HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2017 // 04 // 27 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Fisioterapiak ohean dauden pazienteen bizimodua hobetu eta atrofia muskularra, zurruntasun artikularra eta tronbosien agerpena prebenitzen ditu

Euskal fisioterapeutek “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainari dagokion apirileko bideogomendioa zabaldu dute, eta bertan, ohean ordu asko igarotzen dituzten pazienteen gorputzjarrerak erregulartasunez eta behar bezala aldatzeak duen garrantzia nabarmendu dute

Arnas-fisioterapiako teknikak funtsezkoak dira horrelako pazienteengan sortu ohi diren zenbait konplikazio saihesteko

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) kontseilu erraz batzuk eman ditu oraingo bideo-gomendioan, zaintzaileek pazienteak behar bezala mugiarazi eta sorbaldako arazoak ekidin ditzaten

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainako bideo-kontseilu berri bat aurkeztu du gaur, Madril, Katalunia, Galizia eta Nafarroako fisioterapeuten elkargoekin batera. Oraingo honetan, euskal fisioterapeutek gogoratu dute, fisioterapiako tekniken aplikazioak atrofia muskularra, zurruntasun artikularra, zainetako tronbosien agerpena eta ohean dauden pazienteengan sortu ohi diren bestelako arazoak prebenitzen laguntzen duela.

June Ruíz Orcajo EFEOko presidenteordeak adierazi duenez, “ohean dagoen pazientek era askotako konplikazioak izan ditzake: eskarak, arnasbideetako infekzioak, zainetako tronbosiak edota atrofia muskularra. Gorputz-jarrerak aldarazteak ohean mugitu ezinik dagoen pazientea mobilizatzea du helburu, horrelako konplikazioak saihestearren”

Euskal fisioterapeuten kontseilu berri hau ohean dauden pertsonen etxeko zainketa egiteaz arduratzen diren zaintzaile ezprofesionalei zuzenduta dago, horrelako pazienteei eragin beharreko gorputz-jarreren aldaketak erraztuko dizkieten teknika eta gomendio erraz batzuk iradokiz.

MUGIMENDUA EGIN AURRETIK

Zaintzaile profesionalek eta ez-profesionalek pairatzen dituzten lesioetako asko, mugitu ezinik dauden eta gorputz-jarrerak aldatzeko beste norbaiten laguntza behar duten pazienteak mugiaraztean gertatzen dira. Pazientea mugiarazteko orduan, ondo kontuan hartu behar dira jarraibide biomekaniko hauek: sorbalda zuzen mantentzea, hankak tolestea maniobra egitean, gorputza lagundu beharreko pertsonari hurbiltzea, oratzearen segurtasuna bermatzea, zaintzailearen sostengu-oinarria handitzea (hankak dexente zabalduz eta oin bat egin beharreko mugimenduaren norabidean jarriz eta beste zertxobait tolestuz mugimendua errazteko).

GORPUTZ-JARRERAK ALDATZEA, NAHITAEZKOA

Lehenengo jarraibideetako bat gorputz-jarreren aldaketa horiek erregulartasunez egingo direla bermatzea da. Euskal fisioterapeutek pazienteak bi ordutik beherako denbora-tartean mugiaraztea gomendatzen dute, presioaren ondoriozko ultzeren edo eskaren agerpena saihesteko. Eskaren aurkako koltxoi bereziak erabiltzeak ere horrelako ultzeren agerpena prebenitzen du, presioa gorputz-azalera eta hezur-egitura osoan zehar banatzen baitu, horrelako egoerak saihestuz.

Era berean, garrantzi handikoa da pazientearen elikadura zaintzea. Proteinen eta bitaminen kontsumo egokia bermatuko duen dietak batek eta behar bezala hidratatuta egoteak arestian aipatutako arazoen agerpena prebenitzen laguntzen du. “Gainera, higiene zuzena behar da, larruazalaren alderdirik delikatuenak ondo lehortuta mantenduz eta, krema berezien erabileraren bitartez, larruazalaren hidratazio egokia lortuz. Kuxinak erabiltzea eta antzeko teknikak oso lagungarriak izan daitezke gorputza behar bezala lerrokatuta mantentzeko”, azpimarratu du June Ruíz Orcajok.

ARNAS-FISIOTERAPIA, FUNTSEZKOA

EFEOko presidenteordeak ohartarazi duenez, kontseilu hauez gain, arnas-fisioterapiako tekniken aplikazio zuzenak “arnaspatologiak saihesten eta bronkioetako sekrezioak hobetzen laguntzen du”.

Apirileko bideo-gomendioak, halaber, gorputz-jarreren aldaketak egiterakoan pazienteak behar bezala mugitzeak duen garrantzia nabarmendu du. Maindireak erabiltzea eta, ahal dela, pazienteari lepotik edo besoetataik ez heltzea ondo kontuan hartu beharreko jarraibideak dira, pazientearen posizioa aldarazteko sorbaldetan eta aldaketan bultz eginez.

Berrietara itzultzea