HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2016 // 05 // 31 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek kirolarekin lotutako lanbideak izateari eta horietan jarduteari buruzko legearen artikulu bat kentzea eskatu dute intrusismo sanitarioa saihesteko

Legearen zirriborroaren 4.7 artikuluaren oraingo idazketaren arabera, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako graduatuak kirol-gomendioak kudeatzeko aukera izango lukete osasun-arazoren bat edo ezintasunen bat duten pertsonei dagokienez, baina patologia bat dagoenean, lan hau profesional sanitarioek baino ezin dute egin

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren ordezkariek agerraldia eskainiko dute gaur Eusko Legebiltzarrean, esparru sanitarioko instrumisio-arriskua areagotu eta euskal herritarren osasuna babesteko eskubidea kaltetuko lukeen proposamen horrekiko kezka eta ezinegona adierazteko

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren (EFEO) ordezkariek agerraldia eskainiko dute gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordearen aurrean, EAEko Kirolarekin lotutako Lanbideak Izateari eta Horietan Jarduteari buruzko Legearen artikulu baten idazketarekiko kezka eta desadostasuna adierazteko asmoz. Euskal fisioterapeuten esanetan, lege proiektu honen 4.7 artikuluak interpretazio okerrak sortzeko moduko nahasmendua eragin dezake, osasun-arazoren bat edo ezintasunen bat duten pertsonei kirol-gomendioak emateko ardura jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako graduatuak esku utziz. “Patologiaren bat dagoenean, profesional sanitariooi dagokigu esku hartzea, balorazio eta tratamendu egokia bermatu ahal izateko. EFEOtik gogoratu nahi diegu Eusko Legebiltzarreko Batzorde honetako kideei, fisioterapia dela jarduera eta ariketa fisikoaren arloko ezagutzak eta eskumenak dituen lanbide sanitarioetako bat. Gure esku dauden bitarteko guztiak erabiliko ditugu, osasuna sustatzea xede duten zentzu zabaleko ustezko eskumenen inguruko nahasmendua eragozteko, euskal herritarren osotasun fisikoaren gaineko arriskuak saihestearren”, adierazi du Roberto Romero EFEOko Zuzendari Teknikoak.

Euskal fisioterapeuten ordezkariak argi utzi nahi izan du, “patologia edo disfuntzioren bat izan eta kirola egin nahi denean, patologia hori kronikoa izan ala ez, profesional sanitario batengana jo behar dela diagnostikoa zehaztu eta osasunaren mesedeko tratamendu egokiak aplikatu ahal izateko”. EFEOk azaldu duenez, honelako kasuetan, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako graduatuak eta fisioterapeuten arteko lan bateratua izango litzateke egokiena, baina “gradudun hauek ezin dute analisirik edo tratamenduen baloraziorik egin patologiaren bat dagoenean”, ohartarazi du Romerok.

Intrusismoa saihestea

Artikulu hau kenduz, euskal fisioterapeutek helburu garbia lortu nahi dute: geroko Legeak, “osasunaren sustapena” delako kontzeptuaren itzalpean, instrusismotik hurbil dauden portaerak ez babestea, bereziki gogoan izanda horrelako portaerak eskuin-ezker zabaldu direla EAEn, profesional sanitarioak ez direnek eskaintzen dituzten osasunari buruzko ikastaro eta hitzaldiekin, batzuetan analisiak egiteko laginak ere ateratzen dituztelarik. “Osasun-arazoren bat artatu behar denean, profesional sanitario batek esku hartu behar du, herritarren kalteko arriskuak baztertzeko. Fisioterapeutak garen aldetik, gure helburua pertsonen osasuna zaintzea da, eta ekimen honen bitartez, galerazi egin nahi dugu indarreko legeriarekin bat ez datozen interpretazioekin ongizate hori arriskuan jartzeko aukera”, nabarmendu du Roberto Romerok.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak espero du, gaurko agerraldiaren bitartez, fisioterapeuten bidezko jarrera hau argi uztea, eta Lege Proiektuaren artikulu hori kendu arte lanean jarraituko duela aurreratu du.

Berrietara itzultzea