HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2017 // 03 // 30 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek, aldez aurreko patologiak dituzten pertsonen kirol-orientaziorako programetan profesional ez-sanitarioek parte hartzeak dakarren arriskuaz ohartarazi dute

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) argi utzi nahi du ez direla nahastu behar kirol-jarduna gomendatzea eta ariketa fisikoaren bitartez patologia baten abordatze terapeutikoa egitea

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) alerta jo du gaur, kirol-orientazioko programetan eta “kirol errezeta” deritzonaren babespean profesional ez-sanitarioen esku-hartzeak ekar dezakeen arriskuaren gainean. Jon Herrero presidentearen esanetan, “ez dira nahastu behar kirol-jarduna bezalako ohitura osasungarri bat gomendatzea eta ariketa fisikoaren bitartez patologia baten abordatze terapeutikoa egitea. Lehenengoa kiroldegian egin daiteke, baina bigarrena eremu sanitarioan baino ez da egin behar, betiere horretarako titulazio egokia duen profesional sanitario baten eskutik”.

Euskal fisioterapeutek arreta jarri nahi izan diote, preskripzio bidez egindako ekintza terapeutikoak profesional ez-sanitarioekin lotzeak sortzen duen “nahasmendu okerrari”. “Kezka handiz egiaztatzen ari gara, zenbait jarduerari buruzko albisteen harira, profesional ez-sanitarioak terapia helburu duten abordatzeak preskribitzen ari direla, horretarako gaikuntzarik izan gabe. Gogoratu nahi dugu profesional horiek ez dutela eskumenik, lanbide sanitarioak antolatzeko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak araututako tituludun lanbideei mugatutako funtzioak betetzeko”, gaineratu du Jon Herrerok.

Anbiguotasuna saihestu

EFEOtik, “erabiltzaileen arteko nahasmendua eta anbiguotasuna” errazten dituzten jarduera horiek guztiak salatu nahi dituzte, Legean ezarritakoaren aurka egindako jarduerak legezkoak direla iradokitzen duten neurrian. Horren harira, euskal fisioterapeutek argi utzi nahi izan dute, kirolaz baliatzeko gomendioa fisioterapeutarengandik at dagoen eskumena izan arren, “fisioterapeutak direla, beste profesional sanitario batzuekin batera, lesioak edo patologiak dituzten pertsonei zuzendutako ariketa-programa terapeutikoak garatu behar dituztenak, legeak dioen bezalaxe”, zehaztu du EFEOko Presidenteak.

Jon Herrerok nabarmendu du, “aldez aurreko diagnostiko mediko bat egoteak ez dituela osasun arloko profesional bihurtzen kirol-errezetari atxikitako profesionalak. Ez digutu herritarrak nahastu behar, legek aitortzen ez dizkien eskumen sanitarioak beren gain hartuz”. Diagnostikoa lanbide sanitario baten eskumen esklusiboa da, Auzitegi Gorenak ezarri duen bezalaxe. Guztiz beharrezkoa da, inplikatuta dauden elkargo profesional guztiek herritarrei informazio egokia helaraztea, osasuna babestu eta intrusismo profesionaleko delituak saihesteko.

Berrietara itzultzea