HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2020 // 05 // 06 - EFEO-K PRENTSA AHORRA



Euskal fisioterapeutek adierazi dute arriskutsua dela osasun-arlokoak ez diren langileek artatzea haurren kirol- elkarteetan gertatzen diren lesioak

Abuztuko ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainak azpimarratzen du garrantzitsua dela kirol-elkarteetako haurren kategorietan arreta ematen duten profesionalen tituluak eta ziurtagiriak benetakoak direla egiaztatzea

Fisioterapeutek gogorarazi dute jarduera fisikoa eta kirola aukera paregabea direla haurrei kirolak berezko dituen balioak helarazteko, hala nola talde-lana, hobetzeko gogoa eta ohitura osasungarriak

Euskal fisioterapeutek adierazi dute hainbat kirol-elkartetako haurren kategorietan lesioak artatzen dituzten langileak ez direla osasun-arlokoak, eta hori arriskutsua izan daitekeela.

Hori da ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren abuztuko bideo-gomendioaren gogoetetako bat. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) hauekin batera egiten du kanpaina hori: Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala eta Errioxako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala. Hilabete honetan, haurren kirol-elkarteetako osasun-langileek zer titulazio duten egiaztatzearen garrantzia azpimarratu dute: https://www.youtube.com/watch?v=ALVxk2Yt5og

Hala, fisioterapeutek haurren zenbait kirol-elkartetan askotan ikusten den egoera baten berri eman dute; izan ere, elkarte horietako askotan osasun-arlokoak ez diren langileak aritzen dira kasuan kasuko jarduera gauzatzean adingabeek jasaten dituzten lesioak artatzen.

“Zoritxarrez, askotan ikusten ditugu halako egoerak haurren kirol-elkarteetan; haurrei arreta ematen dieten langileak ez dira osasun-arlokoak izaten, “masajistak” baizik, eta ez dute izaten fisioterapiako titulurik, ezta lesioak tratatzeko ezagutzarik eta lege- estaldurarik ere”, azaldu du EFEOko presidenteorde June Ruizek.

Horrekin lotuta, Ruizek adierazi du jardunbide horiek oso arriskutsuak direla; izan ere, “askotan gurasoek ez dute egoeraren berri izaten eta beren seme-alaben kirol-elkarteek baliatzen dituzten zerbitzuekin fidatzen dira, seme-alaben osasuna arriskuan jartzen ari direla jakin gabe”.

Hori dela eta, EFEOk gurasoei gomendatzen die osasun-langile arduradunen izen-abizenak eta titulazioak eskatzea beti elkarteei, titulazio horiek benetakoak direla egiaztatu ahal izateko probintzia bakoitzeko elkargo profesionalen webguneen bidez. “Elkargo guztiek eskaintzen dute elkargokide-zenbakiaren edo izenaren arabera bilaketa egiteko aukera, baina informazioa telefonoz ere eska daiteke”, gehitu du Ruizek.

Titulurik gabeko langileak direla egiaztatuz gero, idatzi bat helarazi behar zaio elkarteko zuzendaritzari, egoera salatzeko eta adierazteko adingabeei arreta emango dieten langileek osasun-langile gaituak izan behar dutela. Langile horien artean fisioterapeuta batek egon behar du beti.

Berrietara itzultzea