MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Urte-sasoi honetan ohikoak diren gripe- eta katarro-prozesuetatik errekuperatzeko fisioterapiak egin ditzakeen ekarpenak erakustean zentratu da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina otsailean.
Euskal fisioterapeutek gomendatzen dute diafragmako eta saihets-parrillako arnasketa-ariketak egitea, espektoratzea, eztula kontrolatzea eta arnasa hartzean eta botatzean inplikatutako muskulatura aktibatu eta erlaxatzea ahalbidetuko dutenak.
Fisioterapiak lagundu egiten du gripe- eta katarro-prozesu bat pairatu duenaren egoera fisikoa eta gogo-aldartea hobetzen; izan ere, azkartu egiten du neguan hain ohikoak diren sasoiko afekzio horietatik errekuperatzeko prozesua, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren baitan otsailean emandako gomendio-bideoaren arabera.
Hori da fisioterapeuten hainbat elkargok (Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoak, Madrilgo Komunitateko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak) otsaileko bideo-gomendioan emandako gako nagusia, bideoan fisioterapiak gripe- eta katarro-prozesuei egin diezaiekeen ekarpenen inguruko aholkuak ematen baitituzte: https://www.youtube.com/watch?v=RTCp67GeWvk
Euskal fisioterapeutek bideoan azaltzen dutenez, neguak berezko dituen gaixotasun horiek pairatzean arnasteko arazoak nahiz eztula, espektorazioa, sudurreko kongestioa eta muskulu eta artikulazioetako mina ere izan ditzakegu. Horrek guztiak “are astunagoa egin dezake errekuperazio-prozesua, zeinak kasu gehienetan zazpi eta hamar egun bitarteko iraupena izaten duen” gehitu du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko presidenteorde June Ruizek.
Zehazki, gripe, katarro edo pneumoniatik eratorritako min horietako batzuk saihesteko, fisioterapeutek diafragmako eta saihets-parrillako arnasketa-ariketak egitea gomendatzen dute. Hala, ariketa horiek espektoratzen, eztula kontrolatzen eta arnasa hartzean eta botatzean inplikatutako muskuluak aktibatzen eta erlaxatzen lagunduko digute.
Gainera, altxatzea eta etxetik maiz ibiltzea ere gomendatzen dute, artikulazioetako mina larritu ez dadin. “Prozesu iragankor horiek pairatzen ditugunean, ordu asko ematen ditugu ohean edo sofan etzanda, eta, beraz, mugitzea, posturaz aldatzea eta etxetik pasiera txikiak emateak bizkarreko mina saihesten lagun dezake, bereziki gerrialdeko mina” adierazi du Ruizek.
Bestalde, oso lagungarria da besoak tolestea, luzatzea eta abduzitzea, baita lepoa ere; komenigarria da errotazioak txandakatzea, lehenik eskuinetik ezkerrera eta gero goitik behera. Ariketa horiek seiko serietan, 30 segundoko sekuentzietan eta lau aldiz egunean egitea oso lagungarria da sasoiko afekzio horietatik erator daitezkeen beste arazo batzuk saihesteko orduan.
Azkenik, Euskadiko fisioterapeutek progresiboki ohiko jardueretara bueltatzea gomendatzen dute, eta fisioterapeutaren kontsultara berriz joatea baldin eta bizkarreko minak edo arnasteko zailtasunak, sasoiko gaixotasun horietan hain ohikoak direnak, jarraitu egiten badute, behin prozesuak gainditu direnean.