HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2015 // 02 // 19 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Fisioterapiak bularreko minbiziaren ondorio kroniko baina saihesgarria den linfedema prebenitzen lagun dezake

Kanpaina Madrilgo, Kataluniako eta Nafarroako elkargoekin batera egiten ari da

Fisioterapiak, bularreko minbiziaren ondorio kroniko baina saihesgarria den linfedema prebenitzen lagun dezake. Hori dela eta, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren (EFEO) “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren bigarren bideoaren bitartez, tratamendu prebentiboen garrantziaz ohartarazi nahi da. Kanpaina hau Madrilgo Autonomia Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin eta Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoarekin batera egiten ari da.

Bularreko minbizia izan duten emakumeen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da fisioterapiak esparru honetan duen helburua, bereziki gogoan izanda, emakume askorentzat linfedema eragozpen larria izan daitekeela ohiko zereginetan eta gizarte nahiz lan giroko jardueretan.

Horren haritik, euskal fisioterapeutek azaldu dutenez, bularreko minbizia da herrialde garatuetako emakumeei gehien eragiten dien tumorea, eta patologia honi aurre egiteko tratamenduek linfedema bezalako albo-ondorioak eragin ditzakete. Konplikazio honek gorputz-adar baten hantura eragin ohi du, normalean besoarena, larruazalaren eta giharren artean dagoen likido tisularraren metaketaren ondorioz. Bularreko tumorea erauzteko ebakuntzaren ondoren agertu ohi da, bereziki ebakuntza horretan zenbait gongoil axilar kentzen baldin badira.

Hauexek dira sintomarik agerikoenak: kaltetutako gorputz-adarraren bolumenaren gehikuntza, edema, astuntasuna, gorritasuna, asimetria fisikoa, itxuragabetzea, mugikortasun-arazoak, mina eta infekzioak izateko arriskua, besteak beste, gorputz-adarraren funtzionaltasunaren kaltetan.

Nola prebenitu

Kanpaina honekin bat egin duten elkargo profesionalen hitzetan, bularreko minbiziari dagokionez, erauzketak eragindako linfedemaren albo-ondorioa gongoilak kentzen diren ebakuntzen % 25-30ean gerta daiteke, eta inpakturik handieneko efektuetako bat da. Behin agertuta konplikazio kronikoa bilakatu ohi da, baina fisioterapeutek jakinarazi dutenez, ebakuntzaren ondorengo neurri egokiak hartuz gero, prebenitu egin daiteke.

EFEOk gomendatu die bularreko minbiziaren aurkako ebakuntza egina duten pazienteei “besoaren mugikortasunari eragiteko ariketa-programa bat egitea, balizko konplikazioak saihesteko”, eta aldian-aldian ebakuntza ondoko jarraipena egitea fisioterapeuta baten laguntzaz, ohitura higieniko-sanitario egokietan treba ditzan.

Arazo hori paira dezaketen emakumeei, kaltetutako besoan injekzioak, tentsio arteriala hartzea eta bestelako prozedura medikoak ekiditea aholkatu die, larruazala ondo hidratatuta mantenduz, zauriekin kontuz ibiliz eta ondo sendatuz, gorputz-adar horrekin mugimendu errepikakorrik, lan nekagarririk edo gehiegizko ahaleginik egin gabe, tenperatura altuetan jarri gabe eta arropa edo osagarri esturik erabili gabe.

Horrez gain, inpaktuko kirolik ez egitea eta bizimodu osasuntsua izatea gomendatu die, erregulartasunez ariketa fisikoa eginez, dieta orekatua mantenduz, ohitura toxikoak baztertuz eta abar.

Era berean, gorputz-adarra handitzen dela nabaritzekotan, pazienteak lehendabizi medikuarenera eta gero fisioterapeutarenera jo behar duela adierazi dute, balorazioa egin eta tratamendua jartzeko. Gaur egun, teknika hauek erabiltzen dira linfedemen tratamendurako: eskuzko drainatze linfatikoa, presoterapia, geruza anitzeko hesgailuak eta eusteko mahukatxoak.

Gorputz-adarraren bolumena txikitu eta ehuna egoera onean mantentzea da teknika horien guztien helburua. Horren haritik, fisioterapeutek gogorarazi dute garrantzi handikoa dela linfedema hasiera-hasieratik tratatzea, eta fisioterapiako profesionalek pazienteei une oro laguntzeko prest daudela ohiko bizimodura itzul daitezen.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak Euskadin lanbide honetan diharduten 2.000 profesional baino gehiago ordezkatzen ditu gaur egun, eta Madrilgo, Kataluniako eta Nafarroako fisioterapeutekin batera landutako kanpaina bateratu honen bitartez, patologiarik ohikoenetako batzuk prebenitzen eta sendatzen lagundu nahi du.

Berrietara itzultzea