HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2018 // 10 // 09 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoak eta euskal fisioterapeutek ohartarazten dute osasun-arloko prestakuntzarekin lotutako iruzurrezko publizitatea egiten dela

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) eta Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoak (EKE) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari eskatzen diote nahitaez informatzeko politikak ezartzeko eta kontrol-neurriak hartzeko, fisioterapiaren arloko iruzurrezko prestakuntza-produktuak kontratatu ez daitezen.

Bi erakundeek eskatzen dute informazio egiazkoa, osoa eta xehatua eman dadila irakaskuntza ez-arautua ematen duten zentro eta akademietako prestakuntza-eskaintzetan.

Ez dago halako produktuak kontrolatzeko politikarik eta, horrenbestez, ustez osasun-arloko gaitasunak lortuko dituztelakoan produktuok kontratatzen dituzten pertsonak inolako babesik gabe geratzen dira.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoak (EFEO) eta Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoak (EKE) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari eskatzen diote nahitaez informatzeko politikak ezartzeko eta beharrezko kontrol-neurriak hartzeko, fisioterapiaren arloko iruzurrezko prestakuntza-produktuak kontratatu ez daitezen, urtero-urtero gertatzen den moduan.

EFEOren eta EKEren ustez, halako eskaintzek ez dituzte inola ere betetzen berez eska daitezkeen bermeak, Kontsumitzaileen eta Zerbitzuen Erabiltzaileen Defentsarako Araudi Orokorrean jasotakoak. Bi erakundeek eskatzen diote Kontsumobideri zenbait neurri har ditzala irakaskuntza ez-arautuko zentro eta akademiek informazio egiazkoa, osatua eta xehatua eman behar izan dezaten prestakuntza-eskaintzetan. Informazio horretan agertu beharko dute zentro edo akademia horretan oro har osasunaren arloan eta zehatzago fisioterapiaren arloan landuko diren teknikek, tresnek eta/edo kontzeptuek (kiromasajea, osteopatia, fisioterapiako laguntzailea, drainatze linfatikoa, kirol-masajea, etab.).

Argi dago informazio xehakatua ez emateak eta kontsumitzaileak halako produktuak eskuratzeko duen modua behar bezala ez kontrolatzeak ondorio larriak dakartzala. Adibidez, marketin-kanpaina agresiboak egiten dira (batzuetan iruzurrezko publizitate eta guzti), zeinetan adierazten baita halako irakaskuntzetan matrikulatzea eta horiek gauzatzea “bermedun proiektu profesionala” dela, baina ondoren irakaskuntza horiek ez dute benetan osasun-arloan lan egiteko gaikuntzarik ematen. Horrez gain, kasu batzuetan kontsumitzaileek ez dakite jasoko duten tituluak zer muga dituen benetan eta zertarako gaikuntza emango dien.

Ez dago halako produktuak kontrolatzeko informazio-politikarik edo kontrol-politika zorrotzik eta, ondorioz, bi erakundeek azken urteetan ikusi dute ustez osasun-arloko gaitasunak lortuko dituztelakoan produktuok kontratatzen dituzten pertsonak inolako babesik gabe geratzen direla. Kasu horiek, gainera, osasun-arloko intrusismo profesionalarekin lotu daitezke askotan.

Irakasteko askatasunak legezkotasuna ematen dio irakaskuntza ez-arautuko zentro eta akademietan egindako irakas-jarduerari, baina horrek ez du oztopo izan behar informazio xehatua eta gardentasun- eta egiazkotasun-irizpideak errespetatuko dituena emateko mekanismoak ezartzeko. Izan ere, halako informazioa emateak galaraziko die zenbait zentro eta akademiari beren zerbitzuon erabiltzaileen konfiantzaz aprobetxatzea.

Berrietara itzultzea