HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2018 // 01 // 30 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskal fisioterapeutek baieztatu dute jarrera zaintzeak eta osagarri egokiak erabiltzeak etxean gertatzen diren lesioetako asko ekidin ditzakeela

Fisioterapeutek gomendatzen dute ahal dela bizkarra ez makurtzea ohea egitean, arropa lisatzean, ontziak garbitzean edo garbigailua jartzeko arropa aukeratzean

Gomendio hori 2018ko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan eman dute

Euskal fisioterapeutek urteko lehenengo gomendio-bideoa argitaratu berri dute, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren barruan. Oraingo honetan, etxean gertatzen diren lesioetako asko ekiditea izan dute ardatz. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko (EFEO) profesionalentzat ezinbestekoa da, batetik, jarrera egokia izatea, etxeko lanak gauzatzeko behin eta berriro egin behar diren mugimenduak aintzat hartuta; eta, bestetik, osagarri egokiak erabiltzea etxeko lanak egiteko. Halatan, prebenitu eta ekidin egingo genituzke gihar-hezurretako lesioak. Kanpaina hau, aurreko urteetakoak bezalaxe, Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako eta Galiziako fisioterapeutekin batera antolatu da.

Ohea egitea, sukaldean jardutea edo kristalak garbitzea bezain zeregin erraz eta ohikoek arazoak eragin ditzakete giltzadura, tendoi, lotailu eta giharretan, zeregin horiek gaizki egiten direlako edo behin eta berriro egiten diren mugimenduak direlako. Hori dela eta, EFEOk, erkidego horietako kideekin batera, etxeko lanak gauzatzean prebentzioak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du urteko lehen gomendio-bideoan.

Horrela, euskal fisioterapeutek ohartarazi dute jarrera desegokiek eta eguneroko etxeko lanak (erraztatu, kristalak garbitu edo pisuak jaso) gauzatzeko behin eta berriro egiten diren mugimenduek traumatismoak eragin ditzaketela besoetan, hanketan, eskuetan eta bizkarrean. Izan ere, euskal fisioterapeuten presidenteorde June Ruíz Orcajoren hitzetan, “etxeko lanak oso pisutsuak dira lokomozio-aparatu osoarentzat, jarduera fisikoa giltzaduretan, giharretan eta hezurretan antzematen baita nagusiki”.

Umeak eta adinekoak, kalteberenak

Gainera, EFEOk gogorarazi nahi izan du etxeko lanak egitean lesioak izan ditzakegula baina haurrak eta adinekoak direla kalteberenak; haurren kasuan, oreka galtzen dutelako, ibiltzeko arazoak dituztelako eta ikusmen urriagoa dutelako.

Altzariak garbitzean edo poltsa pisutsuak jasotzean etxean gerta daitezkeen patologiarik ohikoenetako batzuk dira lunbalgia eta karpoko kanalaren sindromea, eskuetako nerbio eta tendoiei eragiten diena. Sindrome hori eskumuturra denbora luzez tolestuta egoten denean gertatzen da; eskuetan inurridura eragiten du, eta, azkenik, sentikortasunik eza. Eskumuturreko gihar hedatzaileen hanturak eragiten duen etepikondilitisa da mugimendu bat behin eta berriro egiteak eragiten dituen beste gaixotasun ohikoenetako bat.

Lesio horiek ekiditeko, euskal fisioterapeuten ustetan ezinbestekoa da jarrera-higienea zaintzea etxeko lanak egitean. Beraz, platerak garbitu edo arropa lisatzeko, gomendagarria da lurrean 10 zentimetro altu den euskarri bat jartzea. Horrela, lehenik oin bat jarriko dugu eta gero bestea, bizkar-hezurra gehiegi ez kargatzeko eta ahalik eta pisu handiena hanketan kargatzeko.

Bestalde, zorua garbitzeko, gomendagarria da zoru-garbigailua edo eskuila makurtu behar ez izateko bezain altua izatea. June Ruíz Orcajok denbora luzez makurtuta egotera behartzen gaituzten zereginei buruz ohartarazi du; besteak beste, zorutik gauzak jasotzeari eta arropa garbitzeari buruz. Adibidez, garbigailuan sartu nahi dugun arropa aukeratzeko, hobe da lurrean eserita egotea, jarrera kaltegarrian egotea baino. Halaber, lurretik zerbait jaso nahi dugunean eserita egon gabe, hobe da belaunak tolestea bizkarra makurtu behar ez izateko.

“Nolanahi ere, gomendio horiek gorabehera, ezin dugu erabat ekidin etxeko lanak egitean istripuak izateko arriskua. Halakorik geratzen bada, oso garrantzitsua da lasai egotea eta botika-kutxa eskura izatea. Hala ere, mina desagertzen ez bada edo zalantzarik badugu, profesional kualifikatu batengana jo behar dugu, besteak beste fisioterapeutarengana”, adierazi du EFEOko presidenteordeak.

Berrietara itzultzea