HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK

HERRITARAK

ALBISTEAK

BERRI NABARIAK

2018 // 06 // 26 - EFEO-K PRENTSA AHORRA

Mugikorrak edo ordenagailu eramangarriak erabiltzean hartzen den jarrerak bost aldiz handitzen du buruaren pisua

• Horregatik, “12 hilabete, 12 osasun-aholku” kanpainak egunero ariketa batzuk egitea gomendatzen du, muskulatura zerbikala indartzeko eta lesioei aurrea hartzeko

“12 hilabete, 12 osasun-aholku” kanpainak, ekaineko bideo-aholkuaren bidez, azaltzen du mugikorrak edo ordenagailu eramangarriak erabiltzean hartzen den jarrerak bost aldiz handitzen duela buruaren pisua. Horregatik, kanpainaren protagonista diren fisioterapeutek egunero ariketa batzuk egitea gomendatzen diete herritarrei, muskulatura zerbikala indartzeko eta lesioei aurrea hartzeko.

Izan ere, ekimen hau gauzatzen ari diren adituek ziurtatzen dutenez, burua aurrerantz 30 gradu makurtzeak lepoak 18 kilo inguruko pisua jasan behar izatea dakar, 45 graduko makurdurak 22 kilo eta 60 graduko gehieneko makurdurak 27 kilo; hau da, batezbesteko buru batek pisatzen duena 5 aldiz.

Kanpaina hau Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialaren eta haren Madril, Katalunia, Nafarroa, Galizia, Andaluzia, Valentzia eta Kantabriako homologoen ekimenez egin da, eta helburua da herritarrak sentsibilizatzea ohitura osasungarriak hartzeko hezur eta muskuluetako lesioei aurrea hartzeko, hilero zabaltzen diren animaziozko film laburren bidez.

Horrela, ekainean, parte hartzen duten elkargoek beste bideo-aholku bat bidali dute (https://www.youtube.com/watch?v=XkmdTrcPppU) lepaornoaren inguruko muskulatura zaintzearen garrantzia azaltzeko, hura baita buruaren eta lepoaren mugikortasunaren arduraduna. Izan ere, fisioterapeutek azaltzen duten moduan, “gune hori kontrakturatua edo tenkatua izateak intentsitate desberdineko minak eragin ditzake, baita bertigoa eta pertzepzio-aldaketak ere besoetan eta eskuetan. Azken horiei parestesia esaten zaie”.

Horregatik, egunero hiru ariketa mota egitea gomendatzen dute. Alde batetik, begiak burua mugitu beharrik gabe mugitzeko gaitasuna lantzea; bestetik, egonkortasun bisuala lantzea, mugimendu zerbikalak eginda alboetara, puntu berberera begiratzeari utzi gabe. Azkenik, gomendatzen dute trapezioa leunki biratzea eta okertzea, metatutako tentsioa txikitzeko.

Ariketa horiek egin ondoren, adituek eskapulako muskulu jasotzailea luzatzea gomendatzen dute, horrek eragiten baitu tortikolisa jarrera desegokietan lo egitean.

Zerbikalak zaintzeko beste aholku batzuk

Fisioterapeutek gogorarazten dute zerbikalak zaintzeko garrantzitsua dela lepoarekin egiten diren mugimenduak leun egitea eta astinaldi zakarrak saihestea. Horrez gain, gomendatzen dute eskuleku bakarreko poltsa handien ordez motxilak edo poltsa gurutzatu txikiak erabiltzea. Gainera, pisua jaso behar denean, bi besoetakoa orekatzea gomendatzen dute.

Era berean, toki altuetan dauden objektuak hartu behar direnean bankuak edo eskailerak erabiltzea gomendatzen dute, burua atzerantz ez makurtzeko, buruz behera edo burko altuegiekin lo ez egitea, eta telefonoa eskuarekin eustea hitz egiten ari garenean, eta inoiz ez sorbaldarekin eta belarriarekin.

Bestalde, gomendatzen dute ohean telebista ikusi edo irakurriz gero, eserita jartzea, kuxinak erabilita, eta inoiz ere ez egotea lepoa altxatuta. Gainera, aulki batean eserita irakurtzen denean, hala liburu batekin nola gailu elektroniko batekin, jarrera zuzen batean egiten saiatzea aholkatzen dute, burua libururantz tolestu gabe.

Azkenik, ordenagailuan lan egiten duten guztiei gomendatzen diete pantaila begien parean jarri behar dela, eta bizkarra eta lepoa zuzen eduki behar direla, bizkarraldean bermatuta.

Berrietara itzultzea