HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2015 // 01 // 29 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Euskadiko fisioterapeutek Katalunia, Madril eta Nafarroako fisioterapeutekin bat egin dute “12 hilabete, 12 osasungomendio” kanpaina abiarazteko

Ekimena 2013an sortu zen Madrilgo Autonomia Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren eskutik; 2014an Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa atxiki zitzaion, eta 2015ean Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala eta Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialala gaineratu zaizkio

2015eko lehen bideo-gomendioa adineko pertsonei zuzenduta dago, eta etxean egiteko moduko ariketak erakusten ditu, zahartze aktiboa bultzatzeko

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Katalunia, Madril eta Nafarroako elkargoekin batera, “12 hilabete, 12 osasungomendio” delako kanpaina abiarazi du gaur. Ekimena Madrilgo Autonomia Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak sortu eta garatu du 2013az geroztik, eta 2014an, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa atxiki zitzaion. Kanpaina honen helburua, herritarrek eguneroko bizimoduko ohitura txarren ondorioz pairatzen dituzten lesioak edo osasun-arazoak prebenitzea da, Fisioterapiak prebentzioaren arloan ekar ditzakeen onurak erakutsiz. Edizio honetan, EFEOrekin batera, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargoa ere atxiki zaio ekimenari.

Kanpaina honek, zenbait bideo-gomendioren laguntzaz, eguneroko jardueretan gorputz-jarrera okerrak erabiltzeak dakartzan arriskuez kontzientziarazi nahi ditu herritarrak, lesioak edo arazo muskulu-eskeletikoak saihesteko kontuan izan beharreko neurrien berri emanez.

Aliantza berri honi esker, Euskadi, Katalunia, Madril eta Nafarroako herritarrek hainbat gomendio jasoko dituzte animaziozko 12 film laburren bitartez. Hauek hilero eta aldi berean zabalduko dira lau autonomia erkidegoetan, eta EFEO sare sozialez baliatuko da hedapena sustatzeko.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaleko presidente Jon Herrero-k, Madrilgo Fisioterapeuten Elkargoko idazkari nagusi José Santos-ek, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoko idazkari nagusi Gabriel Liesa-k eta Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaleko presidente Ana Jiménez-ek jakinarazi dutenez, osasunaren arloko prebentzioa bultzatzeko ekimen hau Elkargoek finantzatu dute oso-osorik, izan ere, era honetako erakundeen helburuetako bat herritarrei zerbitzu publikoa eskaintzea baita, eta fisioterapeuten eginkizun nagusietakoa prebentzioa sustatzea, ez soilik sendatzea.

Lehen bideo-gomendioa: zahartze aktiboa

Lau erakundeek kanpaina abiarazi dute gaur lehenengo bideo-gomendioaren emisioaz. Lehen hilabete honetan, bideoak zahartze aktiboa izango du aztergai. Bertan agertzen diren fisioterapeutek gogoratzen dutenez, ariketa fisikoa babesle neurokognitiboa da, hau da, narriadura kognitiboa ekidin eta atzeratzen du arrisku kardiobaskularreko faktoreen gainean duen eraginagatik, eta berez, eragiten duen estimulazioagatik.

Horren haritik, profesionalek gogoratu dute askoz ere garrantzitsuagoa dela behin eta berriz egitea asko egitea baino, eta eraginkorragoa dela ariketa gutxi batzuk egunean behin eta berriz egitea, ordubetean ariketa asko egitea baino. “Horregatik, garrantzitsua da ariketa ohiko zereginetan txertatzea”, nabarmendu dute.

Horrela, gomendagarriena etxetik kanpo ariketa egitea (gutxienez, 10.000 pausoko ibilaldia egitea) bada ere, argi utzi dute “etxean ere, tonu muskularra, malgutasuna eta oreka mantentzeko moduko ariketak egin ditzakegula”, eta horretarako, etxetik mugitu gabe lan daitezkeen jarraibide batzuk ezagutarazi nahi izan dituzte.

Esate baterako, ariketa zerbikalak ispiluaren edo telebistaren aurrean egin daitezkeela azaldu dute. Hauexek dira gorputzaren alderdi hau lantzeko jarraibideak: kokotsa bularrerantz eraman eta hasierako posiziora itzuli; belarria sorbaldarantz eraman eta kokotsa sorbaldarantz eraman, astiro-astiro, erdialdean geldituz.

Bestalde, sorbaldari eta besoei eragiteko, hauxe egin behar da: sorbalda gora eta behera mugitu, atzerantz eragin, eskua sabairantz jaso, ukondoak tolestu (pisuarekin edo pisurik gabe), esku bat garondora eta bestea sorbaldara eraman, eskuak zabaldu eta itxi.

Era berean, gorputz-enborra aulki batean eserita lan daiteke, sorbalda aulkiaren kontra jarri gabe, eskuak gerrian jarriz eta gorputza aurrerantz eta atzerantz eta alde batetik bestera eramanez. Horrez gain, eskuak elkartu eta ukondoak luzatu behar dira, gorputz-enborra alde batera eta bestera biratzeko.

Gainera, eserita gaudela, hankak sendotzeko ariketak egin ditzakegu, belaunak luzatuz, txandaka oinak kanpora mugituz, edota tolestutako belauna jasoz, luzatuz eta berriro tolestuz. Zutik gaudela, eserialdiak egin ditzakegu, gorputza pixka bat aurrerantz tolestuz.

Azkenik, oinei eragiteko .- Oinetako ariketak: orpoak leku berean ditugula, oin puntak jaso behar ditugu, baina orpoak mugitu gabe; lehenengo biak batera, eta gero txandaka. Gero gauza bera egin dezakegu orpoekin, ‘orpo-punta’ eginez.

Berrietara itzultzea