MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Hori da azaroko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren gai nagusia
Fisioterapeutek gizartea sentsibilizatzeko beharra defendatzen dute, diziplina horrek hezkuntza-esparruan duen garrantzia uler dezan
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) hezkuntzako fisioterapeutaren figura nabarmendu du, premia bereziak dituzten ikasleek garapen osoa eta bizi-kalitate altuena lor dezaten. Dena den, honako hau ziurtatu du: gizartean duten ikusgarritasuna gehiago indartu behar dela, haien funtzioa hobeto ezagutzeko.
Hori da ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren azaroko bideo-gomendioaren gakoetako bat. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) hauekin batera egiten du kanpaina hori: Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala eta Errioxako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala. Klipera honako esteka honen bidez sar daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=rO-jV7y32Ng
Hezkuntzako fisioterapeuta
Azaroko bideo-gomendioak azaltzen duen moduan, hezkuntzako fisioterapeuta hezkuntza-egituretan integratuta dago, behar bereziak dituzten (gehien bat desgaitasun fisikoetara eta mugitzeko desgaitasunetara lotutakoak) ikasleen curriculumerako sarbidea errazteko.
Gainera, profesional horiek honako hauetan egin dezakete beren lana: hezkuntza-orientazioko edo orientazio psikopedagogikoko taldeetan, haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentroetan, hezkuntza bereziko zentroetan, ohiko ikastetxeetan eta institutuetan eta desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien irabazi-asmorik gabeko erakundeetan.
Era berean, bideo-gomendioak adierazten du hezkuntzako behar bereziak dituzten ikasleei emandako fisioterapia-arreta zuzena edo zeharkakoa izan daitekeela. Bigarren kasua adingabe horien arretan esku-hartzen duten beste profesional batzuekin egindako lankidetzan oinarritzen da.
Hortaz, zeharkako arretak diziplina anitzeko talde baten barruko ekintzak biltzen ditu, hala nola fisioterapia bidezko tratamendua emateko beharrak ebaluatzea ahalbidetzen duten protokoloak ezartzea, gaitasun fisikoak baloratzea eta desgaitasuna duten ikasleen inguruan egokitzapenak proposatzea eta profesionalei eta familiei tartean dagoen ikaslearen berri ematea, besteak beste.
Ildo horretan, EFEOko presidenteorde June Ruizek honako hau ziurtatu du: “hezkuntzako fisioterapeutek desgaitasuna duten ikasleekin egiten duten lan handiaren xehetasun hauekin, behar bereziak dituzten haur guztien ongizaterako, bizi-kalitaterako eta garapenerako duen garrantzia nabarmentzen da”.
“Hilabete honetako bideo-gomendioa oinarrizko gai honi eskaini nahi izan diogu; izan ere, figura horren garrantzia zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta familia, zentro eta desgaitasun-erakundeetako profesional gehiago ohartuko dira fisioterapiak adingabe horien bizitzaren parte izan behar duela. Dena den, askotan, ezjakintasunaren ondorioz, beranduago jarduten hasten da, eta, horren ondorioz, esku hartzeko denbora oso baliotsua galtzen da”, azaldu du Ruizek.
‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio´ kanpaina
“12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpaina Madrilgo Elkargoko, Kataluniako, Euskadiko, Nafarroako, Galiziako, Valentziako Erkidegoko, Kantabriako eta Errioxako fisioterapeuten elkargo profesionalen ekimena da. Helburu gisa du ohitura txarrek sortutako lesioak saihestea. Horretarako, animazioko film labur batzuk egiten dituzte eta hilean bat argitaratzen dute hainbat euskarriren bidez (sare sozialak eta hedabideak, besteak beste).