HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2020 // 01 // 30 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



Fisioterapeutek uda aprobetxatu eta lesioak prebenitzera eta tratatzera bideratutako uretako fisioterapiaren aldeko apustua egiteko gomendatzen dute

Uretako fisioterapia egokia da herritar guztientzat, beren osasun-egoera edozein dela ere, eta, gainera, errutina terapeutikoarekiko haustura dakarren ingurune batean egiten da; hortaz, aukera ezin hobea da pazientearen partaidetza sustatzeko

Tratamendua erraztu egiten dute uraren berezko zenbait ezaugarrik, adibidez, pisu txikiagoak edo presio hidrostatikoak

Euskadiko fisioterapeutek udako tenperatura altuak aprobetxatu eta uretako fisioterapiaren aldeko apustua egiteko gomendatzen dute, lesioak prebenitzeko, tratatzeko eta horietatik errekuperatzeko tresna gisa. Horretarako, uraren berezko ezaugarriak baliatzea da onena.

Hori da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren uztaileko bideo-gomendioaren gogoetetako bat. Kanpaina hori honako hauekin batera egiten du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak: Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala eta Kantabriako Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala. Hilabete honetan, uretako fisioterapiaren onuren berri emango dute: https://www.youtube.com/watch?v=6Kwd3Nl8hWE

Bideoan, fisioterapeutek azaltzen dute uretako fisioterapia, funtsean, terapia fisikoa uretan egitea dela. Horretarako, uraren berezko ezaugarriak baliatzen dira pazienteek beren tratamenduan duten funtzioa, ekintza eta partaidetza areagotzeko.

Ildo horretan, azpimarratzen dute tratamendua erraztu egiten dutela uraren berezko zenbait ezaugarrik, adibidez, pisu txikiagoak edo presio hidrostatikoak.

Izan ere, EFEOko presidente June Ruizen hitzetan: “urak gure gorputza gorantz bultzatzen duenez, murriztu egiten da gure pisu erreala, eta zenbat eta sakonera handiagoan egon, gero eta gehiago murriztuko da gure pisua. Hala, hobetu egingo da gure mugimenduen anplitudea, eta arinagoak izango dira eta min eta neke gutxiago eragingo digute. Ez hori bakarrik, artikulazioen gainkarga murriztu egiten da, eta norberaren buruarenganako konfiantza, ostera, handitu”.

Gainera, “zenbat eta sakonera handiagoan egon, handiagoa izango da uretan murgildutako gorputzaren gainean eragindako presio hidrostatikoa, eta horri esker, itzulera benosoa eta linfatikoa areagotu eta murriztu egingo dira balizko edemak”, gehitu du.

Uretako tratamendu onetan eragina duen beste faktoreetako bat egokitzapen termikoa da; izan ere, “urak bero kantitate handia gordetzen du, eta, horri esker, eroale bikaina da”, azaldu du Ruizek. Are gehiago, “uraren tenperatura egokitu egin daiteke lortu nahi den efektu terapeutikoaren arabera”.

Modu horretan, ur beroak azaleko hodi-zabalkuntza areagotu eta handitu egiten du odol-fluxua, eta horrek efektu analgesikoa, antiinflamatorioa eta erlaxatzailea du; aldiz, ur hotzak kontrako efektua du: inflamazioa murriztu eta minaren atalasea eta muskuluen aktibitatea areagotzen duen hodi-uzkurdura eragiten du.

Azkenik, EFEOk gogorarazten du uretako fisioterapia egokia dela herritar guztientzat, beren osasun-egoera edozein dela ere, eta errutina terapeutikoarekiko haustura dakarren ingurune batean egiten dela; hortaz, aukera ezin hobea da pazientearen partaidetza sustatzeko.

Berrietara itzultzea