MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren bidez, hilabete honetan, ariketa terapeutikoa eta mugimenduaren erabilera tresna gisa gomendatzen dira behar duten pertsona horien osasun-egoera onari eusteko
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) gogorarazten du ariketa terapeutikoa osasunaren arloko profesionalek, kasu honetan fisioterapeutak, agindu, eman eta arautu dezaketela bakarrik
Urte berrirako asmo on bat da ariketa terapeutiko arautuaren bidez osasuna hobetzea
Ariketa terapeutikoa, betiere fisioterapeuta batek araututakoa, teknika egokienetako bat da adituen jarraipena behar duten patologiak edo lesioak dituzten horien osasuna hobetzeko; hala gogorarazten dute Euskadiko fisioterapeutek “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainan. Izan ere, hilabete honetan praktika horren garrantzia azpimarratu nahi izan dute.
Horixe gomendatzen dute Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO), Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoak, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Andaluziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak. Denen artean, ariketa terapeutikoaren garrantzia eta onurak azaldu dituzte abenduko bideo-gomendioan: https://youtu.be/MTRpYgKfBkQ
Fisioterapeutek abenduko bideoan azaltzen duten moduan, edozein ariketa fisikok osasun-egoera ona mantentzen laguntzen badu ere, batzuetan mina edo baita patologiaren bat ere ager daitezke; horrenbestez, fisioterapeuta batengana jotzea ezinbestekoa izan daiteke horrek paziente bakoitzaren egoerari egokitutako ariketa jakin batzuk agintzeko, izan daitezkeen arriskuak ekiditeko xedez.
Elkargoak gogorarazten du ariketa terapeutikoa behar denean, hori osasunaren arloko profesionalek, kasu honetan fisioterapeutak, agindu, eman eta arautu dezaketela bakarrik. “Mugimenduaren erabilera tresna terapeutiko gisa fisioterapeutaren lan esklusiboa da eta izan behar da”, adierazten du EFEOko presidenteorde June Ruiz fisioterapeutak.
URTE BERRIRAKO ASMO ONAK
Zentzu horretan, EFEOk azpimarratu du Gabonetan nolabaiteko gehiegikeriak egiten direla, eta horiek egunerokoaren faktore batzuei gehituta (estresa, mugimendu eza, sasoi oso onean ez egotea edo posturak, adibidez), ondoeza eta lesioak ere sor ditzaketela.
Kasu horietan, fisioterapeuta aditu batengana jotzea gomendatzen da, miaketa sakona eta dagokion balorazioa egin ondoren, pertsona bakoitzarentzat egokiena den ariketa aginduko duena, bakoitzaren min edo lesioaren arabera.
Bestela esanda, EFEOk bideoaren bidez azaltzen du ariketa terapeutikoak funtzio zehatza, maiztasun espezifikoa eta dosi egokia dituen eta min jakin baterako agintzen den pilula batek bezala funtzionatzen duela. Hortaz, botika jakin batzuk medikuntzako aditu baten jarraipenik gabe hartzen ez ditugun bezalaxe, ezin ditugu ariketa terapeutiko jakin batzuk egin fisioterapeuta baten agindu eta kontrolik gabe.
Hitz batez, Euskadiko fisioterapeutek gogorarazten dute osasuna urte berrirako asmo on bat dela, eta gomendatzen dute bizimodu sedentarioa bazter uztea, mugimenduaren eta ariketa fisikoaren alde egitea eta aldizka fisioterapeutarenera joatea. Gomendio horiek bizi-kalitatea hobetzeko apustu ziurra dira.