MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Apirileko '12 hilabete, 12 osasun-gomendio' kanpainak artrosiari aurre egiteko ariketa fisikoa egitearen garrantzia aztertzen du, berrogei urtetik gorakoen % 43ri baino gehiagori eragiten dion gaixotasuna baita
Ariketa egitea eta pisu egokian mantentzea dira artrosiari aurre egiteko gakoetako batzuk. Artrosia endekatze-prozesua da, belaunen giltzadura-kartilagoan eragiten duena, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) jakinarazi duenez. Era berean, artrosia duten pertsonei gomendatzen zaie konfinamenduaren ondoren eta behin fisioterapia-zentroetan jarduerari berrekinda, fisioterapeutarengana jotzea, baldin eta minik edo lesiorik badago. Profesionalak ebaluatuko ditu haren funtzionaltasuna, indarra, mugimendua kontrolatzeko gaitasuna eta min-mailak, eta pertsona bakoitzaren bizi-baldintzetara eta bizimodura egokitutako ariketa-programak bideratu ahal izango ditu.
Hori da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren apirileko bideo-gomendioaren gogoetako bat. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak kanpaina hori honako hauekin batera egiten du: Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala eta Kantabriako Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala. Hilabete honetan, artrosiaren ondoriozko minei aurre egiteko modurik onenen berri emango dute: https://www.youtube.com/watch?v=FXhLnlTR6Zk
Izan ere, klipean gogorarazten duten moduan, artrosiak berrogei urtetik gorako biztanleen % 43ri baino gehiagori eragiten die, nahiz eta beti ez den agertzen giltzaduretako minarekin. “Gaixotasun hau urteek aurrera egin ahala gertatzen da, eta gaur egun oso ohikoak diren faktoreek larriagotu dezakete, hala nola, atsedenik ezak, estresak, obesitateak, muskuluen ahultasunak eta lesioari buruzko pentsamendu negatiboek”, adierazi du June Ruiz EFEOko presidenteordeak.
Hala ere, fisioterapeutek klipean ematen dituzten gomendioei jarraituz, kasu gehienetan, artrosiak ez du zertan konplikaziorik sorrarazi, baina ehunen konponketa suspertzeko eta indartsu mantentzeko ariketa fisikoa egitearen garrantzia azpimarratzen dute. “Jarduerarik ezak mina areagotzen du, eta, beraz, berreskuratze prozesuan funtsezkoa da gure giltzadurei behar duten ariketa ematea. Puntu horretan, fisioterapeutak aurrera egiteko beharrezko argibideak emango dizkigu”, azaldu du Ruizek.
Ildo horretan, eta kontuan hartuta praktika hori COVID-19aren krisia igaro ondoren bakarrik egin ahal izango dela, fisioterapeutek uretako gimnasia nabarmendu dute prozesuaren hasierako faseetan erabil daitekeen aukera egoki gisa. Izan ere, aukera horrek, belaunek jasaten duten karga murrizteaz gain, mugimendu zabalak egitea ahalbidetzen du, gehiegizko abiadurarik gabe. Horrela, gimnasia egiten dutenen segurtasuna bermatzen da.
Azkenik, gorputz-pisua murriztea beharrezkoa den kasuetan, tartean dauden beste osasun-profesional batzuei ere kontsulta egitera animatzen dute, hala nola nutrizionistari, ariketa osatzen duten elikadura-ohiturak baloratzeko eta bideratzeko egokiena izango baita.