MENU
HASIERA > HERRITARAK > ALBISTEAK
Maiatzeko “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainak dementzia lantzen du; zahartzean pairatzen den gaixotasun ohikoenetako bat da eta fisioterapia hori tratatzeko eta prebenitzeko lagungarria izan daiteke
Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) azpimarratzen du gaixotasuna ez dela zahartzearen ezinbesteko ondorioetako bat, eta hori prebenitzeko aintzat hartu ditzakegun faktoreak daudela
Fisioterapeuta batek bideratutako ariketa terapeutikoak, zahartzean zehar gaixotasuna ikuskatzearekin batera, dementzia bezalako endekatze-prozesuak pairatzeko arriskua murrizten du. Hori adierazi du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO).
Hori da “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren maiatzeko bideo-gomendioaren gogoetako bat. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak kanpaina hori honako hauekin batera egiten du: Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoa, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala eta Kantabriako Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala. Hilabete honetan, bizitzako azken etapetan dementziaren agerpena eta hori nola prebenitu landuko dugu: https://www.youtube.com/watch?v=5XxziSvy4iQ
Horrez gain, euskal fisioterapeutek azpimarratzen dute ariketak gorputzeko beste alderdi batzuk indartzeko balio dezakeela, hala nola erorikoak ekiditeko oreka eta indarra, gogo-aldartea hobetzea, mugikortasuna edo independentzia. “Zure fisioterapeutarekin ariketa egitea, gainera, mina eta gaixotasun kardiobaskularrak pairatzeko arriskua murrizteko baliabide ona da, eta, era berean, oso baliagarriak diren onurak ekartzen ditu”, adierazi du Jone Ruiz EFEOko presidenteordeak.
Dena den, adierazi dute dementzia ez dela zahartzaroak nahitaez dakarren gaixotasun bat; izan ere, hainbat ikerketak adierazten dutenez, nahiz eta gaixotasuna sortzen duten faktoreen % 65ek ez duen loturarik pertsona bakoitzaren ekintzekin (adina, sexua, genetika), gainerako faktoreen % 35ean bai eragiten dutela pertsona bakoitzak gaztaroan, adin ertainean eta zahartzaroan izandako jokabide edo ohiturek.
Beraz, gaztaroan ikasteak dementzia pairatzeko arriskua % 8an murrizten badu ere, adin ertainean entzumena galtzeak % 9an areagotzen du, hipertentsioak % 2an eta obesitateak % 1ean. Adinekoen kasuan, erretzeak dementzia izateko aukerak % 5ean handitzen ditu, depresioak % 4an, ariketa fisikorik ez egiteak % 3an, gizarte-isolamenduak % 2an eta diabetesak % 1ean.
“Datu horiek gogorarazten digute gure bizitza osoan zehar ohitura osasungarriak izan behar ditugula, eta egunerokoan ariketa fisikoa egitea oso garrantzitsua dela; izan ere, etorkizunean horrek gaixotasun asko ekidin ditzake, horien artean, dementzia”, azaldu du Ruizek.
Dementzia sindrome bat da eta memoria, adimena, jokabidea eta eguneroko jarduerak egiteko gaitasuna narriatzea dakar. Zehazki, kasu gehienetan (% 60-70) Alzheimer gisa agertzen da dementzia, eta mundu osoan adinekoengan desgaitasuna eta mendekotasuna eragiten duen arrazoi nagusietako bat da.