MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Kirola praktikatzen duten 25 eta 45 urte bitarteko emakumeen erdiek, gutxi gorabehera, gernu-inkontinentzia dute, baina hau fisioterapiaren bitartez saihes daiteke, zoru pelbikoa osatzen duten giharrak landuz
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) bideo-gomendio berri bat editatu du “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) ohartarazi duenez, 25 eta 45 urte bitarteko emakume kirolarien % 20-51k gernu-inkontinentzia du, seme-alabak izan ala ez izan. Eragina handiagoa da inpaktuzko edo ahalegin handiko kiroletan, baina zoru pelbikoa osatzen duten giharrei arreta eginez saihes daiteke. Horren kariaz, euskal fisioterapeutek, Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako fisioterapeutekin batera, gai honetaz kontzientziarazteko baliatuko du martxoko bideo-gomendioa, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan.
Zoru pelbikoa pelbisaren barrunbean dauden gihar, nerbio eta ehun konektiboen multzoa da, organoei eusteko (gernu-maskuria, umetokia eta hesteak), esfinterrak ixteko eta sexu nahiz ugalketa funtzioa garatzeko garrantzi handia duena.
Euskal fisioterapeutek zoru pelbikoko muskulatura era trinkoan lantzea gomendatu diete emakume kirolariei, betiere kontuan izanda alde horretan arazoak izateko arriskua handiagoa dela haurdunaldian eta erdiondoko aldian nahiz abdomenean edo pelbisaren inguruan ebakuntzaren bat egin ostean.
EFEOtik fisioterapeutarenera joatea gomendatu dute ariketa egitean nahiz irribarre, eztul edo usin egitean ustekabeko gernu-galerak gertatzen badira; gernu-maskuria edo hesteak husteko zailtasunak badaude; edota min pelbikoa, sexu-harremanetan sentiberatasun aldaketak edo gernu-maskurian pisu sentsazioa agertzen baldin badira.
Adituen aholkularitza prebenitzeko
June Ruíz Orcajo Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko Presidentordeak adierazi duenez, zoru pelbikoko arazoak edo horrelakoak pairatzeko arriskua baldin badago, “fisioterapeuta aditu baten aholkularitza behar da, honek argituko baitu nola egin kirol-jarduna era osasuntsu batean, ariketa-programa espezializatu baten bitartez. Fisioterapia uro-ginekologikoak tresna egokiak ditu kirol-jardun osasungarria bermatzeko, eta tratamenduaren eraginkortasuna % 44 eta 69 bitartekoa da”, zehaztu du.
Bestalde, euskal fisioterapeutek gogoratu dute kirola edo ariketa fisikoa egiteko ohitura funtsezkoa dela osasun onari eutsi eta gaixotasunak saihesteko. Emakumeen kasuan, azkenaldiko ikerketen arabera, ariketa fisikoa egiten ez dutenek bularreko minbizia izateko arrisku handiago dute. Zehazkiago esanda, bizimodu sedentarioa duten emakumeen %71k gaixotasuna garatzeko aukera handiagoa dute. Ikerketan bildutako datuei jarraiki, emakumeen % 45ek ez du ariketa fisikoa egiteko ohiturarik, eta bakarrik kirola eginez, bularreko minbizien % 13,8 saihes litezkeela gaineratu dute.
Kopuru horiek kontuan izanda, frogatuta geratu da emakumeen artean haurtzarotik kirol-jarduna sustatzeak duen garrantzia. Orokorrean, June Ruíz Orcajok azaldu duenez, hazieran ondo kontrolatutako ariketa fisikoa egiteak eragin positiboak dauzka nesken garapen fisiologikoan eta psikologikoan. Alabaina, euskal fisioterapeuten bozeramaileak argi utzi du: “garapenaren etapa horretan ariketa era trinko-trinkoan eginez gero, ondorio kaltegarriak ekar ditzake; beraz, behar-beharrezkoa da espezialisten kontrolpean egitea”.
Era berean, EFEOtik nabarmendu dute, emakume gazte batzuen kasuan, ariketa fisikoak eta honi lotutako faktore batzuek arazoak sor ditzaketela menstruazioan (bigarren mailako amenorrea edo hiru hilabetetik gorako epean hilekorik ez izatea), baita atzerapenak ere menarkiaren agerraldian (lehen mailako amenorrea edo 16 urteko neska baten hilekorik eza), eta horrelako egoerek hezur-galera eta hezur-hausturak erraz ditzaketela.
Hileko bideo-gomendio hauen bitartez, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak prebentzioak etorkizuneko patologiak saihesteko daukan garrantziaz ohartarazi nahi du euskal gizartea, fisioterapeutak bezalako aditu sanitarioen aholkularitzaz baliatzeak duen garrantzia ere nabarmenduz.