HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2015 // 11 // 04 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek gailu mugikorren gehiegizko erabilpenarekin lotutako gaixotasun “teknologiko” berrien agerpenaz ohartarazi dute

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) jakinarazi duenez, gailu mugikorren etengabeko erabilpena kaltegarria izan daiteke gure osasunerako, ikusmen-nekea gisako gaixotasun berriak sortuz, edota gorputz-jarrera okerren ondoriozkoak, “testu lepoa” kasu

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) gaur jakinarazi duenez, gaixotasun “teknologiko” berriak sortzen ari dira gailu mugikorren gehiegizko erabilpenaren ondorioz. Hori dela eta, Madrilgo, Kataluniako eta Nafarroako elkargoekin batera, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako bideokontseilu bat eskaini diete gure gizartean gero eta ohikoagoak diren patologia berri hauei.

Euskal fisioterapeutek azaldu dutenez, smartphone, tablet eta gainerako gailu mugikorren etengabeko erabilpena kaltegarria izan daiteke gure osasunerako hainbat mailatan, ikusmen-nekea gisako gaixotasun berriak sortuz, baita gailu horiek erabiltzean izandako gorputz-jarrera okerren ondoriozkoak ere, lepoa luzaz gaizki jarrita edukitzeak ekar dezakeen “text neck” edo “testu lepoa” delakoa, kasu.

Bideokontseilu honen bitartez, fisioterapeutek argi utzi dute, horrelako arazoak saihesteko, pantaila bat luzaz eta manipulatu beharrik gabe erabiltzen denean (adibidez, tablet edo gailu mugikor baten laguntzaz film bat ikusi edo online ikastaro bat egiten denean), gomendagarria dela gailua azalera lau baten gainean eta lepoa zuzen mantentzeko moduko altueran jartzea.

Kontuz whatsapp-arekin

Gainera, hatz lodiak zaintzera ere gonbidatu dute, horiexek baitira mugikorrarekin txateatzean edo bideojokoetan jardutean gehien sufritzen duten gorputz-atalak eta neurriz kanpoko erabilpen horren ondorioz lesioa izateko arrisku handiena dutenak. Horretarako, idazketa-metodo alternatiboak erabiltzea gomendatu dute, ahots-oharrak kasu.

Hain zuzen ere, mugikorrekin idazteko zenbat eta denbora gehiago erabili ahala, orduan eta handiagoa da whatsapp-a bezalako aplikazioen gehiegizko erabilpenaren ondorioz sor daitezkeen gaitzak izateko arriskua; adibidez, tenosinobitisa, hots, tendoiaren eta estaltzen duen mintz sinobialaren hantura. Horrek patologiak eragin ditzake atzamarretan, eskumuturretan eta lepoan, izan ere, hasierako mina hatz lodira mugatzen den arren, beste alde batzuetara ere heda baitaiteke. Euskal fisioterapeutek behar bezalako tratamendua ematea gomendatu dute, gaixotasun kronikoa bihur ez dadin.

Bestalde, gihar flexore eta estentsoreekin elongazio ariketak egin behar direla jakinarazi dute, eta ez soilik atzamarretan, baita eskumuturrean ere, sagua behin eta berriz erabiltzen denean. Horren harira, ordenagailuaren erabilpenarekin lotutako eskumuturreko patologiak saihesteko, eskumuturrak gainean jartzeko moduko kuxinak erabiltzea gomendatu dute. Teklatuan idazterakoan nahiz sagua erabiltzerakoan, besaurreak finkatuta edukitzea ere gomendatu dute, bi gailu horiek ukondoa baino beheraxego kokatuz, sorbalda eta eskumuturrak egoera erlaxatu batean mantendu ahal izateko.

Berrietara itzultzea