MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Horixe da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainak abenduan hizpide duen gaia
Fisioterapeutek gogorarazi dute oso garrantzitsua dela osasun-arloko profesionalek egitea haurren jarraipena adin goiztiarretan, garapenean gerta daitekeen edozein defizit edo anormaltasun hautemate aldera
Giza garunak gehien ikasten duen aldia jaiotzen garenetik 6 urtera bitarteko tartea da
Euskal Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) fisioterapeutek adin goiztiarretan gertatzen diren nahasmenduak prebenitzeko duten garrantzia azpimarratu du; izan ere, nahasmendu horiek saihesten lagundu dezakete, haurra jaiotzen denetik garapen kognitiboa, fisikoa eta emozionala bultzatuz eta estimulatuz.
Hori da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren abenduko bideo-gomendioaren gakoetako bat. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) hauekin batera egiten du kanpaina hori: Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala eta Errioxako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala. Klipera honako esteka honen bidez sar daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=OHh9eixiXKI
Fisioterapeuten bideoan azaltzen den bezalaxe, giza garunak gure bizitzako lehen sei urteetan ikasten du gehien, eta jaiotzen garen unean gaitasun horiek guztiak “erabiltzeko prest” dauzkagun arren, progresiboki joaten dira agertzen.
“Gaitasunak agertzearen prozesu horri neurogarapen deritzo, eta, horri esker, gai gara jaiotzetiko dauzkagun gaitasunak, besteak beste, gaitasun motorrak, sentsorialak, konduktualak eta emozionalak, eskuratu, entrenatu eta perfekzionatzeko”, azaldu du EFEOko presidente June Ruizek.
Zentzu horretan, fisioterapeutek estimulazio egokia, eta ebaluazioa eta jarraipena egiteko beharra azpimarratu dute, haurrak bere gaitasunak agertu eta garatu ditzan bizitzako lehen urteetan. Osasun-arloko profesionalek emandako laguntza hori da edozein motatako defizitak adin goiztiarretan hautemateko tresna.
Izan ere, bideo-gomendioan azaltzen den bezalaxe, neurogarapeneko nahasmenduek hainbat arlotan izan dezakete eragina, eta batean bakarrik edo zenbaitetan aldi berean; ondorioz, batzuetan arazoak sortzen dira komunikazioan edo ulermenean, eta are desgaitasun intelektualak, autismoa edo garuneko paralisia.
Horrexegatik da, hain zuzen, fisioterapeutaren lana funtsezkoa. Prebentzio-lana egiteaz gain, laguntza ematen dio haurrari familiak ulertzeko fasean. Ez hori bakarrik, gai da haurraren hazkunde fisiko eta emozionalaren prozesuko gako-puntuak identifikatzeko.
“Diziplina anitzeko talde baten barruan, fisioterapeuta haurraren sistema neuromuskuloeskeletikoaren potentzial guztia agerrarazten duena da. Horrez gain, laguntza espezifikoa ematen dio haurrari behar bezala eboluzionatzen ari ez dien puntuetan, alterazio funtzionalak minimizatuz eta konpentsatuz”, adierazi du Ruizek.
Laburbilduz, fisioterapia funtsezko tresna da haurren garapen psikomotorrean ager daitezkeen zailtasunak ebaluatzeko, hautemateko eta tratatzeko, eta etengabe ematen die konfiantza gurasoei beren seme-alaben bizitzako lehen urteetan.
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina Madrilgo Elkargoko, Kataluniako, Euskadiko, Nafarroako, Galiziako, Valentziako Erkidegoko, Kantabriako eta Errioxako fisioterapeuten elkargo profesionalen ekimena da. Helburu gisa du ohitura txarrek sortutako lesioak saihestea. Horretarako, animazioko film labur batzuk egiten dituzte eta hilean bat argitaratzen dute hainbat euskarriren bidez (sare sozialak eta hedabideak, besteak beste).