dute parte), fisioterapia zahartze-prozesuko aldaketa-bektore gisa landu du.

Bizi-ohitura osasungarriak izatea eta norberaren gaitasunetara egokitutako ariketa fisikoa egitea onuragarria da modu osasuntsuan zahartzeko. Hori horrela, adinean aurrera egin ahala, fisioterapiaren zeregina funtsezkoa da; izan ere, adinekoen gaitasun fisikoa hobetzen du eta minak eta gaixotasunak gainditzen laguntzen die.

Fisioterapiak askotariko onurak ditu adinekoentzat: muskuluak eta hezurrak indartzen ditu; elastikotasuna, indarra, oreka eta malgutasuna areagotzen ditu; antsietatea eta estresa murrizten ditu; osasun mentala hobetzen du; lo egiten laguntzen du; zenbait patologia saihesten ditu, hala nola gehiegizko pisua; eta pazienteak bere lokomozio-gaitasunetan konfiantza handiagoa izatea ahalbidetzen du.

Horrez gain, adinekoei zuzendutako fisioterapiaren bidez, min baten jatorria identifika daiteke, lesio baten larritasuna balora daiteke edo pazientearen mugikortasuna mugatzen duten faktoreak zein diren asma daiteke. Ahalmen diagnostiko hori funtsezkoa da halako arazoei konponbide egokia bilatzeko.

Prestakuntza espezifikoa UPV/EHUn

Ildo horretan, irailaren 16an, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera antolatutako “Fisioterapia activa como palanca de cambio durante el envejecimiento” online uda-ikastaroan hartu zuen parte. Jardunaldi horretan 60 fisioterapeutak baino gehiagok hartu zuen parte eta 12 hitzaldi egin ziren. Horietan, hizlari adituek gaiari buruzko informazio eguneratua eman zuten eta balioa eman zieten terapia aktibo fisikoak adinekoentzat dakartzan onurei, fisioterapiaren hainbat esparrutan.

Ikastaroaren helburua izan zen erreferentziazko topagune bat sortzea zahartzearen arloan lan egiten duten eta esparru horretan prestakuntza jaso nahi duten fisioterapeutentzat. Horrez gain, osasun-zientzien, kirolaren zientzien eta jarduera fisikoaren arloetako gainerako profesionalei fisioterapiaren bidez esku hartzeko zenbait programa ezagutarazi nahi izan zitzaizkien, zahartze osasuntsua sustatu ahal izateko dimentsio arteko ikuspegi batetik. Azken batean, xedea izan zen fisioterapia gizartera eta administrazio publikoetara gerturatzea, zahartze-prozesuaren etapa guztietan bizi-kalitatea bermatuko duten politiketan lan egiteko eta bizi-itxaropen egokia eskaintzeko helburuarekin.

Ikastaroan mundu-mailako hiru ikertzaileren hitzaldi magistralak entzuteko aukera izan genuen: Sophie Heywood doktorea (Melbourneko St. Vincent ospitalea, Australia), Antonio Cuesta Vargas doktorea (Málagako Unibertsitatea, Espainia) eta David Beckwée (Bruselako Unibertsitatea, Belgika). Hirurek azpimarratu zuten kolektibo horrentzat oso garrantzitsua dela ariketa fisikoa egitea, eta arlo horretan indarrean dauden joera berriak azaldu zituzten. Horrez gain, honako hauen hitzaldiak ere izan ziren entzungai: Málagako Unibertsitateko Clinimetría ikerketa-taldeko kideak, Deustuko Unibertsitateko eta Gimbernat Unibertsitateko irakasleak, eta Uliazpiko kideak.

Askotariko gaiak landu ziren, esate baterako: uretan egiten den lanaren garrantzia, kontuan hartzeko moduko alternatiba gisa; nola landu pazienteen ahultasuna eta sarkopenia; eta paziente bakoitzari egokitutako ariketak egiteak osasun mentalerako eta nahasmendu neurodegeneratiboetarako daukan garrantzia. Horrez gain, azpimarratu zen funtsezkoa dela behar bezala tratatzea adinekoek izan ditzaketen arnas muskuluetako ahultasuna, nahasmendu urologiko eta ginekologikoak eta prozesu onkologikoak. Bestetik, etorkizuneko balorazio-teknologia berriak aurkeztu ziren, euskal dantza tradizionalek joera aktiboak sortzeko hartu duten garrantzia aipatu zen eta runningari lotutako artrosiari buruzko mitoei buruz hitz egin zen.

Berrietara itzultzea