MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Ekaineko ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren bidez, lesionatuta dauden eta makuluak erabili behar dituzten pertsonei adierazi nahi zaie zein den makuluak erabiltzeko modu egokia, arriskuak ekiditeko eta azkarrago sendatzeko
Euskal fisioterapeutek ohartarazi dute arriskutsua izan daitekeela belaunpea, belaunaren atzeko aldea, makuluaren heldulekuan sostengatzea, minak eta lesioak ekiditeko. Jarrera hori oso ohikoa da mota horretako laguntza teknikoa jasotzen duten erabiltzaileen artean, baina eremu hori oso delikatua da eta ez da konprimatu behar.
Hori da, hain zuzen, ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren hilabete honetako bideo gomendioetako bat. Kanpaina Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) egiten du, Madrilgo Erkidegoko, Kataluniako, Nafarroako, Galiziako, Valentziako Erkidegoko eta Kantabriako fisioterapeuten elkargo ofizialekin batera. Hilabete honetan, makuluak egoki erabiltzeari buruzko gomendioak eman dituzte: https://www.youtube.com/watch?v=6HUnev0UGfo
Bideoan, fisioterapeutek makuluak nola erabili azaltzen dute eta egon daitezkeen arazoak, lesioak edo erorketak ekiditeko gomendioak ematen dituzte. “Bi makulu erabili behar baditugu, heldulekuak gure aldakaren maila berean egon beharko du, eta ukondoa 30 gradu inguru tolestu beharko dugu. Praktikan, besoa luzatzen badugu, heldulekuak erlojuaren parean geratu beharko luke”, adierazi du EFEOko presidenteorde June Ruizek.
Horrez gain, honako hau gogorarazi du: “ibiltzean, bi makuluak aurrera eraman behar ditugu; lehenengo lesioa duen hanka bi makuluen artean jarriko dugu, eta ondoren, hanka osasuntsua. Segurtasuna lortzen goazen heinean, txandakatzen joan ahal izango dugu. Lurrean oin bakarra jar badezakegu, bultzada bat egingo dugu aurrerantz”.
Era berean, fisioterapeutek makulu bakarrarekin ibiltzeko modu egokia zein den adierazi dute. Ruizek dioenez, “seguru eta egonkor baldin bagaude, makulu bakarrarekin gabiltzanean lesioa dugun hankaren beste aldean jarriko dugu, pixkatxo bat kanporantz begira, sostengu handiagoa izateko. Makulua oinaren aurrean jarri beharko dugu beti”.
Eskaileretan ibiltzeko trikimailuak
Eskailerak igo edo jaistean, baliteke egonkortasun txikiagoa izatea; beraz, fisioterapeutek oreka ez galtzeko hainbat gomendio eman dituzte. Kontuan hartzeko arau orokor gisa, Ruiz Olivaresek gomendatzen du esamolde hau gogoan izatea: “igotzean, hanka ona zerura, eta jaistean, hanka txarra infernura”. Horrela, eskailerei aurre egiteko izan ditzakegun zalantzak argituko ditugu.
Hala, Ruiz Olivaresen hitzetan, “bi makulu ditugunean, lehenik eta behin oin osasuntsua eta makuluak igo behar ditugu, eta ondoren lesioa duen hanka. Makulu bakarra erabiltzen dugunean –lesioa duen hankaren kontrako aldean–, lehenengo oin osasuntsua igo behar dugu, eta gero makulua eta lesioa duen hanka, biak batera.
Aldiz, eskailerak jaistean, lehenik eta behin makuluak jaitsi behar dira, ondoren lesioa duen hanka, eta, azkenik, hanka osasuntsua. Makulu bakarra erabiltzen badugu, hori lehenengo jarriko dugu, jarraian lesioa duen hanka, eta, azkenik, hanka osasuntsua.
Gomendio horiek jarraitzeaz gain, fisioterapeutek aholkatzen dute fisioterapeutarengana jotzea mina edo zalantzak izatean, pertsona bakoitzaren beharren eta egoera fisikoaren araberako aldaketak aztertzeko.
12 hilabete, 12 osasun-gomendio
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren helburua da ohitura txarrek sortutako lesioak saihestea, animazioko film labur batzuen bidez. Film horiek hilero zabaltzen dira hainbat baliabideren bitartez, horien artean, sare sozialak eta hedabideak.