HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2018 // 11 // 28 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Burko egokia aukeratzeak lagundu dezake zerbikaletako eta barailako arazoak ekiditen

Hilabete honetan, ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainak burko eta koltxoi onak aukeratzearen garrantzia azpimarratu nahi du, atseden egokia bermatzeko

Fisioterapeutek gomendatzen dute 10 eta 15 zentimetro arteko altuera duten burkoak erabiltzea, eta alergiak sor ditzaketen materialekin, hala nola latexarekin edo lumekin, eginak ez izatea

Burko egokia aukeratzea ezinbestekoa da zerbikaletako eta barailako presioak ekiditeko eta bizkarra eta garezurra zuzen edukitzeko. Euskadiko fisioterapeutek ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren barruan adierazi dutenez, hori guztia garrantzitsua da atseden ondo hartzeko.

Horixe gomendatzen dute Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoak, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Andaluziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak. Denen artean, atseden egokia bermatzeko koltxoia eta burkoa nola aukeratu azaldu dute azaroko bideo-gomendioan: https://youtu.be/k2IeD1Y5E2M

Hain zuzen, Euskadiko fisioterapeutek adierazi dutenez, zenbat eta ahulagoak izan pertsona baten zerbikalak, orduan eta garrantzitsuagoa izango da burkoak garezurrari ondo eustea, bizkarrezurraren parean. Burko egoki batek arnasa ondo hartzea ahalbidetu behar du, bizkarrezurra zuzen mantendu behar du eta zerbikaletako eta barailako presioak arindu behar ditu.

Horretarako, 10 eta 15 zentimetro arteko altuera duen burko bat aukeratu behar da. Emakumeen kasuan, morfotipoagatik, 3-4 zentimetro baxuagoa izan beharko du. Bestetik, ahal dela alergiak sortzen dituzten materialak saihestu behar dira; esaterako, latexa edo lumak. Horrez gain, fisioterapeuta profesionalek gomendatzen dute, alboz lo eginez gero, zuntz kofadunezko beste burko osagarri bat jartzea belaunen artean, eta, gora begira lo eginez gero, belaunen azpian. Hala, bizkarrezurra tolestea edo bihurritzea saihestuko dugu.

Aldi berean, Euskadiko fisioterapeutek garrantzia ematen diote koltxoia ondo aukeratzeari; izan ere, koltxoia funtsezko elementua da, kontuan hartuta zenbat ordu igarotzen ditugun lo eta zer-nolako garrantzia duen lotan igarotako ordu horiek kalitate onekoak izateak. Hori horrela, fisioterapeutek gogorarazten dute atsedenean adituak direnek gomendatzen dutela koltxoiaren goiko aldearen % 25 bi aldiz leunagoa izatea gainerako % 75a baino. Hala, gorputzeko hezur irtenenak koltxoira egokituko dira, ehun biguneko presioak askatuz, eta, aldi berean, bizkarrezurra buruarekin lerrokatuta eta hankak oinarri sendoagoan edukiko ditugu.

Fisioterapeuten arabera, koltxoia aukeratzeko gure gorputz-masaren indizea (GMI) ere izan behar dugu kontuan: 27tik gorakoa bada, tinkotasun ertainekoa izan behar du, eta 23tik beherakoa bada, berriz, tinkotasun ertain-baxukoa.

Lotarako jarreraren garrantzia

Atseden egokia bermatzeko ezinbestekoak diren beste elementu batzuk gorabehera, lotarako hartzen dugun gorputz-jarrera funtsezkoa da; zehazki, egokiena da gorputz-jarrera horizontalean lo egitea.

Alabaina, kontuan hartzeko moduko salbuespenak ere badaude. Esaterako, arazo kardiobaskularrak dituzten pertsonek burua edo hankak altxatu behar dituzte lo egiteko, baldin eta medikuak hala agintzen badie. Horrez gain, errefluxua dutenek pixka bat inklinatuta lo egin behar dute, oheburukoaren euskarriak pixka bat altxatuta, edo bestela, alboko etzaneran, ezkerraldera begira.

Laburbilduz, askotarikoak dira gorputzak loaren faseak behar bezala betetzea eragiten duten faktoreak, baina lotara joan aurretik ohitura onak izatea, gorputz-jarrera egokia hartzea eta koltxoia eta burkoa ondo aukeratzea funtsezkoak dira atsedenean eragina izan dezaketen arazoak saihesteko.

Berrietara itzultzea