MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
• “12 hilabete, 12 osasun-aholku” kanpainak hilabete honetan jakinarazi nahi du garrantzitsua dela ekipajea ondo aukeratzea eta modu egokian garraiatzea, lesioak saihesteko.
• Ohartarazi dute arriskutsua dela paketeak autoaren bidaiari-lekuan eramatea; izan ere, 60 km/h-ra doan auto batek talka egitean sortzen den inertziak 56 aldiz biderkatzen du garraiatzen diren objektuen pisua, eta jaurtigai oso arriskutsu bihurtzen ditu.
Bidaiatzean, garrantzitsua da kontuan izatea zein maleta, motxila edo poltsa mota erabiliko ditugun gure ekipajea eramateko eta nola garraiatuko ditugun; izan ere, maleta mota ondo aukeratzeak eta ekipajea behar bezala garraiatzeak lesioak saihets ditzake.
Hori dela eta, eta “12 hilabete, 12 osasun-aholku” kanpainaren bitartez, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), bere Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Galiziako, Andaluziako, Valentziako eta Kantabriako homologoekin batera, herritarrei jakinarazi nahi die garrantzitsua dela ekipajeak ondo aukeratzea eta behar bezala garraiatzea lesioak saihesteko.
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak 4 gurpileko trolley motako maletak gomendatzen ditu, hobeak baitira bizkarrarentzat. Bi gurpilekoak erabiltzean gehiago luzatzen dugu sorbalda eta gehiago biratzen da; lau gurpileko maletak, berriz, gurekin batera irristatzen dira ibiltzen goazela, eta horrek murriztu egiten du lesio bat izateko arriskua.
Gainera, RACEk argitaratutako ikerketa baten arabera, autoan bidaiatzen dugunean, inkesta erantzun dutenen % 21,4k autoen bidaiari-lekuan garraiatzen dute ekipajea. Horrez gain, gidarien % 35ek pisuaren arabera ordenatzen dute ekipajea, % 25ek tamainaren arabera eta % 25ek funtzionaltasun-irizpideen arabera.
Dena dela, garrantzitsua da kontuan izatea, baita ere, zein posiziotan jartzen ditugun maletak hegazkinetako kabinetan edo trenetako apaletan, garraiobide horiek aukeratzen baditugu.
Alde horretatik, fisioterapeutek gogorarazten dute hala objektuak nola maletak kokatzeko belaunak erabili behar direla, hau da, ez garela makurtu behar, eta gorputza biratu behar dugula bizkarra ez lesionatzeko. Halaber, lurretik maletak jasotzeko, lesioak saiheste aldera, belaunak elkarrengandik hurbil jarrita tolestu behar dira, eta besoak ez dira zutikako planoarekiko 35 graduan baino gehiagoan irekiko. “Maletak bi pertsonaren artean eraman baditzakegu, askoz hobeto; izan ere, horrela, pisua banatuko dugu, eta lepo, sorbalda edo gerrian lesio akutuak saihestuko ditugu”, aholkatu du EFEOko presidenteorde June Ruizek.
Motxilak erabiltzeko, fisioterapeutek gomendatzen dute gure gorputzerako tamaina egokia izan dezatela eta gure bizkarraren tamainara egokitu daitezela. “Motxila jartzeko modu zuzena hau da: tiranteak gure sorbalden aurrealdean jartzea eta gerrian lotzea; hartara, bizarrean eta sorbaldetan lesioak sortuko dizkiguten oszilazioak saihestuko ditugu”, azaldu du Ruizek.
Ekipajea nola kokatu autoz bidaiatzeko
Bestalde, “funtsezkoa da ekipajea gidariari ikuspen ona uzteko moduan kokatzea, istripuak ekiditeko ez ezik baita lesioak saihesteko ere atzerako ispiluetatik ondo ikusi ahal izateko hartutako postura txarren ondorioz”, azaldu du June Ruizek.
Ildo horretan, lesioak zein istripuak saihesteko, autoan ekipajea garraiatzeko modu zuzena ekipaje guztia maletategian jartzea da. Gainera, pakete astunenak kokatu behar dira lehenengo, eta maleta handienak eta zurrunenak, hondoan; gero, ekipaje arinagoa jarriko dugu horien gainean.
Halaber, garrantzitsua da aintzat hartzea ez direla objektuak jarri behar atzeko erretiluan, gidariak ondo ikus dezan. “Talka baten ondorioz, objektu horiek jaurtigai bihur daitezke eta gidariari eta bidaiariei kalteak eragin diezazkiekete; izan ere, batez beste orduko 60 kilometroko abiaduran, inertziak objektuon pisua 56 aldiz biderkatzen du, eta oso arriskutsu bihurtzen ditu”, azaldu du EFEOko presidenteordeak.