MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak eta Madrilgo, Kataluniako eta Nafarroako elkargoek bideo-gomendio bat argitaratu dute, era horretako ikastaroez eta titulaziorik gabe lanean diharduten gezurrezko profesionalez ohartarazteko
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoak, Madrilgo Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak eta Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” delako kanpainaren barruan, osasun arloko lan finkoa promestuz osasun gaiei buruz han-hemenka ugarituz doazen ikastaroen iruzurrezko publizitateaz ohartarazi dute abuztuko bideo-kontseiluan.
Euskal fisioterapeutek nabarmendu dutenez, ikastaro horiek ez dute inolako gaitasunik ematen osasun arloko ezein lanbidetan jarduteko. Espainian prestakuntza askatasuna dagoela adierazi dute, baina horrek ez dakar, era horretako ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek osasungintzan lan egiteko behar den oinarrizko eta legezko trebakuntza hartzen dutenik, izan ere, benetako profesional sanitarioek unibertsitate mailako karrera ikasi behar baitute, ondorengo pretakuntza etengabean osatuz joango diren gutxieneko ezaguerak hartuko dituztela bermatu eta akreditatu ahal izateko.
Masajean, kiromasajean, akupunturan eta fisioterapeutei dagozkien beste praktika batzuetan trebatzeko ikastaroak, askotan urtebetetik beherako iraupenekoak eta online ematen direnak, ikasleei kabinete pribatuetan, zaharretxeetan eta bestelako zentroetan lan egiteko promesaz iragartzen dira, baina egia esanda, prestakuntza horrek ez die inolako gaitasunik ematen ezen zentro sanitariotan lan egiteko.
Horren haritik, jakinarazi dute, osasun-zentroa bitarteko teknikoak eta instalazioak biltzen dituen multzo antolatua dela, eta bertan lan egiten duten profesionalek, titulazio ofizialari edota prestaketa profesionalari esker, pertsonen osasuna hobetzeko jarduera sanitario espezifikoak egiten dituztela. Osasun-zentroetan, zerbitzu bat edo gehiago egon daitezke, eta horiexek osatzen dute eskaintza asistentziala.
Era berean, fisioterapia-zentroa deritzon unitate asistentzialean, fisioterapeuta bat arduratzen da bere titulazioari dagozkion funtzioak eta jarduerak betetzeaz, betiere helburu prebentibo, hezitzaile edo terapeutiko batez, desgaitasunak dakartzaten gaixotasunei tratamendua emateko, edota eragile fisikoen laguntzaz funtzionaltasuna berreskuratzeko.
Lesioa areagotu edota arazo berriak sorraraz ditzaketen kualifikatu gabeko pertsonen esku ez jartzeko, fisioterapeutek gogoratu nahi diete herritarrei garrantzi handikoa dela tratamendua emango diguna profesional sanitarioa izan dadila eskatzea. Honela, herritarrei Euskadin dauden benetako profesionalak identifikatzen laguntzearren, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) autonomia erakidegoan elkargokidetuta dauden fisioterapeuta guztien zerrenda argitaratu du bere webgunean (www.cofpv.org).
“Terapia alternatiboen” zentroen aurkako salaketak
Hala ere, fisioterapeutek salatu dutenez, Espainian kontrolik eza handia dago “terapia alternatiboak” edota “naturopatia” deritzen praktikei dagokienez. Erregulaziorik ezaren ondorioz, ile-apaindegi baten baimenaz edo naturopata-zentroei dagokien udal baimenaz, aisa asko zabal daitezke kiromasajea, kirol masajea, pilatesa, belargintza eta bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzten zentroak. Zoritxarrez, “baimen” horiek ez ditute bermatzen iragarritako jarduera sanitarioak, eta kasu askotan jarduera hauek kontrol sanitariorik gabe eta erantzukizun zibileko asegururik gabe gauzatzen dira, beste hainbat arau-hausteren artean.
EFEOk, herritarren osasuna sustatu eta prebentzioa lantzeko ezarria duen helburuari jarraiki, jendaurrean salatu izan ditu era horretako zentroetan gertatutako iruzurrezko publizitate kasu guztiak.
Nolanahi ere, egungo legeriaren arabera, salaketa horien bitartez, ikuskaritza baino ez zaio eskatzen Antolaketa eta Ikuskaritzako Zuzendaritza Nagusiari, eta honek egokitzat jotzen baldin badu, publizitatea kentzeko eskatzen dio salatutako zentroari, baina jarduera eten gabe. Hori dela eta, fisioterapeutek lege-araudi espezifikoa sor dezala eskatu diote Administrazioari, era horretako jarduerak kontrolatzeko eta ezagutzarik ezagatik edo nahasmenduagatik gezurrezko profesional horiengana jotzen duten herritarrak babesteko.