HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2020 // 03 // 06 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak doako telelaguntza zerbitzu bat jarri du abian, herritarren kontsultei erantzuteko

Ekimen honek aukera ematen die Elkargoko fisioterapeutei herritarrek fisioterapiaren arloan egiten dituzten kontsultei erantzuteko eta osasunaren esparru horretan dagoen zaintza- eta arreta-eskariari erantzun egokia emateko.

Interesdunek 944.02.01.55 telefono-zenbakira dei dezakete eta kontsultaren arrazoia azaldu; ondoren, profesional batek artatuko ditu, telematikoki.

COVID-19a zabaltzearen ondorioz deklaratutako osasun-alertaren aurrean, eta konfinamendu luze orok herritarrengan izan ditzakeen ondorioen jakitun, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) doako telelaguntza-zerbitzu bat jarri du abian, herritarrek fisioterapiaren arloan egiten dituzten kontsultei erantzuteko.

Ekimen hau abian jartzeko arrazoia izan da azken egunetan herritarrek kontsulta ugari egin dizkiotela EFEOri. Izan ere, fisioterapia-zentroak itxita daudela ikusita, harremanetan jarri dira Elkargoarekin, fisioterapiarekin lotutako kontuei buruzko galderak egiteko: artikulazioetako minak, kontrakturak, gainkarga muskularrak, arnasketa-arazo arinak, etab.

Halako zalantzak argitzeko, interesdunek EFEOren telefono-zenbakira dei dezakete (944 02 01 55), astelehenetik ostiralera 9:00etatik 17:30era, eta ostiraletan 9:00etatik 15:00etara. Dei horretan, interesdunak labur azaldu beharko du bere kontsultaren arrazoia, eta galdetegi bat bete beharko du (datuak babesteko neurri guztiak beteko dira). Profesional batek ebaluatuko du galdetegi hori eta pazientearekin harremanetan jarriko da, informazioa lehen eskutik ezagutzeko. Kontsultei erantzungo dieten profesionalak askotariko tratamendu-esparruetan lan egiten duten fisioterapeutak dira: patologia muskuloeskeletikoak, neurologikoak eta arnasarekin lotutakoak; haurren patologiak; adinekoen patologiak; etab. Tratamendu guztiak telematikoki egingo dira, telefonoz edo bideodei bidez, baldin eta fisioterapeutak eta herritarrak horretarako behar den teknologia badute.

Interesdunek fisioterapeuta jakin batengana joateko ohitura badute, EFEOk gomendatzen du telelaguntza-zerbitzua erabili aurretik profesional horrekin harremanetan jartzea; izan ere, hark hobeto ezagutuko du pazientea eta tratamendu egokiagoa agindu diezaioke. Interesdunak ezin izan badu bere ohiko fisioterapeutarekin harremanetan jarri edo normalean fisioterapeutarengana joaten ez bada, telelaguntza-programan sartuko da.

Zerbitzu honek agerian uzten du EFEOk, fisioterapiaren arloan dagoen zaintza- eta arreta-eskaria ikusita, herritarrei erantzun bat emateko egiten duen ahalegina.

Berrietara itzultzea