MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Hilabete honetan, “12 hilabete, 12 osasun-aholku” kanpainaren xedea da udako oporretako irteera-operazioko bidaietan atseden hartzeak eta luzaketak egiteak duen garrantziari buruzko kontzientzia sortzea.
Uztail bukaerako eta abuztu hasierako irteera- eta itzulera-operazioak oso hurbil ditugu; egun horietan trafiko handia egoten da errepideetan, eta bidaia luzeak egiten dira. Hori ikusita, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (COFPV), Madril, Katalunia, Nafarroa, Galizia, Andaluzia, Valentziako Erkidego eta Kantabriako bere homologoekin batera, “12 hilabete, 12 osasun-aholku” kanpainaren uztaileko bideo-aholkua erabiliko du herritarri ulertarazteko oso garrantzitsua dela neurriak hartzea autoan gutxiago nekatzeko eta giharretako arazoak ekiditeko.
Eserlekuan jarrera aldatzea, giharrak luzatzea eta bi orduan behin atseden hartzeko geldialdiak egitea aholku nagusiak dira errepideko trafiko-istripuak saihesteko; halaxe azaldu dute zenbait fisioterapeutek "12 hilabete, 12 osasun-aholku" kanpainako uztaileko bideo bidezko aholkuan.
Bideo-aholku hori https://youtu.be/H5wySF21QTs helbidean ikus daiteke, eta gogorarazten digu garrantzitsua dela bidaia aurretik prestatzea, trafiko handieneko orduak saihesteko. Horrez gain, garrantzitsua da bi orduan behin gelditzea, atseden hartzeko, baita mugikortasun aktiboko ariketak eta luzaketak egitea, gidatzeko erabiltzen diren giharrak (lepoa, sorbaldak, hankak, etab.) erlaxatzeko. Horrez gain, eserlekuan jarrera aldatzea eta giharrak erlaxatzeko ariketak egitea ere gomendatzen da, bizkarreko mina ekiditeko, kontzentrazioa ez galtzeko eta gutxiago nekatzeko, oro har.
“Nekea faktore garrantzitsua da istripuetan. Hori saihesteko, atseden hartzeaz gain, funtsezkoa da otordu oparoegiak, alkoholdun edariak eta kafeina bezalako estimulatzaileak ekiditea, baita behar beste hidratatzea ere”, gogoratu du June Ruizek, COFPVeko zuzendariordeak.
Gidatze ergonomikoa
Beste alde batetik, June Ruizek azpimarratu du beharrezkoa dela modu ergonomikoan gidatzea; horretarako, bolanteari bi eskuekin eutsi behar diogu, eta distantzia egokian eseri, hau da, besoak luzatuta ditugula eskumuturrak bolantearen goiko aldean gelditu behar dira. Halaber, buru-euskarria begien erdiko altueran jartzea komeni da.
“Bizkarraldea kontuan hartu beharreko beste elementu bat da; ez da zuzenegi egon behar, ezta etzanegi ere, eta besoak eta ukondoak behar bezain zuzen izan behar ditugu. Horrez gain, gidatzean gidariaren eskuineko belauna aske joatea gomendatzen da, eta ibilgailuaren barruko aldean ez pausatzea; horrela, hankak inurritzea ekidingo dugu”, gomendatu du euskal elkargoko zuzendariordeak.
Halaber, ibilgailuan sartu eta handik ateratzean minik ez hartzeko, fisioterapeutek lehenik pelbisarekin sartzea gomendatzen dute, eserlekuan eseri eta, puntu finko bat dugula, hankak sartu. Autotik ateratzeko, gauza bera, baina alderantziz. Gainera, ekipajea maletategian sartu eta bertatik ateratzean bizkarra zuzen izan behar da.
Ez atera besoak eta eskuak leihotik, lotu segurtasun-uhala eta erabili haurrak lotzeko sistemak, ez kontsumitu alkoholik edo drogarik eta ez erabili telefono mugikorra; horra kontuan hartu beharreko beste aholku batzuk.
“Laburbilduz, helburua da gidatzean lesioak eta, batez ere, trafiko-istripuak saihestea, horiek osasun publikoaren arloko arazo handia baitira eta ondorioek tratamendu luzeak behar izan ditzakete; baita, kasu batzuetan, bizi osoko arreta ere”, adierazi du June Ruizek.
Trafiko istripuetako lesiorik ohikoenak, makatuez gain, traumatismo kraneoenzefalikoak eta hainbat larritasun-mailako hausturak eta polihausturak dira.
Autozko bidaiez gain, uztaileko bideo-aholkuak hegazkinez egiten diren bidaiei ere arreta jartzen die. Hala, hegaldi luzeetan, “turista-klasearen sindromea" izeneko gaitza saihesteko, honako ariketa hauek egin daitezke: oinak zentimetro batzuk altxatu lurretik eta hanken pisuari eutsi, lepoa, sorbaldak eta orkatilak mugitzeko ariketak egin, edo ahur bat bestearen kontra sakatu, bularraren parean, presio intermitentea eginez, besteak beste.